Gidoiak doitzen

18 de Abril 2014

Ari dira, apurka-apurka, gidoigileak euren burua ezagutarazten: David Simon, Aaron Sorkin, Lena Dunhan, Charlie Kaufman... jada ez dira ekoizleen esanetara lan egiten duten artisauak, kontagintza irauli duten egileak baizik. Elkarren oso ezberdinak izanagatik, denek konpartitzen dute zerbait: arriskuak hartzen dituzte, traizio egiten diote gidoiaren esku-liburu ortodoxoari eta euren istorioak kontrolatzen dituzte. Spike Jonze, Being John Malkovich eta Adaptation filmekin harritu gintuen zuzendariak, jatorrizko gidoirik onenaren saria jaso du aurten Her filmari esker. Aurrekoak baino gozoago den komedia ekarri digu oraingoan: bere sistema eragilearen ahotsarekin maitemintzen da Joaquin Phoenixen pertsonaia.  Ez zaigu batere zientzia fikziozko egiten, protagonistak eskuko telefonoaren bidez mundua liseritzen duen gizartea geurea baita eta ez etorkizunekoa. Harreman fisikorik gabeko ahotsak baditu bere abantailak –tira, onartu beharra dago ahotsa ere fisikaren legeen pean dagoela, esan dezagun ukimenezko harreman–. Esate baterako, ahotsa gorputza baino polikiago zahartzen dela, eta geure soslaiari egokitutakoa denez ahots horrek esaten diguna –ordaindutako zerbitzua da, ez dezagun ahantz–, guk entzun nahi duguna baino ez da izango (“ispilutxo, ispilutxo...”).  Bigarren abantaila da hori: gezurra errazten du. Publiko zabalagoa erakartzeko bere idazkera eztitu duen arren,  filmak ateraldi ederrak ditu, hala nola, telefonozko harreman sexual batean desinhibizioak eragiten dituen ezustekoei buruzkoak, edota Scarlett Johanssonen ahotsa zientoka maitalerekin konpartitzea onartzen duen protagonistaren etsipenaren gainekoak.  Her filmeko protagonistak etorkizun hurbileko idazle mota baten aukera ere iradokitzen du: Joaquin Phoenixen pertsonaiak gutunak idazten ditu ogibide bezala. Zerbitzu pertsonalizatua da, idazteko denborarik edo irudimenik ez duen jendearen ordez egiten du lan hori. Eskuz jasoko ditu hartara, lege zaharrean, maitaleak hitz gozoak, amak oporretatik igorritako postal maitakorrak, benetan nork idazten dien jakin gabe. Idatzi diogu, bana Jonzen gidoia ironikoagoa da are: idatziz eta kaligrafia pertsonalizatuarekin jasoko diren gutun horiek diktatu egiten baitizkio protagonistak ordenagailu bati, hark egin dezan kaligrafia ariketa bere ordez, kiribila areago bihurrituz. Ahoz esana ekuizkribu bihurtzen da; inork ez du deus idazten, baina garai bateko dardara kaligrafikoaren fetixea bere horretan mantentzen da.

  Ezin uka gidoigilearen ofizioa literarioa denik. Jainko txiki hauek protagonista diren nobela bat  baino gehiago datozkigu burura.  Gure artera heldu den azkena Steve Tesichen Karoo izan da. Bestek idatzitako istorio traketsak “konponduz” lan egiten duen gidoigile baten istorioa, harik eta gidoi perfektua jaso eta ataka larrian topatzen duen arte bere burua. Perfektu den gidoi hori doitzeari uko egingo dio eta soldatarik gabe geratu, ala maisulana izorratu eta kobratzea hautatuko du? Aspaldian irakurri dudan nobelarik dibertituenetakoa da Karoo. Tonino Benacquistaren Saga ekartzen du gogora. Lan hartan, frantsesezko produkzioaren kuota osatze aldera, gaueko ordu txikietan eta oso ikuslego urriarentzat telesail bat idazteko enkargua jasoko du gidoigile talde batek. Baldintza bakarra jarriko diete: ekoizpena ahalik eta merkeena izatea. Katearen batere federik gabe jaiotzen den lanak, ordea, arrakasta erabatekoa lortuko du ezustean, Frantzia erdia insomniora kondenatuz.

  Baina gidoigileei buruz idatzi diren istoriorik ederrenak, beharbada, Scott Fitzgeraldek eman zizkigun The Pat Hobby stories liburuan. Ezagunak dira The Great Gatsby nobelaren egileak Hollywoodekin izandako harreman gatazkatsuak, eta narrazio laburrez osatutako bilduma honetan mendeku hartu zuela esan daiteke. Ipuinik barregarrienetako batean, aktore bati dirua eskatzen saiatzen ari dela, nahi gabe filmaketan sartzen da Pat Hobby gidoigilea. Ekoizlearen ahotik epelak entzun ondoren, filmean aktore bezala agertzera derrigortuko dute, izorratu duen beste eszena horretan bere agerpena justifikatuta gera dadin. Beste istorioetako batean, atrezzoko kapela bat lapurtuko du, benetakoa erosteko dirurik ez daukalako.

  Pat Hobby miseria gorrian agertzen da beti. Ez zen Fitzgeralden kasua izan: ez ei zuen asteko mila dolar baino gutxiago kobratu sekula (Faulknerrek 450 kobratzen zituen garaitsu berean). Pat Hobbyren hamazazpi  ipuinen truk, ordea, 4.500 dolar baino ez zizkion Esquire aldizkariak ordaindu.

  Ez da zaila ulertzen zergatik egin ziren idazle asko gidoigile.