Kamishibai (japonieraz, “paperezko antzerkia”), ipuinak kontatzeko modu bat da. Horretarako, marrazki lamina sorta bat baino ez da behar: sortako lamina bakoitzak irudi bat du alde batean eta testua bestean. Kontalariak hiru ateko euskarri batean –butai izeneko antzokitxo eramangarrian– jartzen ditu laminak eta banan-banan erakusten dizkie irudiak ikus-entzuleei, istorioa kontatzen duen bitartean.
Herririk herri mugitzen ziren gozoki saltzaileak ei daude kamishibaiaren jatorrian. 1920ko hamarkadaren amaierako krisi ekonomikoaren erdian, bizikletaz Tokioko auzoetara iritsi, karraka baten zaraten bidez haurrak erakarri, eta ipuina kontatu ostean, haurrak artean liluraturik zeudela, errazago saltzen omen zituzten litxarreriak.