Angolatik, bihotzez
Iraupen laburreko leherketa bortitz bakanen eta asperraldi ordu luzeen arteko nahasketa bezala definitu zuen norbaitek gerra. Edozein unetan hiltzeko aukera izateak dakarren adrenalina ziztada legoke, batetik, eta zain egotearen desesperazioa, denborari nahi bezain azkar bultza ezina, bestetik. Zerbait bada handi gerran soldaduarentzat, etxera itzultzeko gogoa da hori. Desesperatuki zain egote horrekin estuki lotuta dago gutun-hizketa. Soldaduaren pazientzia, hala dio estereotipoak, alkoholak eta tabakoak elikatu ohi dute, eta gitarraz lagundutako kantuek eta gutunek etxemina arindu. Leku gutxitan funtzionatzen du jenero epistolarrak armadara igorri eta lubakietatik postaz bidaltzen diren filmetan bezain ongi. Berantetsitako erantzuna, berririk jaso ez edo berriak berandu eta atzerapen handiz heltzen direnean itxoiten duenaren buruan sortzen diren balizko-berri-txar-guztien izu-eztanda espekulatzaileak... Fronteko lehen lerrotik bidalitako hitz bakoitzaren kutsu konfesionalaz, edo are, ia testamentarioaz ez hitz egitearren. Horrelakoetan, hitzek pisua irabazten dute eta off-eko narratzaileak zentzua hartzen. Sendiak, halabeharrez, neurtu egiten du kontatzen duena, hartzailearen morala parametro jasangarrien barruan mantentzeko. Baina trintxeratan den soldadu-irakurleak hori badakienez, koefiziente zuzentzaile bat aplikatzen die etxekoen hitzei, igorleak kontatu nahi dionetik ezkutatzen diona hautematen saiatzeko.
Antonio Lobo Antunesen lana aintzakotzat hartuta, Angolako gerrako esperientzian oinarritutako gutunak zinemara eraman ditu Ivo Ferreirak Cartas de la guerra filmean. Miguel Nunes aktore protagonistari Gael García Bernalek Diarios de motocicleta filmean jokatutako Che Guevararen antza hartu diogu: hura bezala mediku, sendagile aritzeak begirada azkar eta argia damaio, ia hitz egin gabe xarmatzen gaitu bere “soldadu onaren” begirada zoli eta sentikorrak. Etsaiak (filmean ia beti ikusezin) fusilatzen dituztenero dardaraka hartzen ditu zigarroak; zauri-josten edo morfina murritza soldaduen artean banatzen ari ez denean xakean jokatu edo bere koadernoan idazten duen intelektual lekuz kanporatuaren larruan sartu da Nunes. Han izanik hona nahiko lukeen mediku-soldadu deslekutuak eskutitzak idazten dizkio Lisboara haurdun duen emazteari. Gutun hauexek izango dira, hain zuzen, filmaren haria eramango dutenak, emazteak berak off-eko ahotsean irakurriak. Emakumezkoaren ahots xuxurlatuak kontrapuntu ezin egokiagoa egiten dio Ferreiraren filmean bere maitasun baldintzarik gabea etengabe berritzen dion senarrari. Gutunak, albiste-igorle baino gehiago, asetu gabeko desiren eroale bihurtzen dira. Protagonista ez beste soldadu bati emazteak igortzen diona da, hala ere, filmeko hunkigarriena, literaturaren makulurik gabe idatzia izan den eskutitz apala: “Zikindu itzazu eskuak zikindu behar badituzu, baina ez nire bihotza zikindu”. Negar egiten du soldaduak berba hauek irakurrita.
Filmak, off-eko ahotsaren tonu poetikoa osatu eta hari modu gordinean kontra egiten dioten irudi eder askoak dauzka, ikuslearen gozagarri. Portugaleko bandera ezerezaren erdian jaisten duten bitartean medikua bere leihotik begira, gizon bat biluzik fusila hartuta oihanera sartzen, emakumezko baten irudia duen iragarkia lapurtzen duten soldadu mozkorren pasartea, erreklutak denbora librean melodrama berberak behin eta berriro ikusten... Soldaduek ahapeka errepikatzen dituzte buruz dakizkiten filmeko elkarrizketak, baita soinu banda higatuegi dagoelako ulergaitz bilakatzen denean ere. Proiektorea kasernatik kanpo aterako dute orduan, kanpalekua inguratzen duten arbolen eta kearen gainean filma proiektatzeko, aktoreak pantailatik aterarazi eta haiei mamu lausoen itxura emateraino. Zine efimeroa.
Paper gainean tintaz idatzitako gutunei traiziorik egin nahi izan ez balie
bezala, zuri-beltza hautatu du Ivo Ferreirak. Stefan Zweigen Emakume ezezagun baten gutuna nobelarekin egin diren egokitzapenen eta Iwo Jimako gutunak filmaren ahaide dela
esan liteke. Badu, batetik, Eastwoodek edo Kubrickek gerrako gordinkeriak
erakusteko erabili izan duten talentua (nahiz eta askoz lirikoagoa izan Ferreirarena,
dokumentaletik gertu eta akziozko filmetatik urrunago), baina bada maitasunaren
apologia handi bat ere. Wong Kar-wairen In
the Mood for Love ekarri dit gogora, eta asko esatea da hori. Amodio eskutitz
bat, finean, bere osotasunean. Erromantikoegi edo kursi izateko arriskuari beldurrik
ez dion gizon baten istorioa. Sentimentalegi agertzea bera arrisku ttipia delako
gerran bizia galtzeko aukeraren ondoan.
Territorios gehigarrian