Nire insomnioa
Nire insomnioa Wyoming edo beste edozein estatu karratu
Nire insomnioa idi baten sabel taupatia
Nire insomnioa erbi ehiztari
Nire insomnioa baloi medizinal
Nire insomnioa atetik sartzen ez den altzari
Nire insomnioa egunez sekula idatziko ez ditudan ideia maisumaistrazkoak
Nire insomnioa bila nabilen eta aurkitu ez dudan
Nire insomnioa aurkitu dudan eta bila ez nenbilen
Nire insomnioa baiezko otzanen mamuen damu amu
Nire insomnioa hegaldatu ez den kometa, bahiketa
Nire insomnioa Batman balitz sorbeltza
Nire insomnioa Jesus don´t cry!
Nire insomnioa emearen eta enearen arteko labar etabar
Nire insomnioa hitz pornografikoekin balizatutako itsasoa
Nire insomnioa Bergaran besarkada
Nire insomnioa ituna, itogina
Nire insomnioa Cojo Manteca Keyser Söze herren pilaketa
Nire insomnioa gonaduna zipperduna, bizarduna, aluduna
Nire insomnioa lore bat eta ez du mea culparik
Nire insomnioa plagiatzaile doilor
Nire insomnioa eraikitzen ari zirela ehunka erromatar hil ziren akuedukto
Nire insomnioa erdian elkar topatuko dugulakoan zure insomniorantz tunel bat zulatzen
zure insomniorantz nire insomnioan
Nire insomnioan ito zaitezke behin eta berriro
Nire insomnioan iruten ari
Nire insomnioan nobela guztiak dira bostehun eta bat foliokoak
Nire insomnioan haikuak e-mailak waxapak idazten buruko karruselean
Nire insomnioan “maitea” idazten dut beti sekula ez “estimatua”
Nire insomnioan zaborrontzia eta spam mezu guztiak
Nire insomnioan Brad Mehldau kontzertu ostean bakarrik erretzen Wabasheko izkinan
Nire insomnioan lan zerrendak eta hildako lagunen suizidioak
Nire insomnioan harrek sagarrak jaten dituzte eta ez hildakoak
Nire insomnioan larrua jotzen ari zela okerreko izena esan du bizilagunak
Nire insomnioan ura edan eta hoditeriak marru
Nire insomnioan yogur bat jan
Nire insomnioan lurra inarrosi ordu txikietan barru
Nire insomnioak maite ditudan guztien hiletak antzeztu
Nire insomnioak Michigan laku izoztuan aurreskua dantzatu
Nire insomnioak banku korronteko zenbaki gorriak Brönte ahizpak eta Axular irakurri ditu
Nire insomnioak gaixotasun guztiak
Nire insomnioak prospektuak oro
Nire insomnioak saminean lagun amets biribilak irabiatu eta birrindu
Nire insomnioak ameskaiztoen metraila egurrezko habeetan
Nire insomnioak kintsugi pitzadura urrezko
Nire insomnioak loaren realpolitik-a aldarrikatzen du
Nire insomnioak ez du miraririk egiten baina oso-oso ona dago
Nire insomnioak hamaika
Nire insomnioari bost
Nire insomnioa eguneko lehen argiak zurrupatzen du
Nire insomnioa ez da nirea
Nire insomnioa ez da nirea
Nire insomnioa ez da nirea idatz nezake arbelean ehun aldiz
Nire insomnioa ez da nirea
Nire insomnioa ez da nirea
eguneko lehen argia nirea ez den ber gisan.
Loti (h)errena (*Zart, 2022)