Nola ezetz?

Nola ezetz? 
Pixka bat pixkanaka. 
Pixka bat, pixkanaka, 
pixkanaka, ttanttaka… 
Tiranteei helduta,
haurtxoei bezala, 
beltzetik zurira baino lehen 
txango bat ubelera. 

Nola ezetz? 
Apurka-apurka. 
Ezer puskatu gabe, 
apur-apur, 
purra-purra.  
Borrero leunen ardura:  
deus ez daraman lapurra,
txikitu gabe urra. 

Nola ezetz? 
Gutxika-gutxika, 
ez egiteko goitika,
deuseztatuz irrika.  
Pixka bat pixkanaka, 
gutxika-gutxika, 
pixkanaka, ttanttaka...  
Dosi ttipitan edan... 
Papurra papur, zelan?  
Azken papurra zer den, 
nik zuri behar erran?  
Papurtu ezin dena
da papur papurrena.