Zaldi emozionalak

Hipodromo isila kalea bera bada, 
zaldunik gabeko brida hau, norena da? 
Zeri egin aurre, nori eman bizkarra?
Atzera ez begiratu, gaindi ezazu langa!

Zigorrari zigorkada, zaldi emozionalak gara. 

Zaldunik ezean, akaso, karabana? 
Daramagun gurdian nor deabru doa, ba? 
Zangopea daukat ferraz ongi joa, 
iltzeekin josita daude gure asmoak. 

Zigorrari zigorkada, zaldi emozionalak gara. 

Eguna amaitzean, gauero trantzean: 
lotuko zaituzte –paradisu ustean–, 
tortura goxoenen baratzean.
Zaldia izan arren, zabiltz asto lanean... 

Zigorrari zigorkada, zaldi emozionalak gara. 

Saria zain duzu orain, haien esku artean,
eskutada batez zeu elikatu ustean... 

Zigorrari zigorkada, zaldi emozionalak gara. 

Azukre urtua aurki, zeure sugarrean, 
sugar eta aho, biak urtuz aldi berean... 

Zigorrari zigorkada, zaldi emozionalak gara. 
 

Manipulazio estrategiak (*Zart, 2020)