Badiako kaian eserita
San Francisco AEBetako hiririk europarrena dela esaten didatenean ez dut deus ulertzen. Europaren idealizazio batetik abiatzen da akaso uste hori? Oinez ibiltzea posible ez ezik atsegina da hemen, jende asko dabil bizikletan, Citizen Chain bezalako hitz-jokoak dituzten bizikleta-dendak daude (“Rosebud was a bike”), garraio publikoa txukuna da, ardoaren kultura handia dago eta jendeak kafetegiez, zuzeneko musikaz eta bizitzaz gozatzen duela dirudi lehen begiratuan... Baina zertaz ari dira zehazki Europaz ari direnean? Euskal mendizaleak mendian gurutzatzean bezala, halaxe diosal egiten diote elkarri hiritarrek ezezagunei. Hirugarren egunetik aurrera zerorri hasten zara, nahi gabe, auzoei diosal egiten. Kutsagarria da. Irribarre egiten dizute kalean eta ez dirudi fake bat denik. Dolarraren pultsua ez da New Yorken bezain nabarmena, zerbitzariek ez dute propinaren ehizan hain modu agerikoan borrokatzen, geldoagoa da hiriaren erritmoa. Klimak laguntzen die, gainera. Ezaguna da esaera: “Igaro bolada bat New Yorken, baina alde egin handik bihotza gehiegi gogortu aurretik; igaro bolada bat San Franciscon, baina alde egin handik bihotza gehiegi samurtu baino lehen”. Honela dio irratian behin eta berriro errepikatzen duten iragarki batek: “Nondik datoz txokolaterik onenak? Europatik. Autorik onenak? Europatik. Eta oheko izararik onenak? Europatik. Horregatik, koltxoi on bat erosi behar baduzu, ez izan zalantzarik: erosi koltxoi europar bat...”. Pentsaezina ez ezik, iraingarria litzateke halako iragarki bat buy american leloa hain sustraitua duen herrialde honetako beste ezein estatutan. Uler daiteke Detroitek erresumina sentitzea ere: AEBetako leku gehienetan ez bezala, erabateko nagusitasuna lortu dute hemen auto asiarrek (Toyota, Honda, Mazda, Hyunday, KIA). Alemaniarrak ere (BMW, Mercedes) ez dira Ford faktoriakoak baino gutxiago. Los Angeles Timesen arabera, Kalifornian saltzen diren hamar autotatik zortzi dira japoniarrak. “Irudia” erosten omen dute kaliforniarrek eta kezkatuago ei daude –“Europan bezala” (sic)– gasolinaren prezioarekin eta kutsadurarekin. Buy american? Ez hemen. Aberkoikeria? Ez hemen. Banderatxo amerikarrak etxe guztien atarietan? Ez hemen.
Izatez, Otis Redding-ek bere Sittin´ on the Dock of the Bay zoragarrian betikotu zuen kantuko badia ez da soilik San Franciscorena: Oakland, San Jose, Berkeley... Sausaliton idatzi bide zuen Reddingek kantuaren hasiera. Hiri eta auzo bakoitzak aldarrikatzen du bere burua, eta “Bay Area” espresio zabala nagusitzen zaio hirien arteko lehia absurdoari. Gurean bezalaxe? Nekez. Joera europartzat har daiteke hiriaren gotortasunari uko egin eta geografikoki malguagoa den esparru bat bilatzea? Zalantzak ditut. Europarra da, akaso, frankiziei eragozpenak jartzeko bizilagunak mobilizatzea? Europarra al da, menturaz, negozio txikiak babesteko joera –komunikabideetan denda “independenteen” zerrendak goretsiz, adibidez, edo araudietan zenbait negozio eskuz aldatzeko trabak jarriz–? Asteburuetan garajeko atea irekitzen du auzoan gazte batek eta hiru metro karratuko taberna bat zabaltzen, bi taburete espaloian jarrita. Tabernaren izenak esaten du dena: Hole in the Wall. Gurean ezinezkoa litzateke; sei metroko komuna eskatuko liokete, gurpildun aulkientzat egokitua.
Europako kutsua, zertan da, orduan? Agian idealizazio horren beste muturrean datza europarkeria: Mission bezalako auzoak boladan jarri direnetik jasaten duten gentrifikazioan eta alokairuen igoera puztuan, kasu. Esan iezadazue arren, zertan den San Francisco europarra. Porlana barik, egurra bada etxeak egiteko materialik erabiliena, jendeak denbora hartzen badu kapela bat erosi eta kapela hori janzten ikasteko, zuzeneko afro-jazz hirukote batek “sonbrailu kubatarren astea” inauguratzen duen bitartean. Ez zinateke zu zoriontsu izango halako denda batean diskoak jarri eta kapelak saltzen?
Cool izan liteke San Francisco, bai, baina esnobismorik gabeko hiria da. Psikodeliaren arrastoa nabarmena da oraindik, eta ez soilik “norbere irrati” bihurtutako jende asko dabilelako kalean alderrai –Jefferson Airplane bezalako taldeak jainkoen pare dira– . Ez da arraroa programatzaile maczalea eta eskeko etxegabea zuhaitz berak emandako itzalaren pean ikustea. Parkeak eta zelaiak ez dira, gurean bezala, umeenak eta umekerietarako soilik. Alderantzizko idealizazio baten arriskupean, beste bat da bururatzen zaidan galdera: zein da San Franciscoren hiririk antzekoena Europan? Zein litzateke, gure hiririk (ipar)amerikarrena?
Zenbat dira, Otis Redding-en kantua txistukatzeko moduko txokoak gurean? Non daude?
Territorios gehigarrian