Ulu nik hari

Beheko-suan zirtaka enborra, run, run;
norbait ate-joka...       
Haizeak leihoan burrunba, run, run...
Nor demontre ote da?

Kolpe bat, kolpe bi...
Atean nor ageri?   
Arimarik ez kanpoan baina, run, run,  
aztarnei segi.

Giza-urratsak ematen dute,
baina ez da seguru...   
Arima erraturen bat ote?  
Ezin da jakin...

Pauso bat, pauso bi,
elurretan emanik...   
Raus! Bizkarrean atea itxi.

Orain ni naiz etxetik kanpo;
elur-ekaitza dator,   
etxe barruan itzal bat dabil…

Ate-joka alferrik nabil: sarkina etxean!
Atarian beroki zahar bat, run run,
laga du niretzat:
ordaindu, larrutik eta gozatu barrutik…   
Baso aldera banoa arin, banoa arin.

Otso bat, otso bi..., otsoa neroni!     
Ilargia balitz ageri, ulu nik hari!

Inoren larruan oinez dabilen
otsoa neroni...

Ulu nik hari (Elkar, 2017)