Errepikapenaren bluesa
Bada dioenik blues kantu guztiak berdinak direla. Eta arrazoi du. Berdinak dira blues kantu guztiak, rock kantu guztiak berdinak diren heinean, Requiem meza guztiak berdinak diren heinean, halterofilia jasotzaile guztiak eta Tourreko mendiko etapa guztiak berdinak diren heinean. Blues kantu guztiak berdin-berdinak dira, gizon-emakume guztiak berdinak diren neurrian. Gizon bat, boz bat. Gizon bat, blues bat. Karmelo C. Iribarren poetari neurtitz pare lapurtuz: igual-igualak dira blues kantu guztiak, garrafoiko bi ginebra tanta elkarren ondoan jarrita bezain antzeko.
Konplexutasun mugatua eta egitura zurrun-antza atxikitzen zaie blues kantuei, eta onartu beharra dago badutela horretatik zerbait. Baina errito batek edo alkimia ariketa batek eskatzen duten errepikapenaren erritual horri zor zaio zurruntasun hori. Singularrean zein pluralean erabili (I´m blue; I´ve got the blues), bihotzeko pena intimoak Mississippiko deltaraino kapilarizatu eta norbere tristeziak depresio kolektiboarekin bat egiteko modua da blues musika. Blues kantuen izenburuei erreparatzea aski, tristeziaren baitan gozotasuna bilatzen duten doinu mingotsak direla jabetzeko: Joan Zarenean, Ohe hutsaren bluesa, Naufragioaren bluesa, Espetxeko bluesa… Dena da erorketa gozo, itomen neurtu. Abandonuaren bertan goxoa da bluesa. Baina ironia eta probokazio sentsuala ere ez dabil letretatik aparte: Igorri nazazu aulki elektrikora (paga ezina, Bessie Smithen ahotsean), Azukre apur bat behar dut nire katiluan… Aitortu beharra dago, azken urteotan, literaturak eta zineak, maileguan hartzearen maileguaren hartzez, erabat higatutako hitza bihurtu dela blues... Hainbesteraino ze, askotan, istorio bati zein izenburu jarri ez dakigunean hiri baten izena lotzen baitzaio blues hitzari, horrek Mississippi, Alabama edo Missouri aldeko oihartzunak ekarriko dizkiolakoan istorioari. Ez da, honenbestez, harritzekoa Javier Cánaves poetak Al fin has conseguido que odie el blues izeneko poema liburua argitaratu izana duela zenbait urte. Baina bluesa ez da kexua eta arrangura soilik.
Albert Murray jazz historialariaren arabera, AEBetako esklabutzaren garaian suizidio tasa handiagoa zen esklaboen jabeen artean, esklaboen beraien artean baino. Harrigarria dirudien datu honi Albert Murrayk ematen dion azalpena musika da; zehatzago esanda, bluesa. Bluesak ez ei dauka depresioa etxe batetik egozteko gaitasunik, baina bai musika hori entzuten den gelako txokora goibeltasun hori baztertzekoa. Horrela, zip dokumentu batean bezala, konprimituta geratzen da nonbait tristezia, leku konkretu eta maneiagarri batean, whisky ditare baten barruan bailegoen, eta ditare hori zintzurreratzea aski balitz legez animo beheraldia otoitz katartiko batekin suntsitzeko.
Onartu beharra daukat ez naizela blues elektrikoaren oso zale. Askozaz ere nahiago ditut antzinako blueslariak, gitarra soilez eta noizean behingo metal nagiz lagundutakoak: Hadda Brooks bat, Charley Patton. Azken honi dagokionez, apenas heldu den guganaino Deltako bluesaren sortzaile jotzen den abeslari eta gitarra jotzailearen grabaziorik. Mississippiren bihotzean 1880. urte inguruan jaioa, 1934an hil zen bera, kantuak grabatzeko teknologia Harri Aroan zegoela artean. Inperfektuak izanagatik baina, sinesgabeena ere egur ilunez egindako iluminaziorik gabeko etxaldeetara lekualdatzeko gaitasuna dute bere kantuek. Adi daiteke kriseiluetan petrolioa erretzean sortzen den kirats adiktiboa. Tiranteak eta alkandora zuriak jantzita doaz gizonezkoak, estanpatu koloretsuz emakumezkoak. Charley Pattonen biografia irakurtzen ari naizela, ezagunak egiten zaizkidan bi datu topatu ditut: baga, 1933ko krisi ekonomikoaren erdian, Paramount diskoetxeak erreka jo izanak, zuzenean maizago jotzera derrigortu zuela Patton, bere bihotzeko gaixotasuna gorabehera. Eta biga: uholde batek eragindako txikizioei eskainitako kantu bat dela bere ezagunena (High Water Everywhere). Gaur egungo krisi ekonomikoa, diskoetxeen lantu blueseroak eta hil kanpaiak ekarri dizkit akordura lehenak, eta Katrina urakanak eragindako suntsipena eta hari Elvis Costello eta Allen Toussaint bezalako musikariek emandako erantzuna, bigarrenak (The River in Reverse diskoa argitaratu zuen Costello-Toussaint bikoak, New Orleansko kaltetuentzat dirua biltzeko asmoz).
AEBetako presidente hautatu berriak aldaketa hitza hitzetik hortzera darabilen egunotan, bestelako inpresio batek hartzen dit gain: aspaldiko disko baten B aldea entzuten ari ote garen.
Jackson Five ere itzultzera omen doa. Bada ni,
poz pozik. Hiru biba eta erdi gure etorkizun beltzaren alde. Curtis Mayfield
gogoan: We people who are darker than
blue…