Inozoa ispilu bila
Inozoa goizetik
dabil ispilu bila;
kalean aurkitzeko
badu aukera pila.
Isladak isladari
antza dio nabari:
“biok berdinak gara,
parez parean jarri!”
Behetik berdintzea,
hau bai patu pobrea!
Lokatzetan murgiltzea
ez ote da hobea?
Ispilu, ispilutxo,
erreinuko ergelen,
atleta naizela dio
eta naiz buru-herren.
Berdinak eta lauak
zango biko ispilu,
simetria triste honek
biok berdindu gaitu.
Ispiluak distira
omen bere bertute;
bi ispiluk parez pare
zer isladatzen dute?
Ispiluak distira
omen bere bertute;
bi ispiluk parez pare
nire antza al dute?
Ispilu zurrupatzaile,
inozoen ispilu:
erdian harrapatuta
zurrupatuko zaitu.
Ispilu, ispilutxo,
erreinuko ergelen,
atleta naizela dio
eta naiz buru-herren.
Manipulazio estrategiak (*Zart, 2020)
Entzun hemen