Ehun hitz

02 December 2016

Ukaezina da azken berrogei urteotan euskarak aurrera egin duela. Hutsuneak hutsune, asko lagundu dute horretan hezkuntzak, euskarazko komunikabideek, argitaletxeek, euskaltegiek, eta abarrek. Kulturari eta hizkuntzari lotutako egitura klandestino, ahul eta boluntaristak zirenak egonkortu egin dira (txiki eta hauskor izaten jarraitzen duten arren, ez gaitezen engaina) eta geure belaunaldiak, gutxi-asko, euskaraz bizi ahal izan du, gurasoen nekerik gabe. Bai, ala? Bai eta ez. Debekatuta zegoen garaian bere zituen abangoardiaren igurtzia eta erresistentziaren xarma galdu ditu euskarak. Klik bakarrean oka egiteko adina kantu eskura ditzakeen gazte bati zaila da Iparraldera joan eta Mikel Laboaren disko bat estraperloan ekartzen zuenaren poza azaltzea. Cool hitza existitzen ez zen garaian zen cool euskara. Hilzoriko, egia, baina cool... Kasu, Unai Iturriagak Jakin aldizkarako egin zuen marrazki tira gogoangarriari: “Durango gurasoak dira”, zioen haur gogaituak. Eta Durango dioen lekuan, berdin jar daiteke euskara. Euskara gurasoak dira, etxeko lanak, derrigortutako hizkuntz profila ateratzeko oztopoa. Jende askorentzat, “erakundetua” dagoen zerbait baino ez da euskara, pragmatismoaren etsaia. Gertatu izan da gure artean idazle batek “euskara ez jakiteko eskubidea” publikoki aldarrikatzea ere. Ezjakintasuna funtsezko eskubide unibertsala ote da? 

 “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” leloa ikasi genuen umetan. Globalizazioaren garaian, ez nago horren ziur maxima horrek indarrean jarraitzen ote duen. Dakitenek hitz egitea ez baita aski ez dakitenez inguratuta badaude; ghetto bihurtzeko arriskua dago. Ekoizpena baino gehiago, erabilera eta ikusgarritasuna (entzungarritasuna) dira euskararen erronkak. Zentzu horretan, pena da ETBk sormenezko ekoizpenetan arriskuak hartzeari uko egin izana. Diru asko gastatu da azken urteotan euskararen prestigioa sustatzen, baina euskararen aldeko kanpainak egiten dituzten publizitate agentzia handiek gaztelaniaz pentsatu dituzte askotan esloganak eta gaztelaniaz mintzatu dira iragarki horiek filmatzen zituzten bitartean. Ez dakite nor diren Napoka Iria, Txuma Murugarren, Amorante, Maite Arroitajauregi, Zaldi Eroa, Dani Fano, Antton Olariaga, Ander Lipus, Miren Gaztañaga, Ixiar Rozas edo Sustrai Colina... 

Nork hitz egin dezala gura duen hizkuntzan, besterik ez genuen behar. Galdera da: hizkuntz askatasuna aintzakotzat hartuta, aukera dezake euskal hiztun batek bere egunerokotasunean nola mintzatu? Ez, jakina. Asimetria horrek irauten duen bitartean, euskara beti izango da bigarren mailakoa, subsidiarioa. Azken urteotan, naturaltasunez lehen hitza euskaraz egiten duenararen kemena urritzen joan dela da nire susmoa. Nekagarria egin zaigu han eta hemen –erakunde publikoetako leihatilatan bezala tabernatan, supermerkatuetan edo ezkaratzeko bileratan– euskaraz hitz egiten hasi eta arroztasun edo erantzun defentsibo sotil eta ez hain sotilak etengabe entzun beharra, aurrejuzkuen nebulosa batean biltzen gaituztela sentitzea, geure hizkuntz hautua inor molestatzeko hartu dugun erabaki gutiziatsu eta setati bat balitz bezala. Horregatik, euskal hiztun desanimatuei bezainbat, erdal komunitateari zuzentzen natzaio gaur: ehun hitz eskatu nahi nizkizueke. Egin dezagun urtebeteko epean denok ehun hitz ikasteko kanpaina bat. Ez arrazoi politikoengatik, ez hizkuntza salbatzeko, ez errukiagatik. Gozamenagatik baizik. Eta gozamenagatik ez bada, egin dezagun edukazioagatik. Ezta edukazioa ere, agian, hitza; politesse kontua da, kortesia hutsa. Azken finean, eguneroko bizitzan, gure familia, zirkulu profesional eta adiskideen gune hertsiaz harago topatzen ditugun haiekin ez dugu askoz ere gehiago behar. Nahi nituzke “motz-motz” esamoldea dakiten ile-apaintzaileak, “euro eta erdi” eta “ez horregatik” esaten dakiten kamareroak, “marroiak hobeto” esaten dakiten zapata-saltzaileak. Ongi aukeratu beharko lirateke ehun hitz horiek, hori bai. Aldarrika dezagun, bizikidetzaz horrenbeste hitz egiten den garaiotan, ez dagoela komunitate posiblerik ehun euskal hitz konpartitzen ez ditugun bitartean. Herren eta bereiz ibiliko garela Euskal Herria euskara zatitxo bat gabe erabat ulertzerik ez dagoela onartu arte. Errelato konpartitua? Konparti ditzagun hitz solteak, lehenik eta behin. Portugalera astebeterako oporretara joanda dozena bat berba ikasten baditugu, ez zait iruditzen urtebetean ehun eskatzea berealdiko ahalegina denik: aski lirateke astero bizpahiru. Proposa dezagun jolas bezala. “¿Qué tal vas con lo tuyo, te has aprendido ya las tres palabras de esta semana?”, halakoxe elkarrizketak irudikatu nahi nituzke kafearen orduan. Euskara berba eta euskara berbagai. Inor kiskali gabe, erein dezagun gure kulturaren pozoi gozoa. Plazer hori opa diet euskararik ez dakitenei. Euskal Herrian bizi eta euskarari bizkarra ematea, zeure etxean gela bat giltzarrapoz itxita erabili gabe edukitzea baita. Sartu beharra dago bertara, altzariekin ilunpean itsumustuka ibiltzeko bada ere. 

 Gutxitxo irudituko zaizkie ehun hitz zenbaiti. Beste batzuei, gehiegi. Eman zure botoa, aukeratu lagun hurkoaren ahotan entzun nahiko zenukeen hitz sorta! Ehun hitz elkar ulertzeko, ehun hitz autoestimua berreskuratzeko, liskar gozorako, hobeto bizitzeko. Ehun behar ditugu. Ehun denonak, ehun ezinbesteko, ehun hasteko. 

 Ehun hitzekin ehuntzen has gaitezke benetako sarea. Eutsiko dioguna eta eutsiko gaituena.