Europaren zauriak

02 de Mayo 2008

“Eta era berean, une goren hauetako bakoitzak hamarkadatan zehar eta mendeetan zehar ibilbide bat ezartzen du. Tximistorratz baten puntan atmosferako elektrizitate guztia biltzen den era berean, istant horietan eta denbora tarterik laburrenean, gertaera kopuru ikaragarria pilatzen da.” Stefan Zweigen Gizateriaren une gorenak liburuko aipu horrekintxe hasten da Alvaro Colomerren Guardianes de la memoria ederra. Une edo leku erabakigarriak direla sinets arazi diguten horien behaketa da kronika literario hauen xede; pairatu zituzten gertaera historikoek –dela desastre, dela agerkunde– nortasuna erabat zurrupatu dieten hiri horien oraina.

            Bartzelonako kazetari eta idazleak, artez hautatu ditu lekuak. Gernika, Txernobil, Transilvania, Lurdes eta Auschwitzera bidaiatu du, eta hiritar arruntak elkarrizketatu ditu,  bonbardaketak, desastre nuklearrak, banpiruen kondairak, mirarizko Ama Birjinaren agerkundeak eta judutarren esterminazioak utzitako arrastoak eta orbainak gaur egun zertan diren arakatzeko, hurrenez hurren. Gizateria osoarentzat zerbaiten sinbolo bilakatzen diren leku horietan, nola bizi dute biztanleek zama hori? Bandera gisara ala maldizio gisara bizi dute ikur izate hori? Sentitzen dute gertatutakoaren kontzientziarik batere euren egunerokoan, ala bizitza arrunta egiten dute, zaindu behar dutela suposatzen dugun memoria horri bizkarra emanda? Batzuetan, sinboloaren galtzerdiari buelta osoa eman eta klixea alderantzizkatu egiten da. Horren adibide litzateke Gernikara iristen diren zenbait turista despistaturen kasua, gernikarrei, gurasokeria espantagarriz, euren herriaren izen bera duen Picassoren koadro bat existitzen dela ba ote dakiten galdetzen dietenean; koadroak tragediari gain hartu diola sinestekotan, Gernika koadro bat bada eta ez herri bat, Picassok egindakoa porrot gisara ulertu behar ote genuke?

            Txernobilgo zentral nuklearrari dagokio liburuaren bigarren atala. Egun abandonaturik dauden zentralaren inguruko auzoetan, aurresuposa zitekeen paisaia  postnuklear mortutik erabat urrun, era basatian garatu da landaredia azken urteetan, zientzialariek inolaz ere azalpenik aurkitu ez dutelarik horretarako. Ez hori bakarrik: gobernuaren aholkuei kontra eginda beren etxeetara itzuli diren haiek (erradiazio kaltegarrien inguruetara hurbildu direnak, alegia), haiexek dira bizi esperantza luzeena dutenak… Etxetik urrun daudenak eta gaixotasunaz lar arduratu direnak izan ei dira, aldiz, hiltzen lehenak. Egia ote da, beraz, deserriratuaren tristezia hilgarriaz esaten dena? 

            Ez da interes gutxiagokoa Auschwitzi dagokion atala, bertako biztanleek hari bizkarra emanda bizitzeko hartu duten hautua: hiriaren alde zaharrari uko egin eta handik aparte hiri berri bat hasi da garatzen, jatorrizko auzo zaharrari eraztunak eta zabalguneak erantsiz hedatzen diren ohiko hirien kontrara.  Itxitura eremutik gertu dantzaleku bat irekitzeko proposamenak ekarri zuen polemika kontatzen zaigu, eta baita ere –hitzen botere itzelaren erakusgarri–, Auschwitzen izen poloniarra erabiltzeak (Oswiecim) bizilagunei ematen dien lasaitasunaren berri ere, inor gutxik lotzen baitu Poloniatik kanpo Oswiecim izena Auschwitzekin. Bereziki hunkigarria da egileak Zofia Posmysz, itxitura eremutik bizirik ateratako emakumea ezustean aurrez aurre topatzen duenean bere garai hartako bizipenei buruz galdetzeko kazetariaren erabateko ezintasuna kontatzen duen zatia.

            Baina, beharbada, zauri edo orbain hain ageriko ez diren bi horien kontaketa da liburuan gehien harritzen gaituena: Transilvaniari eta Lurdesi eskainitako atal biei dagokiena, hain zuzen. Lehenengoan, Transilvaniako benetako kondairak Drakulari buruz zinemak eman duen irudi estereotipatuetatik zein urrun dauden azaltzeaz gain, 2004. urtean Marotinu de Sus nekazal herrian jazotako gertaera lazgarri batzuk ikertu  ditu Colomerrek. Minbiziak hildako agure baten azken erritualak era egokian burutu ez ziren susmoarekin, gizaseme batzuek deshobiratu egin zuten haren gorpua, bai eta bihotza erauzi eta erre ere, haren arimaren askapenaren izenean bihotzaren errautsak uretan nahastu eta familia guztiaren artean edateraino. Azkenik, batere sinestuna ez izanagatik ere, Lurdesen inguruan sortu den “enporio” mirarizko itzelak egilearen baitan eragiten duen zirrararen kronikak, eta are, Lurdes eta Disneylandiaren artean egiten den erkaketak (bederatzi milioi bisita jasotzen ditu Disneylandiak; sei milioi Lurdesko santutegiak), modu ezinago orijinalagoan hurbiltzen gaitu mirariaren negoziora.  

            Europaren minaren, historiaren eta irudimenaren joskurak askatzen hasten diren lekuak agerian uzten dituen liburua.  

Territorios gehigarria