Iragazkortasunaz

11 January 2009

Bizilagunak gorrotatzea da errazena. Batez ere zurezko etxeetan. Ozen mintzatzen direlako, bachata gogaikarri hori jarrita dantza egiten dutelako goizeko ordubietan; haien zakurrek zaunka eta intziri egiten dutelako desorduetan, ez dakitelako auzoek danbatekorik eman gabe aterik ixten. Bi buelta ematen dizkiolako bakoitzak bina sarrailari, zartailuz jota bezala. Lapurretara etorrita ere... tipulinen ordez diamanteak bagenitu legez hozkailuetan gordeta! Eta, egiaz, daukaguna dira: paperezko paretak –teloiak apenas– eta bizilagunei nahi eta nahi ez entzun beharreko sesioak (bikoitzak batzuetan: beti da gurean ikuslearen eguna –entzulearena, hobe esan–). Auzoen bozak badu kontzientziaren ahotsarekin parekotasunik. Oihartzun gertu horiek, nondik datoz? Egurrezko zutabeetan gora ala lurretik? Goiko solairutik ala albokotik? Ondoko ezkaratzetik ala norberarenetik? Bai, gorroto ditut zurezko etxeak, hain iragazkorrak. Gorroto dut  nire hau.

            Batzuetan, baina, adiskidetu egiten gara egurrezko ganbara zaharrekin. Lau gela dituen bihotz hori zurezkoa dela pentsatzeraino, eta ez buztinezko bihotz. Ezustean, goizeko isiltasunean, Izarren hautsa ekarri dit gaur zurak habeetan gora Laboaren ahotsean.  Gu sortu ginen enbor beretik. Harri eta zur geratu naiz, kantua nondik datorren atzeman nahian. Mentalki errepasatu ditut ene bizilagun guztiak, baina arrastorik ezin atera nork jar ote lezakeen kantua. Amaitu denean, neronek ipini dut Izarren hautsa. “Hemen nago, entzun zaitut, txanda...”.  Isiltasuna berriz. Bizilagun ezezaguna ere –kontzientziaren ahotsa?– harritu egingo zen, nonbait. Não es tu facultade de sentir hautatu du niri erantzuteko.  Bentatik bentarako gonbitea egin diot nik gero. Eta elkarri kantuak jartzen jarraituko bagenu, goiz osoan? Baina ez da nire bentara inor igo. Isiltasuna berriz. Hor amaitu da kantu-hizketa.

Joan direnen ahotsa omen da ahazten dugun lehen gauza. Eta kantariak dira, ziur aski, ahaztura horri aurre egiteko ahalmena duten bakarretarikoak. Zutik mugiezin geratu naiz Izarren hautsa entzutean, bat-batean sustraiak atera izan balitzaizkit bezala, horixe da egia. Hori dute sustraiek: ezustean sortzen direla. Zenbat jendek ez du ihes egin nahi izan bere sustraiek usteltzean sortzen duten kiratsetik? Baina erauzi arren atera egiten zaizkie berriz. Utikan munduko hiritarrak: behar dira koordenada batzuk.  Esateko moduan: “Halako baserritakoa zara zu...”. “Bai, Laboakoa”. Eta aitonak harrizko petrilean eserita –petrila bai, harrizkoa da– buruaz baietz, “banengoan ba ni, asmatu diat!”. Hasieran amorrua, identifikatu gaituztelako: txoriago nahi genuke. Gero, urteekin, samurtasun suerte etsi bat. Eta geroago, poza. Edo harrotasun isila. Bai, halaxe naiz. Ni hemengoa naiz. Euskalduna auskalo, baina Laboakoa seguru baietz. Eta Letekoa apur bat. Eta Atxagakoa. Eta Sarrikoa. Zakurraren salara deitzen nautenean, azken judizioan soinu probak egiteko eskatzen didatenean, haiei  ikasitako ahapaldiren bat xuxurlatuko dut.

            Barka lirika gaindosia irakurle, baina irrikatzen dugun zeruari sustraiak txertatu beharra dago tarteka. Horregatik, norbaitek galdetzen badu nongoa naizen, esan Laboako mutila naizela. Zakurrek ere ezagutzen nautela han, horregatik ez didatela zaunkarik egiten.

            Kantu-hizketan, iragazkor, umorerik galdu gabe.  Asteak joan arren, lur eta sustrai zaporeko ardo beltzarekin topa egiten jarraitzen dugu,  Mikel, zurea ere baden zurezko gure etxetik.

Argia aldizkarian