Izan Amish
Anton Txekhovek, gizakiak hiru bide ezberdin zituela aipatzen zuen: “eskuinekoa hartuz gero, otsoek jango zaituzte; ezkerrekoa hartuz gero, zerorrek jango dituzu otsoak; erdikoa hartzen baduzu, ostera, zeure burua irentsi beharko duzu”. Yahooko chat zerbitzuak, beste hiru modutan klasifikatzen du zibernauta: available, busy, invisible. Norberak aukeratu behar hiru horien artean: autoerretratua egitearen pareko ariketa. “Available” klikatuz gero, irekitasun bat adierazten dugu, jendetasuna eta eskuragarritasuna, baina nahas daiteke baita ere halako erruki eta mimo eskaera desesperatu batekin ere: “Hel niri! Idatz iezadazu, arren!”. “Busy” aukera da hiruen artean arbuiagarriena, dena den: “hor nago, baina eskuraezin”... Teknika hori, film beltzetan barratik destainaz begiratzen ziguten neska zangoluze distantearen parekoa da, beren burua nabarmendu nahi dutenek erabiltzen dute. Hiruen artean nire kuttuna, dudarik gabe, “invisible” aukera da, ikusezintasunarena, pauso bat albora ematen duenarena. Ikusezinen elkarteko partaide nahi nuke eta haiekin harremantzen naiz ondoen: Yahooko ikusezinak ez dabiltza Txekhovek beren burua irensten zutela zioen haietatik urrun.
Asko dira ordenagailuarekin ditudan morrontzak, eta ez naiz ni teknopata inondik ere, baina oraindik orain harritu egiten nau teknologia berriak ematen dizkigun gailu, gadget eta jostailuak geureganatu eta egun batetik bestera ezinbesteko bihurtzeko dugun erraztasun akritikoak. Xaloa naiz oso eta kontrako erreakzio bat espero dut ingurukoengandik: zenbait gailu eta asmakizun berrogeialdian jarri eta bere buruari “ikustagun honek zer abantaila eta zer desabantaila ematen dizkidan” esango dion norbait. Edo gutxienez “ikusezintasuna” aukera dezaten, tarteka.
Norbaitek esango du Amish samarra naizela, eta arrazoi izango du.
Pennsilvania eta Ohio inguruko komunitateetan XVII-XVIII. mendeetako bizitza ereduari jarraiki bizi den Amish komunitateak ez du ospe onik. Atzerakoiak, progresoaren orpotik dabiltzanak, argindarrari ere uko egiten diote muturrekoenek eta giza-talde isolatuetan bizi dira, inorekin nahastu gabe, euren dialekto alemaniar berezia besterik hitz egiten ez dutela, zalgurdian batetik bestera makal arraio, nekazal bizitza eta etxekolanak iparrorratz. Gutxi dira amishak (milioi laurden inguru) eta iraungitze arriskuan daude. Badute baina, haiengandik ikas ditzakegun pare bat gauza: familia amishek, euren seme-alabak urtebetez bizimodu “arrunta” egin eta munduan ibil daitezen sustatzen dute, ezer inposatu gabe, urte “sabatiko” moduko bat, gero euren kabuz haiek aukera dezaten bizi ereduen artean gustukoen duten hura. Ez ote genuke guk kontrakoa egin behar? “Bizimodu amisha” probatu eta gero aukeratu?
Bitartean, premiazko dekalogo bat osatu beharra dago komunikazio kodea ezarri eta gaizkiulerturik egon ez dadin. Norberak berea proposatuko du, baina hona hemen nire buruari betetzeko eskatu nahi niokeena: 1/ Ez igo zure webgunera zeure psikiatraren eta zeure artean geratu beharko lukeenik: erabili uztaidun koadernoak, bizitza guztikoak. Gero gorde kaxoi batean. 2/ Ez behartu lagunak zeure bloga irakurtzera. 3/ Ez haserretu inorekin zure negozio zerrendan agertzeari edo Facebooken gonbidapenari uko egin diolako (ez daukagu adinik umekerietarako: haurtzaroko merendolen garaia pasa zaigu dagoeneko!). 4/ Ez eskatu e-mail bat idazteko denbora baino gehiago eskatzen duen mesederik mezu elektronikoen bidez. 5/ Ez erabili “enviar a todos” aukera. Gutxitan dago justifikatua, baita mezua jasoko duenaren helbidea ezkutatuta ere. 6/ Ez errebotatu hirugarren bati inork zuri bidalitako mezu pribaturik. Bi paretak, frontoian. 7/ Arretaz larrutu jendea, mezu hori interesatuarengana hel daiteke. 8/ Lagun bati kargu hartu nahi badiozu edo hura zoriondu nahi baduzu, deitu telefonoz edo geratu kafe bat hartzeko. 9/ Guardiako txandan den kardiologoa izan ezean, itzali patrikakoa aspaldiko lagun batekin urtean behingo kafetxo bakana hartzeko geratzen zarenean: ondo dago mundu guztiarekin konektatuta dagoen “nodo” bat zarela aldarrikatzea, baina gorrotagarria da dagoen lekuan salbu leku guztietan dagoen “nodoaren” konpainia. 10/ Bi asteburutik batean behintzat, ez piztu ordenagailua/mobila. Izan Amish.
(PS: Lerro hauek idazten ari naizela jakin dut Willy DeVille kantariaren heriotzaren berri: larriki gaixorik zegoela eta e-mailaren berririk ez zuela zabaldu zelarik, lorez eta gutunez bete bide zitzaion etxea...).