Zazpi aldiz Panero
BAT. Coca-cola eta tabakoa ei ziren bere erregaiak, baina zin egingo nuke orduko hartan ardoa zela, ardoz betetzen ziotela kopa ETB2ko programa hartan egin zioten elkarrizketan, aurkezle izutuaren kontraplanoa baliatzen zutela kopa hura behin eta berriro betetzeko, trago bakarrean hustu orduko –horra mirakulua– berriro ere beterik agertzen baitzen. Duela urte asko izan zen hori, ez dut Youtuben topatu eta ezta nahieran ere. Baina nire VHS memorian iltzatuta daukat. Ia ziur ETB2ko gaueko magazine batean izan zela, literatura ez baizik eta freak jendea saritzen duten programak bai baitzeuden orduan ere. Aurkezleak opari bat ekarri zion Leopoldo Maria Panerori –libreta bat edo halakoren bat– eta honek mespretxuz baztertu zuen, batere estimaziorik gabe. Hurrengo planoan aurkezle zurbilak listua irentsi zuen. Eta hurrengoan Panerok kopa hustu. Ematen zizkion erantzunak ez ziren aurkezleak esperotakoak, eta ezta hark espero bezain luzeak ere. Eroak ez zuen eroarena egin. Askotan gertatu ohi den bezala, elkarrizketa amaieran garbi geratu zen aurkezlea zela han freak bakarra.
BI. Duela hogei bat urteko kontuez ari naiz. Javier Sardaren sasoirik onena zen: SER irrati katean La ventana saioa gidatzen zuen –La ventana saioaren sasoirik onena ere bazen; zirkua eta ogia, baina ogi mamitsua–. Gizartearen ertzetako jendea elkartzen zuten astean behingo tertulietara. Kartzelako jendea. Psikiatrikoko jendea. Gorroto genituen erakunde hertsakorrak. Eta erakunde hertsakorrez ari garela, bazen tertulia hura unibertsitateko eskoletara huts egiteko arrazoi nahikoa. Garai hartan, Arrasateko psikiatrikoan bizi zen Leopoldo Maria Panero –bere borondatez, nonbait, horrek harritu gintuen gehien– eta Globo Rojo izeneko aldizkaria argitaratzen zuten bertan. “Zoroek” euren albistegi propioa idazten zuten, mundutik at. Mundu berri batean. Mundu birtual batean. Internet hitza ez genuen entzun, artean. Debozioz erosi eta irentsi genuen Globo Rojo aldizkariko antologia.
HIRU. Sinesten genuen eromenaren eta haurren egiaren esaldi topiko eta, hala ere, benetakoa. Geure buruari edo lagunei buruz hitz egiteko aiseegi erabiltzen genituen paranoiko eta eskizofrenia hitzak. Ez genuelako benetako paranoiko bat inguruan, zinezko eskizofrenia bat ez genuelako ikusi eta nozitu sekula. Eromena literarioa zen, arauaren haustura. Eromena idealizatu egiten genuen. Zoro e(r)romantikoaren mitoa; habiarik egiten ez duen kukuaren habia. Horren lekuko, Paneroren Heroina poemako irudia: “piko bat sartzen dudanean oreinen adar berdeak ikusten ditut nire besoetan”. Geroztik ez dut nire besoetan besterik ikusi.
LAU. Emak Bakia Baita klubak, Atxaga, Ordorika, Iturralde eta konpainiak, Garziarena egunkari poloniar zoragarria argitaratzen zuen, plegua baino gehiago izara zen fanzinea. Bertan irakurri genuen Paneroren poema hura: El hombre que sólo comía zanahorias. Euskaratuta errezitatzen hasi ginen zuzeneko emanaldietan. Oso ongi funtzionatzen zuen haur literaturaz mozorrotutako poema berdadero hark. Hogei urte beranduago, bozgora irakurtzen segitzen dudan poema bakanetakoa da: “Azenarioak baino jaten ez zituen gizona/ arratsero irteten zen, arratsa baita azenarioen ordua;/ (...) eta eguzkia ezkutatzean/ orroka egiten zuen azenarioei deika./ Azenarioak baino jaten ez zituen gizonak/ ilaje gorrizta zeukan eta letaginak luzeak,/ azenarioak hobeto ebaki ahal izateko, eta zango arinak, hobeto korri egiteko, izan ere,/ beldur baitzen gizakiez, eguzkiaz baino areago”. Hain gurea zen eta da beldur hori. Azenarioak baino jaten ez zituen gizona izango da beti niretzat Panero (edo Peter Punk, Ordorikaren ahotsean, Madrilgo Cafe Centralen).
BOST. Zinera zaletu ginelarik, El desencanto ikusi genuen. Panero anaietan eroena ez zela Leopoldo Maria bera, ez zela psikiatrikoan zegoen hura. Han ziren Michi eta Juan Luis ere. Biak zoroak. Biak psikiatrikotik at. Biak idazle, leinu aristokratiko baten ondare agortuaren azken arrasto. Euren inteligentzia eta sormena xahutzen zuten izaki autosuntsitzaileak.
SEI.
Hitzaldi bat ematen ari da Leopoldo Maria Panero. Egun ona dauka. Buruz
botatzen ditu poeta alemaniarren aipu luzeak. Hainbeste droga legezko eta legez
kanpokok, nola ez diote garuna jada erabat kixkali? Harengana hurbiltzeko
iradokizuna poeta lagun batek. Errefus gonbiteari.
ZAZPI. 2666 nobelan pertsonaia bihurtu zuen Roberto Bolañok. Hori zen, akaso, haren patua. Bere zoritxarra? Paperaren beste aldean ez jaio izana.
Territorios gehigarrian