Ñabardurak eta xehetasunak

02 January 2010

Ludwig Hohl idazle suitzarra 1904. urtean jaio zen eta hogei urte baino gehiago eman zituen Genevako soto batean bizitzen, baldintza miseriazkoetan. Narrazioak eta poemak idazten hasi bazen ere, aurki baztertu zituen biak, 1980an hil arteraino landuko zuen jeneroari kementsu ekiteko: apunteari. Apunte soila ere aparteko jeneroa baita, bere horretan, eta liburuak iPhone eta antzeko gailuetan irakurtzera kondenaturik gaudela dirudien honetan, ez litzateke inoren kalte formatu txikiko pentsakizun edo aforismoak homeopatikoki geure dieta telefoniko-literarioan txertatuz joatea.

Ikusgarriak dira Ludwig Hohl bizi zen soto ospelean hartutako argazkiak: arropak zintzilikatzeko pintzak erabiliz, zientoka orrialdek betetzen zuten bere bizilekua, soketan buruzbehera lehortzen jarritako alkandora zuriak bailiran apunte pila haiek. Aforismo, apunte eta otupenak idazteaz aparte, haiek ahalik eta hurrenkera logiko eta eraginkorrenean ematea zuen obsesio. Aldaera zinematografiko batean esateko, mamiak adina kezkatzen zuen Hohl muntaiak, bazekielako mami berbera hurrenkera batean edo bestean eman, ezberdina zela oso emaitza.

Kirolari amorratua, eskalatzaile zein igerilari aparta, edale bezala ere ez zen atzera geratzen. Edanari eskaintzen dio bere apunteetarik zenbait: “Benetako edale ez den norbait bost minutuan mozkortzen da eta gero hainbat egun ematen ditu gaixorik; benetako edale bat, ostera, bost minutuz gaixotzen da eta gero hainbat egun ematen ditu mozkorrik. Nire ustea da, narratzaile batek ezin duela edalea izan, prosa idazteko denbora behar baita”. Horregatik defendatzen du Edgar Allan Poe ez zela kontatzen duten bezain edale basatia, edale basatienak poetak izan ohi direla eskuarki.

Baina apunteetarik gehienak lanari eskaintzen dizkio, genialtasuna erlatibizatuz eta eguneroko beharra gurtuz: “Lana ez da mamu bat, lanik egiten ez dutenek uste duten bezala, baizik eta lagun bat, kontsolamendu bat, nahiz eta beldurra ematen duen haren itxura gogorrak”. Bere tesi nagusia da egoerarik makurrenean ere badela beti irtenbide bat, eta irtenbide hori lana dela. Artistaren lana, okinarekin ez (hark ogiak egin egiten ditu) baizik eta arrantzalearenarekin alderatzen du: arrantzaleak jarrera baten lanketa etengabea eta xehea suposatzen duen neurrian. Artistari ere horixe eskatzen dio: jarrera bat lantzea.

Baina oroz gain, bere buruarengan fede miresgarria zuen idazlea zen Hohl. Honela idazten du bere balizko irakurlegoari buruz: “Irakurleak izango ditudala, hitzaren zentzurik hertsienean, horretaz ez dago zalantza izpirik. Ez dakidana da, sinpleki, zenbat irakurle eta noiz”. Ludwig Hohl, irakurleentzako baino areago, idazleentzako idazten dutela dirudien idazle horietako bat da (edo behintzat,  deus ez idatzi arren, beren buru barruan duten idazlea akabatu ez duten irakurleentzako). Haren sototik pasatu ziren Max Frisch edo Peter Handke artean apalak, maisu handiaren hitzak eta aholkuak jasotzera. Hohlen ondoan idazle estandarrak ditugu biak. Izan ere, Hohlek, oso lantzean behin sortzen diren idazle soborna ezinen leinua  ordezkatzen du, literaturaren kutxa beltza, mehatze sakona, kontraesanik ezak buru-eritasunaren mugan jartzen duen idazle hori, beste idazleek mitifikatu eta haientzat peregrinazio gune bihurtzen dena, baina inor gutxi hezurmamitzera ausartzen dena (gehienez ere, hura gezurmamitzera ausartuko gara, beharbada). 

Ez zaio Hohli nekeari, maitasunari, bizitzako kontu praktikoei buruzko burutaziorik falta. Insomneentzako kontsolagarri diren hitzok ematen dizkigu, adibidez: “Azkenik ulertu nuen (bat-batean) zein izan ohi den batzuetan lorik hartu ezinaren arrazoia: ametsak ez daude prest oraindik”. Idazle gazteentzako aholkuak ere baditu: “Norbere extasia hizkuntzaren beraren argitasunarekin nahasteko arriskua dago, eta, ez gaitezen engaina, hizkuntzaren argitasuna da irakurlea biziberritu dezakeen bakarra”.  Doako esperimentalisimoaren arriskuez ohartarazten du lientzoa aliritzira egindako trazo azkarrez margotzen duen artistarekin kritiko agertuz: “Zer gomendatzen diozu gosetiari,  bada, labana zerura jaurtitzea, ea hartara zerbait ehizatzen duen menturaz? Esperimentatu bai, probak egin ere bai: baina helburu zehatz batekin”. 

Gazteleraz badira gutxienez bere bi liburu itzulita: Escalada batetik, eta Matices y detalles bestetik. Ñabardurak eta xehetasunak landu eta gauzen ertzak eta argilunak seinalatzea hain demodé dagoen garaiotan, ez zaio irakurleari Hohlen testuetan barna egindako bidaia malkartsu bezain ederra damutuko.