Samuel Beckett vs. Quentin Tarantino
Auster entretenimenduzko literaturatik literatura klasikora doan zubi bat dela esan izan da. Becketten eta Tarantinoren artean dagoen katebegi galdua. Road movie baten erdian Keats-en poema bat aterako dizu mahukatik, edo Kafkaren edo Joyce-en bizitzako pasarte bat harira ekarriko, abenturaren eta peripezien pultsua batere galdu gabe. Desagertu eta gutxien esperotakoan berriro agertzen diren pertsonaiaz josita daude bere nobelak, erredentzioa bilatzen duten bidaiariz, inoren atzetik dabiltzalakoan norbere burua jazartzen duten pertsegitzailez… Austerren eleberriak oso goian hasten dira: amildegiaren ertzean dauden pertsonaiek ataka gaiztoren bat bizi dute, demaseko galeraren bat, fisikoki edo mentalki preso daude, ihes egin eta zerotik hasi nahi lukete. Ez dira alferrikakoak haien izenak: Mr. White, Mr. Black, Mr. Bones, Mr. Vertigo… Bakardadea, doblearen gaia eta zoriaren jukutriak dira bere nobeletako giltzarrietako batzuk. Kritikari zenbaitek uste izan du, hain zuzen, kasualitate gehiegi dagoela bere istorioetan (Brooklyngo erokeriaknobelako protagonistak, demagun, aspaldi arrastoa galdu zion arrebaren argazki bat aurkitzen du, non eta aldizkari pornografiko batean, noiz eta ugalkortasun klinika batean hazia ematear denean).
Paul Austerrek ez zuen sekula ipuin bildumarik argitaratu, baina bere liburuak narrazio laburrez betetako panpina errusiarrak dira, eta bere ipuin bakanetako bati esker ondu zuen Wayne Wang-ek Smoke (1995) film gogoangarria. Luze hausnartu zuen bere lanaz. Idazketari buruz zioen gaitz bat dela, “arimako gripea, edozeini erasan diezaioke edozein unetan, berdin zaharrak eta gazteak, indartsuak eta ahulak, mozkorrak eta abstemioak, gaixoak eta osasuntsuak”. Idatzi behar horrekin lehian dago, ordea, bere pertsonaietako batzuen isiltzeko joera; ez dira gutxi bere obran mututzea erabakitzen dutenak.
2006an, “garai postliterario” bat bizitzen ari ginen susmoa azaleratu zuen. Beharbada, zerikusi gehiago zeukan elkarrizketa batean aipatutako neke sentipenarekin. “Agortze arriskua” ikusten zion bere buruari, urte askotan ia urtero nobela bat argitaratu ostean. 1968an, 21 urte zituela, idatzia zuen jada garrantzitsuena: “Mundua nire buruan dago. Nire gorputza munduan dago”.
Harekin hitz egin nuen aldi bakarrean idazle adiskide baten enkargua neraman: “Esan iezaiozu bere deiturak zer esan nahi duen euskaraz!”. Azkenean ez nion esan. Gustatuko zitzaiokeen, agian, bera zen zigarrotxo holandarren erretzaile amorratuari.
BERRIA egunkarian argitaratua