Gau bat Baconekin
Azken urteotan hedatu den joera da: margolari handi baten erakusketa inauguratzen den aldiro, egunkariko argazkilariak giza-kontrastea bilatzen du, ikuslearen soslaia, bisitariaren begirada, koadroari testuinguru bat ematen dion giza figura anakronikoaren kontrapisua. Garai batean pintore horren koadro esanguratsuren batek bereganatuko zuen protagonismoa bete-betean, baina jada ez: hari gutxi iritziko balio bezala, koadroarekin batera, hura ikustera etorri den norbait ehizatzen du guretzat argazkilariak. Ikuslearengana, bere begiradara aldatu da atentzioaren fokoa. Horrela, prentsako argazkietan, XXI. mendeko ama-alabak ikusi ditugu Velazquezen koadro baten aurrean makurturik –alabak bideo-joko bat du esku artean, amak Gucci poltsa–; ikusi ditugu museoetako gidari uniformedunak jende saldoa leziatzen; zaindariak artelanak zaintzen; ikusi ditugu japoniar kameradun harrituak Goyaren koadro ilunenei pop ukitua ematen ileak punta-puntan dituztela (hala etorri dira museora: ez dirudi Goyaren lanaren zirrarak eragin dienik kalpar-harrotze hori). Zertarako baina? “Zeu zara artelana” esan nahi digute, agian? Beharbada 1964an, Godarden “Bande à part” filmeko maitale jostari eta irreberenteak Louvre museoa korrika zeharkatu zuten egunean hasi zen giza figura garaikidea artearen historiako koadro klasikoetan muturra sartzen, erretratu eta natura hilen barrura jauzi egiten. Koadro bat koadro bat da, baina argazkilari batek gu harrapatzen bagaitu koadroaren parean, orduan koadro hori collage bat da, eta gu gara collage horretako osagaietako bat.
Berritu egin zait sentipen hau prentsan Francis Baconen Pradoko erakusketa antologikoaren berri irakurtzean. 1973ko obra bat ageri da argazkian (“Autopotreta erlojuarekin”), eta bertan, Bacon gelaren erdian, ohi duen moduan: inkietagarri, haragizko iragazi batek desenfokatuta bezala, aurpegia erraien barrunbeen koloreekin margotua, pintzela harategi bateko mostradorean busti balu bezala artistak, bisajearen ifrentzua agerian, zainak eta giharrak klarionaz difuminaturik azala behar lukeen lekuan, autopsia bizi bat, beldurra ematen duen sosegua bizitzak torturatu duen gizonaren –gizon guztien– aurpegian. Ez dago zauri agerikorik, baina dena da zauri-doinu. Ez dago mutilazio agerikorik, baina mainguaren melodia herrena dario koadroari. Galtzetan txertatu zaizkion kimu dira orkatilen parean eskuak, mahuka motzeko jertse beltzak aurpegiaren zati bat irabazten dio, autopotreta aldi berean aurrez-aurre eta bizkarrez egin balio bezala bere buruari. Dena da inkietagarri salbu eta: koadroaren izenburuan aipatzen den eskumuturreko erloju hori (nahikoa elegantea itxura batera), eseritako bere jarrera lasai-antza, estudioko zurezko lur beroa, eta begi itxiak –hileta-maskara bat ia–.
Horraino koadroari dagozkionak. Argazkilariak, ordea, erakusketa ikustera etorri den adin ertaineko emakume baten soslaia erantsi dio Baconen koadroari: dotore jantzitako emakume erne eta tentea oinez doa koadroari arretarik ipini gabe. Eta begitantzen zait, alkandora zuriz jantzitako maistra itxurako emakume hau, Baconen erretratuaren gordina konpentsatzeko ez ote duten hor jarri. Kafe beltzari azukre goilarakada bat eransten zaionean bezala, Francis Baconen koadroari darion garraztasuna gozatzeko, jendea izutu ez dadin eta pentsa dezan: ”emakume hori joan bada… joan naiteke neu ere Bacon ikustera”.
Baina benetan, Francis Baconen koadro hau behar bezala ulertzeko Carson McCullersen Begi urreztatu bateko islak nouvelle-eko Williams soldaduak egiten zuena egin behar genuke: bere kapitainaren emaztea lo zegoela gauez ezkutuan logelara sartu eta ohe ertzean, intimitate osoan, haren loa zaindu. Pradoko museoak ateak itxitakoan hara sartu eta aurrez aurre begiratu koadroari, bakardadean, koadroaren indarra neutralizatzera datozen giza-soslaien presentzia oro saihestuz. Buruz buru egon Baconekin, bera bere autopotretarekin egon zen bezala.
Beldurgarria izan arren. Horren arriskua ezagutu arren. Inoren loa zaintzen zuen Williams soldaduak nola amaitu zuen jakin badakigun arren. Senar jeloskor baten fusilaren suak destaturik eta lurrean luze hilik. Francis Baconen autoportretak gurekikoak eginda, Williams soldadua bezala lurrean gautzala, idatzi dezala kronistak Carson McCallersek idatzi zuen gauza berbera: “Ez zen haren aurpegi serioa batere aldatu; eta esku-ahur beltzaranak gorantz jiratuta zetzan alfonbra gainean, lo balego bezala”.