Egun ilunagoak baletoz

Egun ilunagoak baletoz
orain hi bizi haizen hirira, 
lehen biona zen auzoan nagon 
ni zain. 

Gurutzatuta belaun-zango, 
oroitzen haut aldiriaren
sekretuak zaintzen, 
irriz irri.  

Beti hekien hik zerbait
nik harrapatu ezina.  
Hik hunan xarmaren
parte zen, jakina. 

Troiako zaldi barruan banengo,
Ulisesik zintzoena lez:  
eraso goxorako presto, 
ni zain. 

Goitizen oroz oroitzen naun,    
hik jarriak eta nik hiretzat;  
nolabait
biziraun 
dun hik 
hitz horietan. 

Eginak ditinat 
pare bat bidaiatxo:  
Petesburgo eta Oslo,  
Rotterdam, Berlin… 
Baina ez naun berriz ikusiko
geltoki eta terminal horietan 
-zakurrak hankautsik eta ni berdin-.  
Bidaia gehiago ez dinat nahi, 
etxean ortozik hire zain: 
te beltz bat,  
ezti koilara 
eta menda usain. 

Gure zena dun orain hire zain, 
hik utzita lez altzariak: 
argi gabe
ibiltzeko eran 
ilunpetan…

Hator ba, 
esna nazan, 
berriz esan:  “Ni naiz”. 

Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea*Zart, 2022)