Bukatzen jakin behar
Jakin behar da bukatzen,
bidetik bazterreratzen:
besteei bide.
Gutun bat utzita mahaian,
despedidan aitzakia sorta bat.
Deus esan gabe joan zaitezke,
beste norbaitek zugatik buka dezan.
Kirofanoan gaixo bat dago
inork sabela ixteko eske... eta zu urruti.
Azken ardo kopa hori
ez duzu zertan amaitu.
(Amaitu!).
Azken direnik ezjakin
ematen diren musuak ote onenak?
Atea itxi ondoren
bestaldean geratzen dena
ezereza da.
Lurrun bihurtzea ere
ez da plazer txikia, ene, batere!
Puzzlearen azken pieza
patrikan sartuta ospa egizu.
Zauri ireki bilduma hori
ez dago zertan jasan
gehiago.
Jakin behar da bukatzen,
bidetik bazterreratzen:
besteei bide.
Itzal zaunka (Elkar, 2016)