Martutene

16 de Octubre 2012

Saizarbitoria guztiak daude Martutenen: dorpezia afektiboak zerrendatu eta emakumezkoen barne gogo ustez zundaezinean arrakastaz murgiltzeko gai dena; euskal gatazka deritzon hori denboran aurrera eta atzera, ezker eskuin eta alderik alde haztatzen dakiena; nazionalismoaz arduratzen dena (“Abaituari ez dio onik egiten euskal nazionalista ez direlako beren buruak, bestelako meritu barik, kosmopolita eta ilustratutzat dituztenak”)... Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, saiogilea eta nobelista, eta baita bere obraren autoexegesia egiten duena ere, sotilki eta hirugarrenen bidez, inork ausarkeria eta neke hori hartzerik nahi ez balu bezala. Max Frisch-en lana laudatzeko hitzik gehienek balio dute harentzat ere: “La historia de la literatura cometería un grave error si no le viera como un pensador”. 


Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, gizarte ereduak leherrarazi eta mundua aldatzera deitutako belaunaldi batekoa izaki “in my time” esaten duen idazlearena, Prousten erruz ia idazteari utzi zion Virginia Woolfekin sinpatizatzen duena, Semmelweis idatzi zuen Céline klinikoa eta obsesiboa akordura ekartzen diguna, xehetasunen errepikapenak maite dituena, txapelei buruzko saiakera literarioa txertatzen diguna narrazioan digresioarekiko gustu handiz (txapela urdinari buruz dendariak: “es menos txapela”). Auzo-erruz eta bere-minez trostan dabil. Isiltasun mota ezberdinak bereizten ditu (“Ahots hipokritak, isilik iraun zutela nabari ez dadin dirautenak isilik”). Idazle arruntek susmo eta intuizio esplikagaitzen uhin-frekuentzian baino atzeman ezin dituzten giza miserien neurri eta hedapenak hautematen ditu (“Duda hobeto kontsideratua zegoen lehen. Neska gazteei beti kolokan zeuden mutilak gustatzen zitzaizkien”; “Tentagarria da medikuarentzat naturaren erabakiak lorpen profesional bezala beretzea”). Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, halako moldez non nekez sentituko baita irakurlea eroso (“Askok ez bazuten inoiz pistola bat eskuan hartu ez zen izan indarkeriaren aurkako militante konbentzituak zirelako edo moral aldetiko eragozpenak zituztelako, baina bai ez zeukatelako bizia arriskuan jartzeko aski adorerik”). Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, baina, oroz gain, sintzeridadez –Montaignek “fede on” esaten zion hura– eta sinesgabetasunez munduari begiratzen diona, jakinki sintzeridade horrek zoko ilunak argitu eta zoko argiak iluntzera eramango duela ezinbestean, noiz ironiaz, noiz etsipenez. Hor dago Saizarbitoria hori, idatzi egin behar duena pentsatzeko, idazteko desiraren funtsean bere hutsune amnesikoa bete beharra dagoela dakiena. Saizarbitoria voyeur-a eta écouteur-a, ate itxi baten atzetik entzundako orgasmoa paragrafo batera ekartzen inork baino hobeto dakiena. Simone de Beauvoir eta Sartrerekiko bere afektuak aldatzen doazena haien elkar umiliatzeko gaitasunaren berri izan ahala. Sexuaren pultsioaz bezala, mundura jaiotzeaz, zahartzaroaz eta eutanasiaz diharduena. 

Arreta eta dedikazioa eskatzen ditu Martutenek, egia. Lan luzea da, Saizarbitoria guztiak dituelako barruan, eta hala ere, hain obra mamitsua mugitzeko behar den zentrifugazio ahalmenari eusten dio, irakurleari kolpe eta laztan, desolazio eta nostalgia, ezintasun eta bizinahi printzak txandaka emanez. Saizarbitoriaren pertsonaia asko zehatzak eta perfekziozaleak dira, berdin mediku edo idazle –Baroja gogoan “medikuntza utzi eta mundu hobeago baten bila letretara jo izan duten sendagileen zerrenda” horretakoak balira bezala–.
Hor dago beste Saizarbitoria hori ere: euskal izaera sotilki adierazten duten xehetasun eta pasadizoen emalea, euskaldunon ustezko bihotz-idorkeria neurritasun dotorea ote den galdetzen duena, hiriburuen arteko lehia zentzugabeari heltzen diona (“donostiarren eta bilbotarren arteko ezinikusia Bilbon baino nabarmenagoa dela Donostian”). Halakoa ei da “euskalduna”: apaingarri alferrikakoak trabagarri zaizkiona, gela bat uzten zaionean, nahiz eta erabili ez, ohea deseginda uzten duena, ez dezaten esan esker txarrekoa dela... Robert Frosten The Road Not Taken poema ekartzen digu akordura euskararen balizko abantailez mintzo denean: euskarak “poetarentzat bereziki «gurbidide bakan ibiliaren» ahalerak” dauzkalakoan. Euskara hizkuntza bat baino gehiago da, itxaropen bat, Bretxako merkatuan “baserritarrengandik tratu hobea” lortzeko esperantza xaloa. “Solaserako euskara erabiltzeak solaskideen arteko atxikimendu konpartitu baten existentzia agerian jartzen” duela baiesten du, “elkarrekin hitz egiten ez duten bi herritar atzerrian aurkitzen direnean bezala”. Zailtasuna ere bada hizkuntza, Beckett eta Conrad ekartzen ditu gogora, haien hautu borondatezko bezain behartua. Baina euskaraz bakarrik ez, beste hizkuntzez ere arduratzen da (“...con unas patatitas, ajitos y cebollitas tiernas. Odolak irakiten jartzen dizkio Abaituari sukaldariek eta zerbitzariek hartu duten txikigarriak erabiltzeko kasketa horrek”).
Saizarbitoriaren pertsonaiak hemen bizi dira, baina hara nahi lukete: badago arnas premia bat, ihes nahi bat, paisaje arrotzak etxean txertatu nahi bat, mundu arruntaren –eta literatura arruntaren– kideko izateko desio asegabe bat (“[Donostiako] Geltokia handiagoa izatea, Austerlitz edo Victoria Station bezala, eta jende masa handi baten artean galdua ibili nahi luke, baina dagoena dago. Ez hogeiren bat pertsona atartean, eta kioskoa itxita”). Badaki horrekin guztiarekin gozatzen eta umorea egiten, ordea (“Kubatarren sentsualitatea errunbaren erritmoan ez dela deus pil-pil bat egiteko kazola leunki astintzen duen emakume euskaldun baten mugimenduarekin parekatuz”).
Hau guztiau, azken orrialdeetan abaila hartu eta Julio Medemik inspiratuenak ere patuaz diharduenean lortuko ez lukeen amaiera batekin josia.