Némirovskyren larruzko maleta

19 de Diciembre 2008

Datorren urteko martxoaren amaierara arte ikusgai dago New Yorkeko Museum of Jewish Heritage eraikinean, Irène Némirovsky eta haren Suite française maisulanari buruzko erakusketa. Erakustareto xumean, beste hainbat azalpen, bideo eta objekturen artean, liburuaren eskuizkribua aurkitu zuteneko larruzko maleta dago ikusgai. L.N., Irèneren aita Leon Némirovksyren inizialak ditu grabatuak, harena baitzen jatorriz maleta karratua. Idazlea eta bere senar Michael Epstein naziek atxilotu eta erail ondoren ere, hainbat urtez ireki gabe zaindu zuten alabek larruzko maleta, hura irekitzeko zeregina haren jabeari –euren amari, eta ez beste inori– zegokiolakoan. Ama berriro ikusteko itxaropenari heldu nahi zioten bi ahizpek, kosta lain kosta. Denise eta Elisabeth Epsteinek, ama desagertu eta handik hainbat urtera, oraindik ere Irène Errusian bizirik irudikatzen omen zuten. Amnesia zen, nonbait, ama haiengana ez itzuli izanaren arrazoia, umeen irudimenean. Zentzugabea ala ez, zerbaiti behar zaio heldu.

Maleta irekitzerako urteak pasa baziren, esku artean zuten altxorraren kontzientzia izan eta hura publiko egiteko erabakia hartu zutenerako igaro zen tartea ere ez zen txikiagoa izan. Alabek ezin zioten –nola bada?– eskuizkribuari literatur lan huts bati bezala hotz-hotzean begiratu. Orrialde horiztatu haiek irakurtzera apenas ausartu ziren  hilabete luzetan. Fetixe hunkigarri bati bezala so egiten zioten: urdinez idatzitako koaderno mardula, nobela bat ez, amaren egunerokoa zela pentsatu zuten hasieran. Ikusminak baino gehiago pisatu zuen irakurritako hark sor ziezaiekeen izuak.

Zer esan maletan zegoen eskuizkribuari buruz? Zaila da hura begien aurrean duzunean durduzadurarik ez sentitzea. Urdin biziz idatzia –ozeano-urdina deritzon kolorez idaztea gustatzen bide zitzaion Irène Némirovskyri–, ihesian doanaren presa eta tentsioa nabari dira haren kaligrafian, paperik gabe geratzeak sortzen zion beldurrarekin batera. Ezker-eskuin eta goitik behera, zuriunerik txikiena ere utzi gabe hitz ttipi eta angelutsuz mukuru daude orrialdeak, zain urdin meharrak dira haren hitzak, idazlearen azken odol bulkaden eroale. Ez dago lerro konprimitu horietan tatxoi gehiegirik; bai, ordea, marra luzeekin erdi-erditik zeharkatutako hitz eta esaldi asko, ezabaturik egon arren irakurgarri. Presak presa eta larritasunak larritasun, idazleak idatzitako atalak irakurri eta zuzentzeko beta atera zuen seinale.

Ez zen bikote arrunta Michael Epsteinek eta Irène Némirovskyk osatzen zutena. Garai hartan ohikoa zenaren kontra, senarra zen emazteari hark eskuz idatzitakoak makinaz pasatzen zizkiona, eta ez alderantziz. Irèneren ogibideari zegokion laukitxoan, honela irakurtzen dugu garaiko agirietan: femme de lettres. Irène Némirovskyren 30. hamarkadako argazkiei begiratu besterik ez dago haren soslai bizizale eta aurrerakoiaren berri izateko: bainujantzia soinean eta ilea solte duela hondartzan zigarreta erretzen, begirada pentsakor (hirurogeita hamargarren hamarkadakoa izan zitekeen potreta, argazki-oinak gezurtatuko ez balu). Ijito hungariarraren eran mozorroturik agertzen zaigu beste erretratu batean. Donibane Lohizunen, Hendaian eta Miarritzen atereak dira argazkietako asko, kontu jakina baita euskaraz ere bazekiela zerbait Némirovskyk, bere umezain edo neskameetako batek hala hitz egiten ziolako.

Denise Epstein alabari egiten dioten elkarrizketaren bideoa da, beharbada,  erakusketako gauzarik interesgarriena. Apenas haren oroitzapenik duten ama horren arrastoak nola bilatzen dituzten argazki zaharretan, urdinez idatzitako lerro estu eta pilatuetan nola bilatzen duten amaren ahots ahantziaren tinbrea. Zirraragarriena baina, gehienetan bezala, kontatu gabe airean geratzen den beste istorio bat da: zergatik atzeratu zuten hainbeste Suite française liburuaren argitalpena? Irèneren alabetako bat, Elisabeth Epstein, editore eta idazle izan zen. Hura ez da bideoan agertzen, duela gutxi zendu baitzen. Eta idazle izanagatik ere, ulertzekoa den bezala, alaba ez zen ama bezain puntako eta estimatua izan. Eman ere, amari buruz idatzitako liburu batek eman zion batez ere ospea. Litekeena da oker egotea, baina Denise Epsteinek sotilki iradokitzen dituen hitzetatik zera ulertu uste izan nuen nik: Suite française berehalakoan argitaratuz gero, amaren azken hilabeteetako biografia fikzionatua den Suite française maisulanak erabat utziko zuela itzalean bere ahizpa Elisabeth Epstein amari buruz burutzen ari zen lana. Elisabethek ondotxo jakingo zuen hori. Horregatik atzeratu ote zuten Suite française argitara emateko eguna?

Literaturaren egia gordinak: maleta bat herentzian utz daiteke, talentua ez.

Territorios gehigarrian