Maite Larburu


Zirrikitu baten

Zaldibar in memoriam

Zeru ta borondate 
pitzatuta zeken, 
lurra arrakalatu 
berearen eske. 
Bizilegea dela 
hondamendi, neke, 
esan ziguten 
eta aizu, baliteke!

On da mendia, halere, 
hondamendira arte: 
eguna hastear edo 
eguna bukatzen: 
amaitzen ari gara, 
ala soilik hasten? 
Argia ederren da 
zirrikitu baten…

Maizter (*zart, 2025)







Nire insomnioa

Nire insomnioa Wyoming edo beste edozein estatu karratu
Nire insomnioa idi baten sabel taupatia  
Nire insomnioa erbi ehiztari     
Nire insomnioa baloi medizinal
Nire insomnioa atetik sartzen ez den altzari
Nire insomnioa egunez sekula idatziko ez ditudan ideia maisumaistrazkoak  
Nire insomnioa bila nabilen eta aurkitu ez dudan
Nire insomnioa aurkitu dudan eta bila ez nenbilen 
Nire insomnioa baiezko otzanen mamuen damu amu
Nire insomnioa hegaldatu ez den kometa, bahiketa 
Nire insomnioa Batman balitz sorbeltza 
Nire insomnioa Jesus don´t cry!
Nire insomnioa emearen eta enearen arteko labar etabar
Nire insomnioa hitz pornografikoekin balizatutako itsasoa
Nire insomnioa Bergaran besarkada 
Nire insomnioa ituna, itogina
Nire insomnioa Cojo Manteca Keyser Söze herren pilaketa
Nire insomnioa gonaduna zipperduna, bizarduna, aluduna
Nire insomnioa lore bat eta ez du mea culparik
Nire insomnioa plagiatzaile doilor
Nire insomnioa eraikitzen ari zirela ehunka erromatar hil ziren akuedukto
Nire insomnioa erdian elkar topatuko dugulakoan zure insomniorantz tunel bat zulatzen 
zure insomniorantz nire insomnioan
Nire insomnioan ito zaitezke behin eta berriro
Nire insomnioan iruten ari 
Nire insomnioan nobela guztiak dira bostehun eta bat foliokoak 
Nire insomnioan haikuak e-mailak waxapak idazten buruko karruselean
Nire insomnioan “maitea” idazten dut beti sekula ez “estimatua” 
Nire insomnioan zaborrontzia eta spam mezu guztiak
Nire insomnioan Brad Mehldau kontzertu ostean bakarrik erretzen Wabasheko izkinan 
Nire insomnioan lan zerrendak eta hildako lagunen suizidioak
Nire insomnioan harrek sagarrak jaten dituzte eta ez hildakoak 
Nire insomnioan larrua jotzen ari zela okerreko izena esan du bizilagunak
Nire insomnioan ura edan eta hoditeriak marru 
Nire insomnioan yogur bat jan 
Nire insomnioan lurra inarrosi ordu txikietan barru
Nire insomnioak maite ditudan guztien hiletak antzeztu 
Nire insomnioak Michigan laku izoztuan aurreskua dantzatu
Nire insomnioak banku korronteko zenbaki gorriak Brönte ahizpak eta Axular irakurri ditu 
Nire insomnioak gaixotasun guztiak  
Nire insomnioak prospektuak oro
Nire insomnioak saminean lagun amets biribilak irabiatu eta birrindu   
Nire insomnioak ameskaiztoen metraila egurrezko habeetan
Nire insomnioak kintsugi pitzadura urrezko
Nire insomnioak loaren realpolitik-a aldarrikatzen du
Nire insomnioak ez du miraririk egiten baina oso-oso ona dago
Nire insomnioak hamaika
Nire insomnioari bost
Nire insomnioa eguneko lehen argiak zurrupatzen du 
Nire insomnioa ez da nirea
Nire insomnioa ez da nirea
Nire insomnioa ez da nirea idatz nezake arbelean ehun aldiz
Nire insomnioa ez da nirea 
Nire insomnioa ez da nirea
eguneko lehen argia nirea ez den ber gisan. 

Loti (h)errena (*Zart, 2022)


Igualak igual

Xehetasun xeheak, 
ñabardura ñabar, 
sentimendu handiak 
ttipiak eta abar... 
Bizitza bakarrean 
hogei bat hatzamar; 
bizitza bakarrean 
hitzak, aski, hamar:

“jaio”, “hazi”, “etorri”, 
“triste”, “pozik”, “joan”, 
“bidea” zenbat aldiz? 
–“maitasuna” 
behin?
Ez,
bitan!–.

Xehetasun xeheak, 
ñabardura ñabar, 
eta azken hitz hori 
denontzako bistan, 
bakarra izan arren 
astuna benetan... 
Ez dut hemen esango
hitz hori, utikan!

Ez dut hemen esango 
izan arren uhal, 
–denoi lepotik tiraz 
goxo edo suhar–, 
ezin diogulako
 ihes egin ahal, 
“agian” eta “berdin”
 biak dira “igual”; 
“agian” eta “berdin”, 
igual...

TEORIAZ ORTZI EA 
OHITZERA HARTZE 
OI ATZI ERO ATZO ERI
HAIZ ETOR AZTI ERO

ZAI RETO AIZTO RE 
ERO TAZI HAZI ORTE 
TIZA ERO ZOE TIRA 
ARE ITOZ HORITZEA

ARTO IZE HAIZE TOR 
TOZ AIRE ZATO ERI
ZER ITOA AZTI ROE 
HITZA ORE HITZA ERO

EZTI ARO
AI ZORTE ZORTE IA 
HORI EZTA EZTA HORI 
EZTIA HOR

Hitz hori ez, ez dut esango...

Krak (*Zart, 2021)


Ibaiaz

Epe luzeko helburu eta nahiak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan 
ez dudala nahi hori asetuko sekula. 

Epe luzeko bidaia-planak maite ditut, 
hain epe luzeko ze, badakidan 
ez dudala hiri hori ezagutuko sekula. 

Epe luzeko laguna, maite zaitut, 
hain epe luzean ze, ez dakidan 
lagun zaren ala maitale.  

Ibai luze bat bota dut
maite dudanetik
maite dudaneraino,
ibai luze-luze-luze bat, 
hondoratuta ere,
urak beti nondik nora 
jarraituko duen jakiteko.
Luze bat...

Epe luzeko maitasunak maite ditut 
orbanik ez delako sortzen,  
–ezta ohitura ere–. 

Epe luzeko eztabaidak maite 
arrazoia inorena izan arte
–biona izan arte–. 

Maite zauriak, maite-maite,
galdera ikur bihurtu arte.
Zauriak maite-maite-maite.

Ibai luze bat bota dut
maite dudanetik
maite duzuneraino,
ibai luze-luze bat,
hondoratuta ere,
urak beti nondik nora 
jarraituko duen jakiteko.
Luze bat...
bota dut 
hemendik horraino, 

luze bat...

Maite Larbururekin elkarlanean idatzia (Hezurren azpian, 2019) 

Berdin bihurtu ginen

Garajeko olagarro aldrebesa. 
Itsaspeko llabe ingelesa. 
Behin desiotako lekuetatik 
aldegiteko dugun presa. 

Isilpekoa zen promesa
bete orduko da pereza. 
Ongi etorri klubera neska, 
nahiz izango den gazi-geza. 

Bokazioa hori ez zen,
baina berdin bihurtu ginen. 
Borondatea hori ez zen, 
baina berdin bihurtu ginen. 

Txakur berde, txakur berde...

Sesamo kaleko igela zen kexa,
berde izatea ez dela erraza;
ugaztun iletsua izan balitz, pentsa!

Belardietan beti galtzen den
txakur berde hori zertarako dun?
Ongi etorri klubera, neska,
irekita dago kisketa!

Bokazioa hori ez zen,
baina berdin bihurtu ginen.
Borondatea hori ez zen,
baina berdin bihurtu ginen.

Gure planetan ez zegoen, 
baina berdin bihurtu ginen:
geure buruen ia-jabe
(ez gu: mundua dago grabe!). 
Patrol eta trikornio gabe, 
ilea tintatu gabe, 
baimenik eskatu gabe,
noiz arte jakin gabe,
fruitu bat heldu gabe,
txaloen beharrik gabe,
garena izateko beldurrik 
gabe, gabe, gabe...

Txakur berde, txakur berde... 

Txakur berdea naiz eta nago 
ene berde esmeraldaz harro: 
txakur berdeak gara gero eta gehiago!  
Agur eta ohore, txakur berde!

 Garajeko olagarro aldrebesa,
Itsaspeko llabe inglesa,
estolderietako printzesa!

It ain't easy being green,
having to spend each day the color of the leaves.
I wonder why but... why wonder?

I am  green.

Maite Larbururekin elkarlanean idatzia (Hezurren azpian, 2019)


Katekorratzarena

Katutik duzu asko,
katetik, berriz, gutxi, 
ez duzu katearen
fama txarrik merezi.
Katetik askatzeak 
egiten zaitu berezi:
ireki eta kliska,  
begiaz keinu berriz. 

Soltean zoazenez 
bakarka zoaz beti,  
ez inoren kontrako 
baizik alegre, isil. 
Katebegiko begi,  
zaitut begikoegi, 
galtzea komeni ez 
den bitxien euskarri, 
patrikara lotuta 
edo soinekoari. 
Besteari lotuta 
eta zure gorputzari.

Buruan behar nuke
zure kastako sorta,
gogoratzeko zinez, 
zeri hel, zer gorrota...  
Ez zara deusen lotsa
paperezko larrosa,
jakako paparrean 
eustekotan poza: 
ireki edo itxi,
trikuaren zorrotza.

Zabalik, zauritzeko 
ezpata zarelako; 
itxita, pieza kamuts 
laztan eskean plako. 
Patrikan zaramatzat 
laztantzen zaitut kuttun: 
ireki eta itxi, 
egun on edo agur... 
“Ene katekorratza,
eutsi diezaiogun”.

Ez zara deusen lotsa
paperezko larrosa,
jakako paparrean 
eustekotan poza: 
ireki edo itxi,
trikuaren zorrotza.

Katutik duzu asko,
katetik, berriz, gutxi, 
ez duzu katearen
fama txarrik merezi.
Katetik askatzeak 
egiten zaitu berezi.

Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak, 2019) 



Maletadun maitalea

Maletadun maitalea zara
maletarekin maiteminduta. 

Mandala bat badela 
entzun duzu eta inshala,
bazoaz berehala: 
ikusiz mendi eta haran
goxoago zeunden ganbaran.

Mundua badabil hala
zoroen presaren zalapartarekin. 

Sakondu gabe bidaia,
urratu dugun paisaia,
urak itotako kaia,
hegaldien sastakaia, 
hasiera eta amaia… 
Hasiera eta amaia.

Maletadun maitale bezala
egiten duzu ahal dena, 
maitale bat azkenean zer da? 
Hurrengorako eskala. 

Bakardadea eskala
dezakezun mendi bat da, 
eta gero jaitsi ahala... 
ahal bada, hala, 
ahal dela ala 
deltan… 

Sakondu gabe bidaia,
urratu dugun paisaia,
urak itotako kaia,
hegaldien sastakaia, 
hasiera eta amaia… 
Hasiera eta amaia.

Maitaledun maleta zara,
eskutik doan txatala, 
gurpilduna zu, eta bera 
larru bereko azala. 
Ahal dena eginda ere 
dena da gutxi,
gutxi da dena,
eztena beti... zorrotzegia da. 
Maletadun maitalea
maletarekin maiteminduta.  
Maleta egiten bukatuta 
bietan zein dago nekatuta?
Desegiten zara zu, 
eta puskak ezin batu,
zu desegiten zara.

Ohe guztietan zerbait ahazten da,
ohe biluzia zutaz janzten da. 
Sakondu gabe bidaia,
urratu dugun paisaia,
urak itotako kaia,
hegaldien sastakaia, 
hasiera eta amaia… 
Hasiera eta amaia.

Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak, 2019)