New Yorki buruz oroitzen ez nituen gauzak

23 June 2012

Lehena: ateak handiak eta astunak dira. Kosta egiten da ateak ireki eta ixtea. Indarra eta milioi bat dolar izatea komeni da hemen bizitzeko.

Bigarrena: hiria betikoa da eta aldatu egin da (ahaztu nuen arren, beti da betikoa eta beti ari da aldatzen). Aspaldiko partez New Yorkera etorrita, atentzioa ematen duen lehen gauza bizikletak dira. Duela ez hainbeste urte, mezulari profesionalez haraindi, arraroa zen Manhattanen txirrindulari bat topatzea, eta “kamikaze” zen hura ikusitakoan bururatzen zitzaizun lehen hitza. Asko aldatu dira gauzak geroztik. Kamikaze samarra da oraindik Sagar Handian bizikletan dabilena –horren lekuko hiriko hainbat errepide bazterretan kateatuta topatzen dituzun zuriz margotutako bizikleta zaharren hezurdurak: autoek harrapatuta hildako txirrindularien omenezko herri-ekimena, azala lazteko modukoa–. Hala ere, begibistakoa da erruz ugaritu dela bizikleta-zaleen tribua. Inoiz baino oinezkoentzako eskuragarriago dago hiria eta zubi nagusiak, oinez barik, bizikletaz ere zeharka daitezke orain. Bizikletak eta bidegorriak (berdeak, kasu honetan) ugaltzearekin batera, nabarmen ugaritu dira bizikleten alokairu eta salmentarako guneak ere. Eta –ezin bestela izan–, bizikletak ez dira nolanahikoak. Itxura tuneatua izan arren, “fabrikatik tuneatuta” datozen bizikleta zinez erakargarriak, kolore bakarrekoak eta markarik agerian ez dutenak gehienak, asko eta asko pistako bizikleten imitazioz egindakoak, New Yorken hain gustuko duten vintage ukituari jarraiki. Hori ez baita batere aldatu: bobo ugari  hirian (bohemian bourgoiseyou know?) edota orain esaten den bezala, lili ugari (limousine liberals). Gurean nekez ikusten diren paraxutista kutsuko kaskoekin batera, duela hogeita hamar urteko Colnago txirrindularien bisera ortzadardun retroak jarri dituzte salgai, bizikleten marken ordez New Yorkeko auzoen izenak dituztela. Horra hor adibide bat: nola zurrupatu eta liseritzen dituen hiri batek joandako garaiak, modak, estetikak, urruneko geografiak.

Bere burua etengabe berrasmatzen darraien hiria inoiz baino samurrago dago: balirudike jendearen  jarrera ere leundu egin dela apur bat, garai bateko zakarkeria alboratuz eta behialako hedonismoa azpimarratuz. Arestian prostituta eta dealerek hartutako ibai-ertzak nola biziberritu diren ikusita, saihestezina da arkitekturaren eta jendearen izaeraren arteko harremanaz hausnartzea. Urte gutxiren buruan posible izango da lehen pentsaezina zena: uraren ertzean paseatuz, parkerik parke irla guztia inguratzea. Zer eragin izan dute hiriko parkeek –newyorktarren harrotasunetako bat– haien izaeraren bilakaeran? Non ezkutatu dira, bestalde, Hudson ertzeko travestiak eta 42. kaleko peep show ilunak? Internetek ordezkatu ditu orobat? Ala amatxoentzako pornografia bezala bataiatu duten E. L. Jamesen trilogiak?  Metroan ez da Fifty shades beste libururik ikusten, izan ere. Azal gogor, patrikako edizio zein formatu elektronikoan egindako salmentak bereizten dituen Book Review astekari literarioan, patrikakoan zein elektronikoan lehen hiru postuak bereganatzen ditu… Bitxia da salduenen zerrendak zenbat sofistikatu diren, egia esan: 35 orrialdetatik 6 eskaintzen dizkie orotariko zerrendei –ilustratu/ez ilustratu, haur literatura eta beste bereiziz– The New York Timesen gehigarriak.

Gainerantzean, Jonathan Franzenen saio bilduma berriak (Farther Away) nahikoa harrera ona izan du; ez hala Toni Morrisonen Home eleberri laburrak. Udako apustuetako bat, Richard Forden Canada nobela izan dela dirudi, zalantzarik gabe. Manhattango liburudenda batean egindako irakurketan –aurkezpenak irakurketa izatea da hemen ohikoena–, ospea eman zion Bascombe alter egoari buruzko liburu gehiagorik izango ote zen galdetu zion irakurle batek. Fordek, ohi duen dotoreziaz erantzun zion ezetz, ez zuela hari buruz liburu gehiago idatziko. Segidan, kaieratxo bat atera zuen patrikatik, eta erantsi: “Hala ere, Bascombe pertsonaiari buruzko oharrak hartzen jarraitzen dut… Bascombek zer esamolde erabiliko lukeen, Bascombek zer pentsatuko zukeen gai honi edo beste hari buruz. Dena apuntatzen dut”.

Hiri honi buruz oroitzen ez nuen beste gauza bat: txirrindulari guztiek daramate libreta bat aldean.