Helduentzako sehaska kanta (I)

Nartzisoren ispilua 
beltz edo koloretsu,  
main stream da korrontea, 
goxo itoko zaitu. 

Berrogei urteko haurtxo, 
txuntxulun berde, aizu:
ez izan deusen beldur, 
pentsioa baduzu:  
soldata segurua non,
zu harantz arrimatu... 
Poxpoloak ahaztu du
nola esaten den su!
Aitatxorentzat lan egin, 
ez izan deusen izu: 
poxpoloak ahaztu du 
nola erraten den su!

Txikitxo, txikitxo maite, 
txiki entretenitu, 
laster berrogeita hamarrak 
harrapatuko zaitu!
Txartelak, telefonoak, 
baimenak ez ahaztu;  
txikitxo, txikitxo ene, 
goxo-goxo segitu.  
Bizitzak zuretzat hamaika 
sehaskaditu, 
txikitxo, txikitxo ene, 
baietz gehiago txikitu! 

Arina izan behar da, 
arin baita arima,
baina arin izan zaitez
xoria den bezala. 
Arina izan behar da, 
arin baita arima,
baina xoria bezala, 
eta ez haren luma. 

Norbaitek erran behar eta
zeuk erran iezaiozu:  
poxpoloak ahaztu du
nola erraten den su!
Arina izan behar da, 
arin baita arima,
baina xori aukeratuz, 
norantz doan hegaka,
hegaka, hegaka...