Azalaren sakona

Sinesten dut gauza askotan, 
baina ez goi-goikoetan. 
Sinesten dut behetik gora
ezkerretik eskuinera
irakurtzen den lerro honetan,
ametsetan eta loan
(gizakian ez gehiegi, 
egia esatekotan). 

Maitaleen burletan,
xuxurla-hasperenetan;
ukitu ditzakedan 
hormetan, bihotz ahuletan. 

Ziurtasunen gezurra, 
gezurraren ziurtasun: 
niri gertatutakoa
nola gertatuko zaizun... 
Zalantzan bai sinesten dut, 
zoriak arrazoi dauka: 
hari batetik dilindan 
gaude, inortxok ez gauzka. 

Izerdian, lan eskuan... 
injustiziaren suan, 
otso-gizonen uluan, 
izkinako aingeruan, 
Berlin gaineko zeruan... 

Sinesten dut salbuespenetan, 
bakan gertatzen diren gauzetan; 
gauak, bat-batean, fruitu bat bezala
askatzen duen begiradan, 
eta batez ere, zure azalaren sakoneran. 

Ama (Tenpora, 2024)