Ergelen gelan

Ergelen gela, guztietan goxoena; 
berogailua etxe osoan barrena. 

Ergelen gelan giro fahreinheit epela. 
Elkarrizketa halaxe da: 
zozoa gozo, belea zuri,
txepetxa beti txepela.  

Ergelen gelan bada jende saiatua... 
Haien artean txapelketa lehiatua: 
“Baietz ni zu baino ergelagoa izan!”

Ergelen gelan, ergelen gelan… 

Ergelen gelak horixe dauka: 
xakerik ez, baina partxisaren mauka. 

Ergelen gelak, zenbat abantaila: 
konpainiarik ez da sekula falta. 

Ergelen gelan, zenbat opari! 
Alkandora bat mahuka josia soinari. 

Ergelen gelan, gerrikorik ez: 
“Hegoak moztu suizida horri, mesedez!”

Ergelen gelan, arnas larriak, 
ezpainetik beherako lerde izpiak. 
Ergelen gelan, barre biziak, 
jakin gabe barre horien zergatiak. 

Hau da helbide zuzena, 
hemen, daukazu den-dena! 
Ongi etorri, jarri ilaran,
hartuko zaitugu aurki 
ergelen gelan, 
ergelen gelan! 

Ergelen gelan, arnas larriak, 
ezpainetik beherako lerde izpiak. 
Ergelen gelan, barre biziak, 
jakin gabe barre horien zergatiak...