Don´t innovate, imitate!
Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko kantariak aspaldi adierazi zuen musikaren banalizazioarekiko kezka, bai eta gure artean hedatu den “karaoke kulturarekin” oso kritiko azaldu ere. Nortasuna behera ote dator imitazioaren mesede? Imitazioa da larriena, ala imitagarri diren horien homologazioa nola egiten den eta nondik datorren? Zeren eta noren klon nahi gaituzten ikusita, pentsa lezake inork hautu hori inozentea denik? Gorka Juliori ere Urbizuren ildo bereko hausnarketak irakurri dizkiogu berriki artikulu batean. Bere ondorioa: “Musika –eta beste kultura adierazpideak– sentitzeko, bizitzeko eta sormenean laguntzeko plan kolektibo bat urgentea da”.
Imitazioa premiazkoa da, baiki. Eduardo Mendoza idazleak ere halaxe zioen bere antzezlanen argitalpenaren harira, duela gutxi. Artean gazte eta berdea zela, Samuel Becketten Godoten zain eszenaratu nahi izan zuen lagun koadrila batekin. Bost ale behar zituzten nonbait, bat zuzendariarentzat eta gainerako lauak aktoreentzat. Baina liburu bat baino ez zeukaten, eta sosik ez ale gehiago erosi ahal izateko. Aro digitalaren aurreko sasoiaz ari gara, idazmakinen garaiaz. Honenbestez, antzezlanaren testua oso osorik makinaz jotzea erabaki zuen Mendozak eta ikatz-paperean hiru kopia egitea. “Amaitu nuenerako, antzerkia idazteari buruz dakidan ia guztia ikasia nuen jada”. Denok hasten gara horrela, imitazioz, inoren larruan sartuz, modu akritiko samarrean batzuetan, geureak ez diren ni ezberdinen baitan eroso ala deseroso ote gauden probatuz. Imitazioz ikasten dugu oinez, hizketan, idazten, jaten, janzten... Sortzen ere bai. Imitazioa, teknika ikasteko bitartekorik onena da. Esan dugu hitza: bitartekoa. Ordea, edonork esango luke aspaldion bitarteko izatetik helburu izatera pasa dela imitazioaren artea –artisautza?–. Ahots propioa baino gehiago bultzatzen da inoren (miresten dugun haren) kalko izatea, haren ahots inflexioak kopiatzea, fisikoki ere haren itxura geureganatzea. Gero eta kotizatuago dago “antza izatea”, dirudienez.
Duela ia hogei urte, Hugo Boss etxeak “Don´t Imitate, Innovate” leloa hautatu zuen bere perfumea saltzeko, izatez, kanpainaren zioa denok elkar imitatuz perfume hura erostea zen arren... Horixe baita publizitatearen funtsa: gutako bakoitzari izaera autentikoa dugula sinetsarazita, paradoxikoki, jende multzo handi bat produktuaren artaldera biltzea. Gaur egun, txanponaren beste aldean gaude: “Ez berritu, imitatu”. Bitxia da enpresa munduan berrikuntzaz eta ikerketaz hainbeste hitz egiten den garaiotan sormenari parametro horiek ez aplikatzea. Imitazioak beti jorratu izan dira, baina 80-90. hamarkadatan parodiaren bidez lantzen zirelakoan nago, tarte handiagoa uzten zela sormenarentzat. Besterik da “imitazio kalkatua”: nerabe heldugabeak zailtzen joateko teknika izatetik, helburu preziatu izatera igaro da. Telebista saioek asko lagundu dute horretan, jakina. Baina deigarria bada, behintzat, gizartearen zati batek nola besarkatu duen joera hau. Agian badu zerbait lasaigarria (anestesiagarria?) norbere nortasunaren bilaketa existentzialean trebatzen saiatu beharrean inoren larruan –ahotsean, itxuran– sartzeak; galdera neketsuei ihes egiteko modua besterik ez da, beharbada. Zerikusia izan lezake, akaso, gure gizartearen infantilizazioarekin ere, denboran eta espazioan txiklea bezala zabaltzen ari den nerabezaro eternal batekin, adoleszentzia berrogei urteak ongi bete arte luzatu izanarekin. Norbaitek esan lezake jolas bat baino ez dela, “Here we are now, entertain us”, Kurt Cobain zenak abestuko lukeen legez. Programa hauetako zenbaitek audientzia itzelak ematen dituzte eta, ahots propioa sustatu beharrean, norbere boza imitatzen denaren moldera ekartzea saritzen dute, batzuetan modu antinaturalean. Epaimahaikideek zigortu egiten dute, eskuarki, norbere uztatik ezer ekartzea: “Gaur gauean ez dut entzun Elvis Presley baizik eta Pakito Perez”. Indibiduoa desagertu eta nortasuna deuseztea saritzen da. Imitazioarekin setatzen dena, emantzipatuko al da inoiz? Hirurogei urteak garai bateko berrogeiak (omen) direnez, geure harrobi telebisiboko artistek hirurogeita hamar bete arte itxoin beharko dugu emaitza orijinalak topatzen hasteko? Ala emantzipatu gabeko Elvis horiek bezala geratuko dira imitatzaileak, Las Vegasko kasinoetan modu enbaltsamatuan kantari?
Perfume gozoko kultura enbaltsamatu baterantz ote goaz? Eta jada iritsiak bagina Tutankamonen piramidearen bihotzera? Deus berririk asmatu gabe ahots apokaliptikoak kalkatu eta imitatzen ari ote naiz neroni?
Territoiros gehigarrian