Nire pendrive-a aurkitu duenari
Espezie berri bateko lehenbizikoa izateak, espezie berri horretako lehen gaixotasunak pairatzea ere badakar. Hasiak gara hainbat sindrome garatzen: e-mail menpekotasuna, hatz erakuslearen dardara xagutiar espasmodiko guragabea, katedra ezartzen duen lixtopasatu ororekiko mesfidantza (“Wikipedian irakurriko zian honek ere…”), sareko komunikazioak dakarren desinhibizioarekiko junkie bilakatzea (gauza ederra da sinzeridade erakustaldia urrutiko gailuz egin ahal izatea)... Horiek, cyber-porno adikzioa, santa e-skean idazten dizuten ezezagun guztiekin ping-pong partida birtual etengabeak egiteak dakartzan zaintiratu mentalak eta egosurfing-a eta bere arriskuak ez aipatzearren… Laster hasiko dira enpresa-medikuak analisietan gaixotasun hauek ere kontutan hartzen.
Joan zen astean, kasu, bi gigako ene pendrive kuttuna galdu nuen: apunteak, zirriborro argitaragabeak eta argitara ezinak, fakturak, kolegen liburuei egindako fitxa gupidagabeak…. Ez, ez: zaudete lasai ene editoreok… Beteko ditut epeak, ez dago aitzakiarik. Galdutako dokumentu ororen “kopiak” dauzkat (hona hemen beste sindrome bat: bikoizketa etengaberako paranaoia, inprimatua izan ez den oro, García Márquezek hala zioen, “robotaren irudimenean soilik” existitzen baita). Baina batak ez du bestea kentzen. Memoria galeraren sentipena oso da desosegagarria. Hasieran, euren eskuizkribuak taxietan edo kafetegietan ahaztuta utzi zituzten idazle despistatuekin akordatu naiz. Klasiko bat. Behin betirako galdutako “maisulan” horiek guztiak (imajinatzen Franz Kafka Max Brodi bere disko gogorra ezabatzeko eskatzen?). Baina ez da zehazki gauza bera. Diario intimo bat lapurtu dioten pertsona etorri zait burura gero. Hori ere ez da, ordea, erkaketa erabatekoa. Beharbada, memoria-arkatz hauetako bat galtzeari gehien hurbiltzen zaiona, memorian zuloa uzten duten gau zoro horietako bat da, goizegi edaten hasi eta beranduegi lagatzen diogun horietako bat: “etxera nola heldu nintzen, ez naiz gogoratu ere egiten”. Memoriaren itzalaldi edo blackout hori, zulo hori, norberak galdu eta beste norbaitek eskuratu duen memoria puska hori, hain ezdeus eta hauskor sentiarazten gaituena, hain besteen menera. Zer egin ote nuen ordu txikietan? Zer ez ote nuen egin? Nork ote dauka horren berri?
Zer egin behar nuke? García Márquez banintz, idatzitako oro notarioaren esku ipiniko nuke, idazle frustraturen batek nire memoria topatu eta harekin negoziorik egin ez zezan… Edo, akaso, sarean ipini behar nuke ordenagailuko material oro –working progress lotsagarri guztiak barne; azken lerro intimoena ere bai– www.ezhauplagiatu-nikidatziduteta.com helbidean? Ohar bat ipini behar nuke web orri horren atarian, edozein kasutan: “Idazlea bera ere ez dago jada ados berak idatzitako guztiarekin”. Ez al ginen geratu testu global bat, denona zen autoretza kolektiboko hipertestu bat sortzea zela erronka, liburuen liburu, sareen sare (“todos los fuegos, el fuego”), autorerik gabeko narrazio inperfektu amaigabea? Nire subkontzienteak nahita galarazi ote dit pendrive ditxosozkoa, honenbestez?
Nire pendrivea aurkitu duenari… zer opa? Hotel hartako gelan argazki kamera ahaztu zitzaidanean hura aurkituko zuenari opatu nion gauza bera, ziur aski: on dagiola.
(PS. Arrazoi duzue. Neronek ere ez dut sinesten: “Madarikazioa etor bekio eta tximistak erdibi dezala, marfilezko talisman hori aurkitu duena!”).