Helduentzako sehaska kanta (II)
Gailu beltzen pantailetan
glamurra okagarri,
hipnosi susmagarri bat,
amnesia hilgarri.
Baina ez zaitez kezkatu,
eskutxoa ekarri:
telebistaren mandora,
ohituko zara aurki.
Telemando edo dildo,
pixelezko haragi,
mandoaren orpoari
xuxen-xuxenka segi.
Arriskuetatik libre,
idi-kartola begi,
malkoak odol gorri
niniak dira eri.
Haurrentzat ona sehaska,
helduentzat ze nazka!
Kontu vintage bihurtu da,
honezkero gatazka.
Txutxu-mutxu ziztrinena
notizia bihurtua,
bihotzeko albisteei
gibeletik lotua.
Euli baten hegadak
nau hagitz distraitu,
moda, sona, txorimalo
eta freakyen maisu.
Saten traje baten bila
dabil Satan kaikua...
“Nork nori eman dion,
badakizu muxua,
Lolita probokatzaile,
ala haren maisuak?”
Ergelen gelan sartzeko
jakin beharrekoa.
Haurrentzat ona sehaska,
helduentzat ze nazka!
Kontu vintage bihurtu da,
honezkero gatazka.
Helduentzat sehaska,
barroteei egin hazka:
sehaska goxoegian
hilko gara dardarka...
Manipulazio estrategiak (*Zart, 2020)