Harria, papera, guraizeak

Urtarrilak 22, 2021

Ondo egokitzen zaigun mito greziar baten bila hasita, zaila da Sisiforena baino aproposagorik topatzea. Harria (zer bestela?) mendi gailurrerantz (nora bestela?) eraman nahi duen Sisiforen ahalegin eskergak zigorra du sari. Iritsi aurretik maldan behera eroriko da harria eta berriro hasi beharko du aldapan gora hari bultzaka. Izan ere, gure amesgaiztoa hitz bitan laburbil liteke: zerotik hasi. Eta ez diogu zentzu metafisikoan soilik. Zentsura sistematikoaren guraizeak iraganeko kontu ziruditenean etorri ziren Egin eta Egunkariaren itxierak, eduki zehatzei bainoago egitura osoei zegozkienak. Artazi haiekin ahots kordak moztu zizkigutela sentitu genuen; ez zen kolpe bat izan, mutilazio bat baizik.

Urte lar pasa ditut bere burua hegemonikotzat duenak txokokeria aurpegiratzeko egiten digun “zergatik euskaraz idatzi?” galderari edukatuki erantzuten (“alemaniar bati ez zenioke sekula hori galdetuko, ala?”). Guk nahi ala ez, korapiloa hizkuntza bera baita askotan. Eta korapiloa dioenak, trama ere esan nahi du. Hizkuntza batek polizia martxan jar dezake eta beste batek ez. Horrek esan nahi du idazten ditugun istorioetako askotan hizkuntza argumentuaren parte dela. Eta, zergatik ez, badirela esaldi zinez itzulgaitzak (“Hau orain euskaraz idazten ari naiz”, adibidez, nekeza da gaztelaniaz ipintzea, “Esto lo estoy escribiendo ahora en euskera” itzulpen literalaren eta “Esto lo estoy escribiendo ahora en castellano” itzulpen egiazkoaren artean aukeratu behar delako).

Uler dezagun hau behingoz: gertaerak ezin dira izan ziren bezala kontatu. Konta daitezke norberak bizi izan zituen moduan, oroitzen ditugun eran, kontatu dizkiguten bezala, ustez gertatu bezala… Konta daitezke testuinguruan jarrita, matematikaren arauekin, hitz lauz edo bertso neurtuz. Konta daitezke luze edo labur. Lekukoei entzunda edo estatistikan oinarrituz. Hasieratik hasita edo atzekoz aurrera. Baliabide eta kontamolde horiek guztiak hartu, baztertu edo dosifikatzearen artea da kazetaritza. Kazetariak lagun izango ditu zeregin horretan bere irizpideak, hautatzen duen ikuspuntua eta bere ahotsa. Gertaerak izan ziren bezala kontatu ezin direla jakinik, hori egiten saiatzea delako bere lana. Lan eder bezain ezinezkoa, bide batez esanda. Berak ere, Sisifok legez, egunero zerotik hasi behar du. Eta euskal kazetaria, bi aldiz da Sisifo.

Baina kronika amaitzen den lekuan, gertaerez haratagoko puntu zehazgabe batean, oihartzunak hasten dira. Oihartzun horietara dago jarrita literaturaren belarria. Errealitatearen deformaziora. Ametsetara eta lokamutsetara. Denak zakuratzen ditu idazleak: uste ustelak, zurrumurruak, fantasiak… Inork kontatu nahi izan ez dizkigunak eta gu geure buruari aitortzeko beldur garenak. Benetakoak ez diren arren sinetsi nahiko genituzkeenak. Benetakoak direla dakigulako ahaztu nahi ez ditugunak. Kazetariaren kronika eta epailearen argumentazioa amaitzen diren puntuan hasten da akaso idazlearen lana? Izan kazetari izan idazle, errealitatearen eta norbere buruaren arteko distantziaren lemazainak gara denok: kazetariak, distantzia hori ahalik eta ttipiena izan dadin saiatzen diren bitartean, idazleok —modu askoz ere malguagoan— errealitatatea den izeber horrekin talka kamikazea bilatzen dugu batzuetan, edo kontrakoa, harengandik ihesi urruntzea hautatzen beste batzuetan. Ihesak, ordea, badakigu zer dakarren, oso antzeko beste izeber batekin talka egitea. Kazetariak zein idazleak, biek nahi dute egiaren ertz bat besarkatu eta, batez ere, irakurleari hura besarkatuarazi. “Zuretzat dakart izotz puska hau paperetan bildua: hartu eskuetan, urtu dadin baino lehen”. 

Horregatik pentsatu nahi nuke antzezlan honetarako asmatu dugun Elea egunkaria ez dela zehazki Euskaldunon Egunkaria, baina Sisiforen paperak, agian, badirela gureak.  

Sísiforen paperak antzezlanaren esku-orrirako idatzitako testua