Publikoaren arreta

30 de Mayo 2008

Ez zen Bill Evans piano jotzailea pertsona erraza. Bizitza ere ez zuen erraza izan, eta –nola ez bada– inguruan zituenei zail jarri zien. Harry anaia (piano irakasle alkoholikoa berau) eta Ellaine emaztea suizidatu egin zitzaizkion, azken hau, gainera, Evansek harengandik banatu eta fan batekin ezkontzeko asmoa zuela aitortu berritan. Hori gutxi balitz, arima musikal bikia zuena galdu zuen 1961ean, bere hirukote mitikoko kontrabaxu jotzaile eta lagun mina: Scott LaFaro ahaztezina. Hogeita bost urte besterik ez zituela zendu zen LaFaro auto istripuan, eta benetan sentitu zuen Evansek haren galera. Laguna galdu ondotik, Bill Evansek heroinarekiko zuen menpekotasuna handitu eta New Yorkeko kaleetan LaFaroren arropak soinean jarrita alderrai ibili zela kontatzen da. Gaur egun jazzaren historiako klasiko jotzen den Sunday at the Village Vanguard diskoa eta haren segidakoa  (Waltz for Debby) grabatu eta handik hamar egunera hil zen LaFaro. Hain gazterik joan zenaren ondare musikalak ez sinesteko moduko freskotasuna du gaur egun ere, ia berrogeita hamar urte joan diren arren; ez da beraz batere harritzekoa, jazz zaleen ahotan noiznahi entzutea LaFaroren izena (aipatzekoa da jaso dituen hamaika aitortzen artean Gonzalo Tejada kontrabaxu jotzaile donostiarrak ondu zuena: En tránsito diskoa grabatu zuen haren omenez, 1999an). Berriki argitaratu da Vida y música de Bill Evans biografia, bai eta Live at Balboa Jazz Club, Evansek 1979an Madrilen egindako emanaldiaren grabazioa ere. Evans ez zen sobera hiztuna kantuak aurkezteko garaian: aurpegia maskara hotz baten gisakoa zuen, sentitzen zuena bere golkorako gordetzen laguntzen zion maskara hieratikoa, eta beharbada, burua ia teklatua kopetarekin ukitzeraino makurtuta jotzeko zuen modu berezia zen bere keinurik propioen eta espresiboena. Gaur egun haren lorratza jarraitzen duten piano jotzaileen artean, Brad Mehldau kementsua aipatzen da sarrien (bere hirukotearekin egindako bi ordu eta erdiko zuzeneko kontzertu mamitsuaren grabazioa argitaratu berri duena, bide batez).

            Jende askorekin aritu zen Bill Evans lankidetzan, horien artean Miles Davisekin, Kind of Blue erreferentziazkoan. Baina Bill Evansen hirukoak 1961eko ekainaren 25ean New Yorkeko Village Vanguarden grabatutako bi diskoak dira bereziki gaur aipatu nahi nituzkeenak. Edo zehatzago esanda, New Yorkeko jazz club ezagunenean grabatutako bi disko hauetako atmosfera. Hiru hilabete daramatzat behin eta berriz bi disko horiek besterik entzuten ez dudala. Aitortu behar dut musika erabat dela katigatzailea, baina mila bider diskoa entzun ondotik, Bill Evans, Scott LaFaro eta Paul Motian hirukoak egindakoaren baitan baino areago, hertsiki musika ez den horren baitan jarri dut arreta azken asteotan: zaratan, kontzertuaren giroa osatu eta soinua zikintzen duten interferentzietan. Izan ere, XX. mendeak eman dituen musikaririk onenetariko hiru Village Vanguarden zuzeneko diskoa grabatzen ari diren bitartean, zer egiten du mahaietara eseritako publikoak? Zein da bere jarrera? Isilik egon eta kantua bukatzen denean txalo egitea? Ez horratik. Grabazioa entzunda, nabarmen geratzen da txaloak epelak direla, inolaz ere ez sutsuak. Hirukoteak pausatuki jotzen duenean berriz, berealdiko burrunba entzuten da jendearen aldetik: tai gabea da marmarra, kafe makinaren ziztuak eta kolpeak entzuten ditugu etengabe, berbetan ari da entzulegoa (?), barre egiten du inolako erreparorik gabe emakume gazte batek (kontziente izan balitz bere barrea grabaturik geratuko zena, egingo ote zuen hain algara ozenik? “Arrazoi gehiagoz”, esan lezake norbaitek...). Musikari eskisitoak muturraren parean izanagatik, New Yorkeko jazz lokalik esklusiboenetako batean egonagatik, ez zirudien entzuleek bizitzen ari ziren unearen kontzientzia gehiegirik zutenik. Kafetegietan poemak irakurri edota kontzertuak egiten dituzten poeta eta kantari kexatiekin akordatu naiz: zein gogaikarri suertatzen zaien edozein zarata txiki edota elkarrizketa. Baina duela berrogeita hamar urte ere, non eta jazzaren mekan, Village Vanguarden, gauza berbera gertatzen zen. Une historiko bat bizi duenak gutxitan izan ohi du horren kontzientziarik, eta izanagatik ere, bost axola zaio. Zergatik, baina? Formazio falta? Errespetu falta? Sentikortasun eskasa da arrazoia? Gehienetan publikoaren inteligentzia goresten da gure kulturan, bezeroak beti arrazoia dueneko matraka –adagio?– konplaziente hori nagusi den heinean. Baina apika arrazoi zuen Gilbert K. Chesterton zirtolariak, jendeagatik balitz, Gioconda aspaldi sukaldeko trapu bihurtuta egongo litzatekeela esaten zuenean.  

Territorios gehigarria