Waits, Tom Waits

18 de Julio 2008

Asko idatzi da Tom Waitsek gaur zortzi Donostian emandako ikuskizunaz. Itxaropen handia ipinia genuen kontzertu horretan, eta halakoetan, jakina, handiak izaten dira dezepzioaren arriskuak ere. Langa oso goian zegoen, prezioa ere bai (“Picasso bat ere garestia da”, entzun genion zale amorratu bati), baina Waitsek ez zuen hutsik egin. Ordaintzeko prest egotea ez zen, oraingoan, nahikoa. Ordu gutxitan agortu ziren telefono bidez baino eros ezin zitezkeen sarrerak, eta urrutiko erosketarekin zorterik izan ez genuenak, nor eros eta nor soborna ibili gara azken asteotan, Tom Waitsen Europako birako lehen kontzerturako sarrera Parnasorako bidaiaren pare ordaintzeko prest. Arima deabruari saltzea ere justifikatuta zegoen.

            Kantaria Kursaalera azaldu zeneko atzerapena erritoaren parte bailitzan jokatu zuen jendeak. Errezel gorri erraldoiei begira entretenitzea geneukan. Eszenatokian zintzilik zeuden neurri ezberdinetako esku-megafonoei begira. Jostailuzkoa zirudien areto-piano beltz txikiari begira. Oholtza gainean koloretako bonbilla dekadentez hornitutako zirkulu erdiari begira (arabieraz idatzitako hitz parea zegoen bertan, lausoturik, ia ez irakurtzeko moduan... Ez zen hura misterio bakarra: gong bat ere bazen han, eta suhiltzaileen aspaldiko sirena metaliko biribil horietako bat lurrean, mailutxo eta guzti). Argiak itzali eta musikarien siluetak ikustea nahikoa, jendea orroaz hasteko. Gau ederra genuen zain. Hala nahi genuen. Halakoxea desio eta espero genuen.

            Onddo kapeluaz eta traje grisez jantzita, botatzar handiekin sartu zen Tom Waits. Eta aurki hasi zen oinez: eszenatoki erdian paratuta hasi ere, bertatik mugitu gabe, lurrean kolpeka, aurrez propio bertan jarritako hautsa harrotuz. Ez da askotan efektu berezi garestirik behar izaten derrepente batean Nevadako basamortuaren erdian sentitzeko. Eta basamortutik kale gorrira, eta kale gorritik kabaretera, eta kabaretetik zirkura, eta zirkutik urrezko euria ari duen orube busti eta lokaztura. Waits buhame aristokrataren konpainian beti. 

            Paregabea da Tom Waitsek hipnosirako duen ahalmena. Pendulua erabiltzen jakin behar: bere ahotsaren leize sakonak piztia zauritutik duena batetik, samur jartzen denean xuxurlatzaile gozo bilakatzeko duen abilezia bestetik. Leizetik xuxurlara, oihutik gozora, bortxazko estridentziatik laztanera, pendularki, horrela joan zen kontzertu osoa, horrela bereganatu zuen publikoa, eta berak nahi zuen lekura eraman. Gizakiak hain bere dituen bi alderdiak ditu Waitsen musikak: basoan zakur deslaien konpainian bakarti eta basati ibili nahia  –oihuka eta jauzika, legerik gabe– eta kariño zibilizatuaren bilaketa, konpainia xeratsuarena, irudimenaren eta maitasunaren bidezko salbazioa. Ispiluan barrena dabilen Alice da Waits, ez zuen alferrik duela zenbait urte, Lewis Carrollen ipuinean oinarritutako musikala egin, Kathleen Brennan emaztearen laguntzaz. Artista handiek bakarrik egiten dakitena egiten du Waitsek: norbere arauak asmatu eta arau horiek bete zein hautsi, beti bere onena eman.

Badu Waitsek predikatzaile beltzetik zerbait. Besoak aurrerantz eta hatz guztiak dilindan, badaki jendearen txalo, txistu, kasketa eta estasi uneak mugimendu xumeekin gidatzen. Predikatzailearenak diren keinu horiek aurki bihurtzen dira, ordea, hegazti errariarenak, bere gorputza makurtu eta besoak hegal bilakaturik hatz guztiek beren kasa dilindan jarraitzen dutelarik.

Adi entzun beharra dago zer dioen kantuen tarteetan. Groucho Marxen bakarrizketa baten erdian balego legez, herrialde ezberdinetan debekatuta dauden gauzen zerrenda egiten hasten denean, kasu (“Frantzian debekatuta dago ezagutzen ez duzun emakume bati musu ematea; beti bidaiatzen dut nire abokatuarekin, zer gerta ere”). Uzkur fama izanagatik, ez zion elkarrizketari uko egin. Arretaz entzun zien kantu hau, eta bestea, eta harako hura eskatzen ziotenei. “Kantu horixe badakit bada!” edota “Aukera ona, aukera ona... baina abesti horietako bat bera ere ez duzue gaur gauean entzungo...” bezalako erantzunak emanez. Gaueko unerik gorenetakoa, piano txikian eseri eta kontrabaxu jotzailearen laguntzaz tempo geldoko piezak abestu zituenean etorri zen. Ia hirurogei urteko gizon bat, ume baten pianoan eserita kantari.

Baina gehiago ere izan zen. Askoz gehiago. Kansasen artoa nola hazten den entzun dezakezula kontatu zuenekoa, ironia handiz. Irudika dezakezue Tom Waits bera, artoak hazi ahala egiten duen soinua imitatzen?

Hori musika hutsa ez bada, etor daitezela Kansasko artaburuak eta esan dezatela zer den.

Territorios gehigarrian