Twit-tease?

07 December 2013

Los muertos indóciles saiakera gomendagarrian (Tusquets, 2013) atal bat eskaintzen dio Cristina Rivera Garza idazle mexikarrak Twitter-i. Oulipo taldea eta haien esperimentuak aipatzen ditu, 140 karaktereko muga gutiziatsu hori Perec edo Queneau bezalako idazle frantsesek euren buruari ezartzen zizkioten arauekin parekatuz. Eragozpen edo traba batekin idatzitako testu batek eragozpen edo traba hori deskribatu egiten duela ezinbestean, alegia.

Bere laburtasunagatik haikuekin eta aforismoekin konparatu duten arren, oso bitarteko ezberdina da Twitter: txioa denbora errealean sortzen da. “Ez dago denborarik idazketarik gabe” ondorioztatzen du Rivera Garzak twit edo txioak arretaz aztertu ondoren. Idazketaren bidez josten dela denbora, alegia, gaur inoiz baino gehiago. “Txio bat eta aforismo bat antzekoak izan daitezke testuingururik gabe irakurtzen baditugu. Bietan labur arituagatik, ordea, batak zein besteak mundua ikusteko modu erabat ezberdinak ordezkatzen dituzte. Ezberdintasunik handiena, esan gabe doa, interfaza da. Aforismo bat, dela paper gainean edo dela ordenagailuko pantailan, egitura itxi, amaitu eta isolatua da. Txio bat, ostera, Denbora Lerroaren (TL) isuri etengabean baino ez da existitzen. Beti besteei lotuta, eta beti beherantz doan mugimendu bertikal irensle baten menpe. Txioak pilatzeak txioak desagerraraztea dakar”. Twitter-en aritzea, beraz, talde-idazketa suerte bat da eta narratiba tradizionala zalantzan jartzen du, Roland Barthesek 1968an aldarrikatutako  autorearen heriotzaren ildotik. Kolokan geratzen dira, honenbestez, hiru konbentzio zahar: autorearen eta irakurlearen arteko bereizketa; hari narratibo baten premia; idazketa bakarkako lana den ustea.

Hau guztiau azaltzeko, Tractatus logico-tuiterus  jolasti eta probokatibo bat proposatzen du Rivera Garzak, bere kontraesan eta guzti. Merezi du zati batzuk euskaratu eta egokitzeak: “Txio batek ez du zentzurik sortzen, baizik eta oraina. Txio batek ez du gertatu dena kontatzen, zerbait gertatzen ari dela baieztatu baino ez du egiten. Txio bat gertatzen dena da. Euren pantaila eta teklatuen aurrean Twitter-en dabiltzanek fikziozko orainaldi batean parte hartzen dute. Zerbait gertatzen denean, fikzioak estali egiten du; ezer gertatzen ez denean, txioak agerian uzten du. Twitterlaria da Norbere Buruaren pertsonaiarik onena. Txioaren oraina hasiera-hasieratik ready-made bat denez gero, ez dago txio zintzorik. Aitormenezkoa den twit-a [inteligentzia militarra bezala], kontraesana da bere baitan: inork ez du bene-benetan twit-tease egiten. Txio bat eszena bat da. Txioaren oraina, twitterzalearen oraina bezalaxe, muntaia eta gainjartze printzipioetan oinarritzen da. Txioaren oraina TL-aren artikulazio aleatorioaren menpe dago. Txio batek beste txio bat behar du existitzeko. Txio oro da oihartzun. Txio oro da kontaktu. Txio oro da linbo. Ezabatze funtzioak areagotu egiten du txioaren orainaren izaera iragankorra. Efimeroa da txioa. Orainaldirik laburrena da txioa. Txioa oraina da, baina bere modurik prekarioenean. Esporak bezalaxe birsortzen da txioa, TL batetik beste TL batera garamatzaten retweet-en bidez... Idazketaren jazza da Twitter: zuzen-zuzeneko idazketa-aldia. Beste norbaitek erantzun dion txioa: idazketa bizia. Txio oro da sigi-saga.  Erreakzio semantiko azkarren kateaketa: txioen nerbio-kinadak. Ortografia erratuak eta alderraiak: txioak dakartzan eraldaketa sintaktikoak. Txioaren oraina: kaleidoskopikoa, proteikoa, kolektiboa, noizbehinkakoa”.

Erabiltzaile batek sarean emandako definizioaren arabera, M&M´s gozokien antzeko zerbait litzateke txioa: mihian bertan urtzen zaizun zerbait. Guk bezala artikuluetako karaktereak milaka zenbatzen digutunontzat, ordea, kezkagarriagoa da beste definizio hau:  “prentsa artikulua zer den? Hiruzpalau txio baino ez, deusetarako balio ez duen testuz inguratuta”.

Bihia eta lastoa. Edo nahiago bada, lastategiaren eta orratzaren parabola. Konpainiarekin edo gabe lastategian lasai demonio etzateko sasoia iraganeko kontua dela dirudi. Etengabeko zizta behar dugu orain, orratza orratzaren atzetik.

Ukaezina da eguneroko gertaera axal, bizipen pertsonal, irakurketa arretatsu eta kultura herrikoitik hartutako txatalak nahastuta errealitatea eta sintaxia berreraiki eta birsortzen ari direla tuiteritero berriak, munduaren interpretazio kritiko eta ludiko bat egiten. Baina Cristina Rivera Garzak berak gogorazten digun bezala, “Twit-a ez beste zerbaitegatik hasi ginen idazten. Beste zerbait horretara, arrazoi horretara itzuli behar dugu. Beti”.

Territorios gehigarrian