Polipoesia
Polipoesiaz hizketan hastean, zaila da txistea saihestea (horren ordez, txistea ongi kontatuta dagoen leku baten oihartzuna jasotzea onena: bilatu Google-en “Mantxi Antzuolan” eta ulertuko duzue zertan den kontua).
Izan ere, batzuetan zalantza sortzen zait hitzak diren zentzua galtzen dutenak edo gu geu ote garen nekatu eta hitzen zentzuaz aspertzen garenak. “Hitzen nekea” espresioa zilegi ote da? Modak ere badira, jakina: halako hitz sinpatiko jausten da jendartean eta barra-barra hasten gara leku guztietan entzuten, jendea aspertu eta hitz hori erabiltzeari uzten dion arte. Gogoratzen da apika inor “apika” hitzarekin? Izan zuen bere sasoia; orain efektu literario retro bat sortzeko soilik baliatzen dugu. Boladaz kanpo hitz hori entzuten dugularik inoiz, aurreko denboraldiko kolore eta arropekin jantzitako koitaduari bezala so egiten zaio, goitik behera. Gero, maliziaz zirkulazioan jartzen diren hitz eta espresioak leudeke: bat aipatzearren, “kimu berdeak” (ingelesezko green shootsen egokitzapena, eta gazteleraz ere bere aldakia izan duena: “brotes verdes”). Aise imajina daitezke Massachusettseko MITean hiruzpalau pertsona elkartuta –tartean langabezian geratutako poeta bat, zalantzarik gabe– nazioarteko komunitate zigortuaren arimako patrikak (edo patrikako arimak) hauspotu nahian hitz egokien bila. Zein hitz jarri zirkulazioan jendearen itxaropena elikatzeko? Nork erabili behar luke? Delibero horiek denak MITean irudikatzen ditut, baiki, pentagonoan izan zitezkeen arren: sinesten dut konspirazioaren teorian, “beste” konspirazio bat den arren. Langabezian zegoen poetak laxatu du gorbata eta... eureka!, topatu du irtenbidea: “Kimu berdeak somatu ditugula esango dugu!”. Horra bada, Walt Whitmanen Leaves of Grass mundu globalera ekarria. Kimu berdeak. Hain eraginkorra, aratza eta singlea da, harrigarria ematen duela inork lehenago ez asmatu izana. Espresioa lehen aldiz Normand Lamontek erabili bazuen ere duela ia hogei urte Erresuma Batuan, 2009ko martxoan AEBetako Errserba Federaleko kide Ben Bernankek CBS kateko 60 minutes saio arrakastatsuan paseatzera atera zuenetik (Wikipedia-dixit) orokortu da leku guztietan.
Badira, zenbait zomorro izurrite bezala, aise –aiseegi– hedatzen diren hitzak, eta badira, ostera, esatea kostatzen den beste hitz batzuk. Poesia da horietako bat. Saiatu etxean, ispilu aurrean, igogailuan, bikote-lagunarekin. Hasieran bakarka, gero bazkari batean edo taxistak galdetzen dizuenean zer egiten duzuen. Saiatu esaten: “Ni poeta naiz”. Poeta izan arren (eta poeta-poetak gutxi daude; hala direla uste duten gehienak ez dira izaten), saiatu ariketa hori egiten. Normalena aurpegia gorritu eta inguruko jendea barrezka hastea da. Ironiaz edo zinismoz batzuetan, baina samurtasunez eta errukiz gehienetan. “Poeta, bere adinean!”. Norberak sinetsi egin behar du lehenbizi, baina hori ere ez da nahikoa “poeta” bezalako hitz pisutsuekin. Eta ez dirudi MITeko hitz laborategietan lan egiten duten poeta langabetuek hitz horren alde deus egiteko asmorik dutenik oraingoz. Horregatik, lantzean behin hitz berriak asmatzen dituzte, hitz zaharra ordezkatu edo erortzen ari den aurri horri kontrahormak egin eta zutik iraun dezan berniz modernoa eman nahian. Agustín Fernández Malloren Postpoesía: hacia un nuevo paradigma (Anagrama, 2009) liburu interesgarria da horren lekuko, edota, polipoesia neologismoa. Beti esan izan da hitzek ez dutela poesiarik segurtatzen, eta areago, hitzik gabeko poesia asko dagoela bazterretan. Mark W. Sutherlandek, adibidez, polipoesia egiten du: Rimbauden Le bateau ivre (txalupa hordia) poema irakurri beharrean, letraz letra aletzen du poema osoa bere emanaldietan. L, e, b, a... –bi ordu behar izaten ditu amaitzeko– eta letra bakoitza esan orduko ardo botila baten kortxoa jaurtitzen du lurrera, horrela, 3.760 kortxoz lurra estali arte. Software bidez eta soinuekin lantzen dute beste askok polipoesia, edo erantzungailu automatikoan uzteko mezu poetikoak sortuz. Performancearen, spoken wordaren, slam poetryaren edo perfopoesiarekin harremantzen da horrela, polipoesia. Ez da ezer berria, egia: urrutirago joan gabe, Mikel Laboaren Lekeitioak ere izan daitezke polipoesia, Laboak berak ez zekien arren.
Poeta maitea: saiatu ispilu aurrean jarri eta hitz hau esaten: “Polipoeta bat naiz, polipoeta bat naiz... polipoesia egiten dut...”. Errazagoa da orain, ala?
Polipoesia heldu da. Betiko orbela ote, ala kimu berdeak poesiarentzat?
Harkaitz Cano (2009-09-08)