Itzal zaunka

Ulu nik hari

Beheko-suan zirtaka enborra, run, run;
norbait ate-joka...       
Haizeak leihoan burrunba, run, run...
Nor demontre ote da?

Kolpe bat, kolpe bi...
Atean nor ageri?   
Arimarik ez kanpoan baina, run, run,  
aztarnei segi.

Giza-urratsak ematen dute,
baina ez da seguru...   
Arima erraturen bat ote?  
Ezin da jakin...

Pauso bat, pauso bi,
elurretan emanik...   
Raus! Bizkarrean atea itxi.

Orain ni naiz etxetik kanpo;
elur-ekaitza dator,   
etxe barruan itzal bat dabil…

Ate-joka alferrik nabil: sarkina etxean!
Atarian beroki zahar bat, run run,
laga du niretzat:
ordaindu, larrutik eta gozatu barrutik…   
Baso aldera banoa arin, banoa arin.

Otso bat, otso bi..., otsoa neroni!     
Ilargia balitz ageri, ulu nik hari!

Inoren larruan oinez dabilen
otsoa neroni...

Ulu nik hari (Elkar, 2017)

Konforme

Rocka hala da ze,
ez da atseden gozorik.
Errepide ertzetik
kanpamentu berrirantz.
Oroitzapen bat utzi,
besteenak gustura entzuteko:
sutondo bat bada,
han ni nago konforme.

Bakarkako lehian,
han ez nago konforme.
Nabarmendu nahian,
han ez nago konforme.
Inork gu oroitzeko,
guk gogoratzen ere jakin behar.
Ohaiderik bada,
han ni nago konforme.

Panpinak soka du fin,
lazo goxo, urkamendi... 
Jendea beti gose,
asko eta asko buru eske...  

Zu bazina gose,
ez nengoke konforme.
Asetuen irlan,
han banago konforme.
Han ni nago konforme.
Han nago ni.

Itzal zaunka (Elkar, 2016)

Kantua garaiz

Txikitan gara ustez betiko,
hanka puntetan sarri,  
sehaska altuen gainetik.   
Gu, kantu-entzule isil.

Gaztetan amodioa tragiko
–nahiz ezer ez oso finko–,
limurtu nahian,  
azalak nahi ditugu leitu.   
Gu, askatu nahian.

Heldu ondoren ere zerbait nahi...
Egun eta aste, etortzen ez denaren zain,  
aingurak jotako aingeru.
Gu, kantari, aizu!

Gero, dena akabo, egundo,  
txorimaloen artean txorimalo:
“Egizu ume lo, egizu ume lo...”.
Gu, besteen loarazle.  

Gizon izan, izan emakumezko,
bizi gaitezen eskatzea ez da asko:
bizi gaitezen ba, ez aspertzeko.
Gu... kantuan garaiz.

Hilobian lasai etzan orduko,
orain bai, nahi duguna dugu kantatuko
–inork ez digu aginduko–.

Gor, mutu, askatu nahian.

Gor, mutu, kantatu nahian…

Itzal zaunka (Elkar, 2016)

Ganbara txikietako konspiratzaile

Gaur ez gaude, ez, guztiok:  
lagun zaharrak non zaudete?  
Zerrenda ozenki pasatu dugunean,
hutsuneak agertu zaizkigu nabarmen.
Dagoeneko piztiek
txoko denak hartu dituzte:
geltoki, moila, mendi eta
etxeetako ohe.  

Ez dago taxirik libre
–aske, zer esanik ez...–.
Euri tantek betazaletan
nekea arintzen dute.  
Ezpata eskutan  
ez ei da betiko:
uko egin gauei.
Bakea ikasi nahi,
ezpatak ahazteko.
Men egiezu orain
garai eztiei,
ai, eztiei,
mamuei...  
Sokak
–astiro sokak–
aska itzazu,  
berri batzuk lotzeko,
kamarada zaharrei
goroldioa eranstean.
Atzoko bazter...  
berpiztuko balira,
zenbat keinu eder!
Ganbara txikien
konspiratzaileok
aspaldi moztu genuen
gure zilborrestea.

Itzal zaunka (Elkar, 2016)

Bukatzen jakin behar

Jakin behar da bukatzen,
bidetik bazterreratzen:
besteei bide.
Gutun bat utzita mahaian,  
despedidan aitzakia sorta bat.
Deus esan gabe joan zaitezke,  
beste norbaitek zugatik buka dezan.
Kirofanoan gaixo bat dago
inork sabela ixteko eske...  eta zu urruti.  
Azken ardo kopa hori
ez duzu zertan amaitu.
(Amaitu!).
Azken direnik ezjakin
ematen diren musuak ote onenak?
Atea itxi ondoren
bestaldean geratzen dena
ezereza da.  
Lurrun bihurtzea ere
ez da plazer txikia, ene, batere!

Puzzlearen azken pieza
patrikan sartuta ospa egizu.  

Zauri ireki bilduma hori
ez dago zertan jasan
gehiago.

Jakin behar da bukatzen,
bidetik bazterreratzen:
besteei bide. 

Itzal zaunka (Elkar, 2016)

Zakur ilun, begi urrekara

Zakur ilunak ditu bi begiak
urre kolorekoak; hala da ze,
zer nolatan, bestela, gauez ikusi,
begi horiekin ez bada, dena
argi, klaro eta bereizi?

Norbait bere borondatez errekan dabil:
murgildu da eta kito, ez daki igeri!

Zakur ilunak, baina,
urre begiak dauzka-eta,
gu baino urrunago ere
ikusteko gai denez,
dena du ikusi.   

Justuak itxaroten justiziari.
Honek zentzurik badauka?
Apika batere ez!
Zakurrak zaunka bitan, jaun-andere,
ebatzi du bere ustez,
–urrea begi bitan, distira–:
“Hator, begi iluneko gizon ilun;
urrezko begiak hiretzat dituk orain!”.

Oinez eskutik bi likantropo,  
–nahiz eta ez jakin “bi” noiz arte...–.
Urrea oparitzean damutu egin da…  
errazegi eman du eta
ilun dituzte begiak biek orain.
Distira horren berri  bila   
norantz joan garaiz?
     
Non da urrea orain?  Non da urrea, esan?

Itzal zaunka (Feat. Petti. Elkar, 2016)

Gauaren izpi

Zaldi bat  da denbora,
trosta eta ahuen.
Betikotz estu, larri edo
estu-hartzaile.
Zaldi bat da muinoetan,
beltz edo zuri.
Aukeratu zure gustu, kolorea zein den:
gauaren, gauaren izpi bat zaren;
gauaren altzoan esnatzen.
 
A zer zaldun! Zikin-brillo distira zapatek.
Bakarrik hil, edota denek akatu zuten?
Gauaren, gauaren izpi bat bazen:
gauaren altzoan joan zen!
 
Zugatik beti poztu naiz, zenbat aldiz?
Zu, berriz, pozteko ezgai...
Eta zergatik?

Jendea bizkor ahaztuko duzu,
ziur zaude...  
Denborak laster esango digu
benetan zu ere  
gauaren izpi bat zaren,
gauaren altzoan lokartzen...

Gauaren izpiak garen,
gauaren distira dotore.

Itzal zaunka (Elkar, 2016)
Ver el videoclip

Zakur amets deritzo

Amets baten barruan
esnatu zakurra.
Eskuak eskaintzen dit
janari apurra.
Baina esku leunetik  
nahi nukeen ura
miazkatu behar dut
putzuen kontura.  

Zakur amets deritzo
ameskaiztoari,
labana min dagien
zure aiztoari;
baina ez da izenik
jartzerik komeni
bidean urruntzen den
neskaren soari.

Sarritan hanka bitan
balantza, tristura,
alaiagoa ez da
lau zangoen duda.
Zeri heldu ez dugu,
hau ez da itxura:
euri tanta bakoitzak
dirudi aingura.

Zakurra, neskatila,
bagoaz aurrera.
Elkarrekin joateko,
pausajea bera.
Ekipajerik gabe,
elkarrena gera:
ni zure maleta naiz,
zu nire aukera.

Itzal zaunka (Elkar, 2016)
Ver el videoclip

Dantzari bakartia


Sinesteak abantailak
omen dauzka...
Fededunak fedez dio:
“Igo hadi; izan fede, azken trena,
hau duk-eta...”
Nik ez dut sinestu nahi,
tren horretan.

Azken trenik ez dago:
tren guztiak badoaz eta badatoz beti
ziraldoka...
Paisajeak hortxe dirau
guri begira.
Tren hau ez dut hartu nahi:
har ezazu zeuk.

Keinua da denbora
ehuntzeko
daukadan modua.
Hemen dantzatzea gutxi
balitz ere, pozik dantzari ni:
bakarti, leun.

Sobera ez harrotu:
paisajea,  ez gara besterik.
Geltoki hau ederra gelditoki.
Ez dut mugitu nahi:
mugitu zeu.

Jostunik ez da hemen: jostun nabil.  
Akastunak akatsik ez: nik neuk egin.
Santurik honantz bazatoz,
ez geratu, ez dut mintzatu nahi
santuekin.

Keinua da denbora
ehuntzeko
daukadan modua.
Hemen dantzatzea gutxi
balitz ere, pozik dantzari ni:
bakarti, leun.

Dantzan dut sinestu nahi.

Itzal zaunka (Elkar, 2016)
Ver el videoclip

Zingira

Zingiran, adi, sartzear hago:
zapata onak ekartzea hobe.
Ustez urrutian hobeto
–gertu lotuta hanka eta beso–:
“Orainaren likak preso nauka hemen:
aska nazan, hi...” .
 
Zingiran sargori:   
denok hiltzaile;
bart gaueko zorrak
inork gogoan ez.
Txanponik ez neukake emateko,
–asmorik ere ez eskatzeko–.
Basoan edo eta errekan,
aingira kolkoan:
inor ez da libre.  

Zingira ez da babesteko lekurik onena...

Beste nonbait babestu adi, laguna!

Zingira ez da babesteko
–izan hotz, edo izan bero–.
Sartu laster, sartu haiz baino...  
atera?  

Lokatz umela da hemen zorua,
lur finkoaren bermerik ez espero.
Kanabera artean ezkutatuta,
zer ume zarete, bakarrik hor?
Krokodilo! Erne daukat begia,
hagina ez sartzeko: inor ez da libre.

Zingira ez da babesteko lekurik onena...

Beste nonbait babestu adi, laguna...
 
Zingira ez da babesteko
–bizkarretik tiro noiznahi...–.

Zingiran ez dut babestu nahi...
Ez dut nahi!   

Zingira ez da babesteko ihesi doana...

Zingira ez da babesteko zingiretatik...  

Zingira ez da babesteko desengainu zaharretatik...

Begira non sartu haizen: harea mugikorretan.

Itzal zaunka (Feat. Andrea Lopetegi. Elkar, 2016)

Txakur txiki

Txakur txiki bat etxean
geneukan kutxa batean,
otso beltz batek, derrepentean
ostu, ostu zigunean.

Eltzeitsuko txakur txiki,
ezin da bakarrik utzi:
txakur txikiak, ai, txakur txikiak
behar du norekin igurtzi,
norekin igurtzi.

Askoren(tzat) [edo: “askorentzako”] (da) zaunka  
bakarraren(tzat) mauka.  
Txakur zaunkaria
ala horzkaria hauta, hauta.
 
Txakur txikiak, ai, txakur txikiak
zaindari onak behar ditu beti,
behar ditu beti.

Hortzetan duzuna a(ha)ztu,
baina hari sendo heldu.
Nola ahantzi senari ikasitakoa,
Ikasitakoa?

Askoren(tzat) [edo: “askorentzako”] (da) zaunka  
Bbkarraren(tzat) mauka.
Txakur zaunkaria
ala horzkaria hauta, hauta.

Nik beste hau dut buruan,
kaskezurraren barruan:
txakur handiak txakur txikiak behar inguruan,
behar inguruan...

Handiak txikiak... behar inguruan... 

Itzal zaunka (Feat. Lidia Insausti. Elkar, 2016)

Biribila bada

Gutunik balitz,
bidaliko nuke bueltan gehiago.
Urrun da bere soa:
gutunik ez dator.
Pago, pikondo...
ahaztu ditu itxuraz mendiok.
Jada bakarrik nago   
izarak zimurtzen.
Uztarik ez da etortzen
nik lehen bidalitako
laztan eta
postalen truke.

Gaur postaria
gonbidatu dut gosaritara.
Kafe-pattarretan blai,
azukretan lepo.  
“Niretzat zer dakarzu?”
galdetu diodanean:  
“Miraririk
ez dut egiten, anai”.

Hain urrun da ze,
gertu behar baitu   
halabeharrez,   
mundua biribila
baldin bada behintzat.

Itzal Zaunka (Elkar, 2016)