Ganbara txikietako konspiratzaile

Gaur ez gaude, ez, guztiok:  
lagun zaharrak non zaudete?  
Zerrenda ozenki pasatu dugunean,
hutsuneak agertu zaizkigu nabarmen.
Dagoeneko piztiek
txoko denak hartu dituzte:
geltoki, moila, mendi eta
etxeetako ohe.  

Ez dago taxirik libre
–aske, zer esanik ez...–.
Euri tantek betazaletan
nekea arintzen dute.  
Ezpata eskutan  
ez ei da betiko:
uko egin gauei.
Bakea ikasi nahi,
ezpatak ahazteko.
Men egiezu orain
garai eztiei,
ai, eztiei,
mamuei...  
Sokak
–astiro sokak–
aska itzazu,  
berri batzuk lotzeko,
kamarada zaharrei
goroldioa eranstean.
Atzoko bazter...  
berpiztuko balira,
zenbat keinu eder!
Ganbara txikien
konspiratzaileok
aspaldi moztu genuen
gure zilborrestea.

Itzal zaunka (Elkar, 2016)