iPad bat eta masustak bidean
Plazera, eta plazera baino lehenago panikoa: uda pasatzera etorri zaren kalaportu bakartian, maletan ekarritako literatur bazka uste baino lehen agortzean sentitu duzuna (“Ikusten? E-book bat erosi izan bazenu garaiz!”). Normalean ez duzu hutsik egiten kalkuluetan, aterpetxe nuklear batean urtebete pasatzeko adinako material literarioa eraman ohi duzu aldean beti, zer gerta ere, badaezpada. Baina oraingoan ez duzu asmatu. Hondartzan eta arroketan asko irakurtzen da, eta marmokek uretara sartzen uzten ez badizute, are gehiago.
Zure burua soja-esne kartoiaren alemanierazko argibideak enegarrenez irakurtzen topatu duzunean jabetu zara egoeraz. Larrialdi bat da. Sei kilometrotara dago zibilizazioa: bizikleta hartu eta hara abiatzea erabaki duzu, eguzki galdatan. Aurki jabetu zara errepide bazterreko seinaleek aipatzen dituzten sei kilometroak sei baino gehixeago direla. Irletan eta leku turistikoetan gertatu ohi da: dena gertu duzula esaten dizute, hain gertu ze, berez diren kilometroak erdira murrizten baitizkizute. Edo agian ez da iruzurra, baizik eta ez zaudela uste bezain sasoi puntu onean. Laua da errepidea, baina ez hain laua ere. Ez dabil auto askorik, masustak jatera geratu zara bidean. Itsasorik ikusten ez den lekuetan, irla batean zaudela ahaztu eta Gaztelako lautada zabalean sentitzen zara kasik. Okerrena da ez zoazela hiri handi batera. Irlako bigarren herririk populatuena izan arren, herriska bat da; ez daukazu bertan liburudenda on bat topatzeko itxaropen askorik. Izan zara lehenago herrian eta egunkari atzerritarrak, eguzkitarako krema eta buzeoko betaurrekoak, dena batera saltzen duten lekuei deitzen diete hemen liburudenda.
Bizikleta lotu eta kalerik kale ibiltzea erabaki duzu, kale estu eta itzaltsuak eskertuz. Ordu erdi eman diozu zeure buruari norbaiti liburudendaren bat ezagutzen ote duen galdezka hasi aurretik. Esaten dutenez, gauzak non dauden ez jakin arren ez galdetzeko seta, gizonezkoen kontua da emakumezkoena baino gehiago. Zergatik ote den galdetu diozu zeure buruari. Orientazioaren urguilua eta bilatzailearen sena animala eta alimalekoa mantentzen dugula erakutsi nahi diogulako geure buruari? Batek daki.
Orduan gertatu da miraria: erakusleihoko liburuak babesteko zelofan ilunez estalitako kristala ikusi duzu lehenbizi. Izan zitekeen egarriak eragindako ispilukeria faltsua, baina ez: buzeoko betaurrekorik saltzen ez duten liburudenda bat da. Benetako oasia basamortuaren erdian. Paperaren desagerpenarekin hau ere aldatu egingo da, noski, baina bitartean… bitartean, zelako plazera herri ezezagun bateko kale ezezagun batean liburudenda bat topatzea, zeure kasako habitat gisara identifikatzen duzun lekua, inoiz lehenago ikusi ez baduzu ere. Lagun zahar bat hiri ezezagun batean.
Kaotikoa da liburudenda, baina berehala sentiarazi zaitu etxean. Liburu-bizkarrei begira hasi zara, zenbat Anagramako, zenbat Mondadoriko, zenbat Tusquetseko, zenbat Seix Barraleko ote dauden neurtu nahian bistadizo azkar batean. Ongi, pasa du lehen filtroa, koloreei eta bildumei dagokiena. Pre-Textos argitaletxeko poema liburuak ere baditu eta, horra! Sibarita bat hemen, irlaren erdian. Irla bat irlan. Ez duzu zeure bizitzan hura ikusi, baina jada liburu-saltzaileari buruz asko dakizula begitantzen zaizu. Bigarren esplorazio batean berritasunetan jarri duzu arreta, erreparo apur batez. Nola iritsiko ote dira hona liburuak? Barkuz? Hegazkinez? Zenbat denbora beranduago? Bi aste, hilabete? Zer decalage maila dauka irla batek 2011. urtean batere halakorik badauka?
Pozez bete zaitu Mathias Enarden azken liburua aurkitzeak eta Dave Eggersen ipuin bilduma ere erosi duzu, patrikako edizioan, hamar euro baino gutxiago, uko egin ezin zaion horietakoa.
Badakizu itzulerakoan gainkargari dagokion isuna ordaindu beharko duzula aireportuan (“10 euro dira kiloko; diru horrekin eBook bat eros zenezakeen ia!”), baina bizikletan etxera bueltan zatozela, masustak bigarrengoz jaten dituzun bitartean, gauzak batzuetan errazegi jarri aurretik, gauzak apur bat zailak jartzeak duen xarmaz pentsatu duzu, eta Mathias Enarden liburua eleganteegia denez, patrikakoa, Dave Eggersena hartu duzu aurrera segitu aurretik atsedenean irakurtzeko, hura masusta-eskuekin orbantzeko batere beldurrik gabe, masustekin zikindutako liburu batek hogei urte barru ekarriko dizkizun oroitzapenak aurreratuz, agian.