Denborak badaki

Zuk ez bultza; berez doa. 
Presarik ez, alferrik da.
Orain, gero eta beti 
lorarik lora 
doa denbora. 

Orain geldo, gero salto… 
Izoztuta ematen duela ere, 
aurrerantza, lorarik lora
doa denbora…  

Arrastaka, lau-zangoka,  
zutik dago, belauniko,   
noranahiko… 
Atarian geratu den 
uste hori duzun arren, 
ustela da, sartu zaizu, 
etxe barruan da denbora. 

Zuk ez eska, berak eman… 
Zuk ez galde, hark erantzun… 
Nahiz zuk ez nahi, 
berdin zaio.  
Nora arraio
doa denbora? 
Bidali du mezulari isilena, 
neskatxa bat 
belarrira xuxurlatuz: 
“Lorarik lora doa denbora…” 
Bat idortu, bi erne;
atzo umo, gaur maxkal.
Biak maite itzazu:  
idor dena eta
berdin kimu leuna.  

Errautsgai dira. 

Orein baten begiradan,
edo saien mokoetan; 
denbora da brinkoz brinko:
ez hartu lo, ez hartu lo…  

Denborak badaki zu heltzen kolkotik.
Denborak badaki laztantzen altzotik.
Denborak badaki erditzen osotik. 
Denborak badaki zu lotzen orpotik.
Denborak badaki ozpintzen gozotik.
Denborak badaki bihartzen atzotik.  

Berriro asma nazazu (Egilea editore, 2020)