Mahastira doan bidea
Ardo hori nire kopara;
zuenak ere bildu honantza!
Larrosen ordez ardo gozo bana,
laztan bihurtu daitezen arantzak.
Datorrena badator,
makur edo lorios...
Datorrena betorkit,
bost axola zergatik!
Edalontziak neurriraino
betetzen ondo dakigu.
Mahastiko harri-txintxar artean
sargoriak epeldu bitartean.
Gaur ere bada minik
–ez goxatu ezinik–:
aitzina goaz beti,
orpo, punta, orkatil.
Loreak hona ekarri,
haien izenik ez ahantzi.
Eguzki izpiak makulu
gisa hartuta segi dezagun.
Topa elur eta euriari;
topa berriz ekiari.
Datorrena berez datorrelarik,
besotan hartuko dugu denok.
Aitzina goaz beti,
eskutik zein bakarti:
bakartitik, saldoa;
mahatsetik, ardoa.
Partitu denez laguna
gure aurretik helduko da.
Lagundu denon partetik
mahatsa hazten den lekura.
Berriro asma nazazu (Egilea editore, 2020)