Editorea: Arteko
Urtea: 2011
ISBN:
978-84-615-0208-0
Orrialdeak: 141
«Familia erretratua
Ongietorri miserableen galeriara.
Gainean ispilua duen horixe da zure aulkia.
Eskuekin keinuka ari zaizuna, horra,
amodiozko kartak garbira pasatzen zituela esan nizun izeba.
Ez eman elkarrizketa gehiegi, pazientzia agortuko dizu.
Aurrez aurre duzu orain eskutitz lapurtuak irakurri
eta argazkien gela ilunean
eskuak garbitzen dituena.
Kaixo egiten dizu, egin kaixo zuk ere.
Ez Da Hori, Gustura Nago Baina bezalako hitzak
konbikziorik gabe esaten dituena bere ondoan eserita.
Bizitza guztia ez den zerbait dela erakutsi nahian.
Haren ondoan, zu. Beste miserable bat:
bidaia baten ertzean zubirik eraikitzen ez dakizuna,
bizitza apur bat seduzitu eta beste apur bat
seduzitua izatean datzala,
eta beste guztia eszenografia hutsa dela onartzen ez duena;
hortxe da egunkarietako izenburuak erakusten dizkiotenean
existitzen ez dela argudiatzen duen jainkoa ere,
zure eskuman eserita.
Barkatuko ez duela esan
eta barkatzen ez duena bezala, miserablea.
Miserablea zu, miserablea ni, miserablea everybody.
Ume samurrak, haur batek inolaz ere jakin behar ez lukeen hitza
ahoskatu du bazkaloste jendetsuan:
haren aita makurtu egin da gorrituta,
mahaipean zerbaiten bila balebil bezala,
lotsa okerdurak estaliko diolakoan.
Maleta prestatzetik korrika dator
bihar fotoa eta senarra abandonatuko dituen lehengusina.
Ostiko eman diot ez dadin agertu enkoadrean
osabaren koñak botilari.
Irribarre egin. Hau albumerako da.
Denak isildu dira eta klik».