Simetria ezinezkoak
Zein da gure artean euskaraz sortzen den kulturaren eta gaztelaniaz sortzen denaren arteko harremana? Badago erantzun politikoki zuzen bat, gezurra ez izan arren oso interesgarria ez dena: harremana gero eta hobea da. Lausotzen ari da hizkuntza ideologizatzen zuen automatismo zaharra, garai bateko aurreiritzien pisua. Blokeen sasoia amaitu da, gora arrakalak, arrakaletan sortzen direnez loreak. Baina mikroaurreiritziek hortxe darraite, sotil eta disimuluan, ukiezin. Luzeegi ohitu gara azaletik elkar epaitzera, aztura txar hori ez da bat-batean galtzen. Egia esan, galderak berak tranpa du bere baitan, aurresuposatzen baitu euskaraz bizi eta lan egiten dugunok multzo itxi eta bereizia osatzen dugula. Eta ez da horrela. Euskal sortzaile guztiak garelako erdaldun, eta sarri aritzen garelako gaztelaniaz, geure lanari lotuta edo lotu gabe. Gure euskaltasuna intermitentea delako. Ia denok garelako, ezer baino lehen eta egunerokotasunaren praxian, erdaldun. Eta gero, gutariko batzuk, euskaldun ere bagara, zenbait lekutan, ordu batzuez. Euskal kulturzalea, honenbestez, mugarrien garraio dabil, joan-etorrian, (auto)itzulpenaren gazi-gozoak dira bere eguneroko ogia. Bere lana egiteaz gain, bere giroaren ordezkari, proselitista edo predikadore izatera derrigortua dago. “Eta zuen mundutxo horretan, zer berri?”, galdetzen dizute tarteka. Euskal sortzaileak berriemaile bereziarena erantsi behar dio bere lan zerrenda jada luzeari; Albanian bidaian izan garen turisten pare gabiltza gure kulturari buruz etxean hizketan. Baikor jarrita, esan genezake gure nekea dela gure kapitala; eskala diferentea duten multzo ezberdinetan egoteak eta hizkuntza ezberdinetan aritzeak aberasten gaitu. Gure mundutxoaren marketing arduradun gara, halabeharrez hauspotzaile, defentsaren abokatu. Ikusgarritasun ezak sortzen digun amorruak du horren errua, jakina: Beyonce, Rosalia edo Perez Reverteren berriak osmosi bidez xurgatzen dituenak arazo gehiago dauzka gertuagoko sortzaileen existentzia hautemateko, ulertzen baitu euskal multzo itxia endogamikoa dela eta egiten duguna ez doala haiekin. Edo, hobe esan, ez doala inora.
Nekeza da gurea bezalako bokazio batetik soldata ateratzea, eta horrek bakarrik sortu behar luke jada halako “klase kontzientzia” bat gure artean, gremio berekoon arteko elkartasuna, darabilgun hizkuntza edozein delarik ere. Eta sortzen du. Bestalde, hizkuntza ez da determinantea, konplizitateak garatzeko orduan garrantzitsuagoak suerta daitezke kidetasun estetikoak. Baina hori ere ez da guztiz egia: gaztelaniaz idazten duenaren begiak, normala denez, adiago daude Espainiako joera, literatur gehigarri eta polemiketara; ni berriz, hotz uzten naute haiei pizgarri zaizkien sestrek. Gaztelaniaz sortzen duenak Espainian bilatzen du homologazioa, eta, harri batez bi txori, ni ere bertan homologarazi nahi nau. Idazle albaniar sentitzen naiz halakoetan. Atzerritar nire herrian. Haiek berriz, euskarazko munduaren albiste urrunekin konformatzen dira, oro har. “Eman titularrak, arren”. Esan nahian bezala: “Mundua zabala da; jakin-minak ere baditu bere mugak”. Horretan ez zaie arrazoirik falta; estatistikaren arabera, euskal hiztunoi ez zaigu gabonetako loterian Shakespeare tokatzen.
Euskal musikariak, zinegileak, aktoreak... kotizatuak daude hemen eta kanpoan. Euskara color local dei genezakeen ñabardura kitsch baten mailan geratzen den heinean, beti ere. Ukaezina da Amets Arzallusek aspaldi ez dela adierazi duena, denok gaudela euskararen alde, hura erdigunean kokatzen ez dugun bitartean. Izan ere, harrotzea denean kontua, askoz ere erosoago zaigu hizkuntzarik ez duen kultura batez harrotzea. Gure artean, bi adibide garbi dauzkagu azken hamarkadotan: eskultura eta sukaldaritza. Ez da kasualitatea bi arlo hauek izatea nazioartean geure marka saltzeko –barka itsuskeria– gehien erabili direnak. Are, esan genezake iraganean eskultura zena, orain sukaldaritza dela, hainbestetan aipatzen dugun Zygmunt Baumanen modernitate likido maiztuak likidatu egin dituela Chillida eta Oteiza, zentzu materikoan eraldatu, eskultura efimero gisa saltzen denez gastronomia. “Hizkuntzarik ez duen kultura” diogunean, ordea, tranpa egiten dugu berriro: eskultoreak eta sukaldariak gaztelaniaz lanean bihurtu baitira izar, ia beti.
Elebitasunaren simetria saldu digute, baina simetriaren pisua alde bakarrak darama bere gain: “errepikatuko duzu gaztelaniaz euskaraz esan duzuna?” eskatzen digute hobebeharrez, “jende guztiarengana” heltzeko aitzakiarekin. Eta guk amuari heldu, aurkezten ari garena euskarazko nobela izanagatik. Etengabe eskatzen zaigu jatorrizkoaren itzulpena, gure buruko disko gogorraren partizioa. Barka, hori ez da simetria, menpekotasuna baizik.
“Euskara ez jakiteko eskubidea” aldarrikatu zuen duela zenbait urte idazle batek. Eskaera bitxia, inondik ere. Eta hor ere aplikatuko bagenu simetria? Zer ez ote liokete leporatuko “gaztelania ez jakiteko eskubidea” aldarrikatuko lukeen euskal idazle bati?
Esango dute garaiak horrelakoak direla, hautua librea dela, globalizazioaren kontuak, multikulturalismoa besarkatzea dagokigula. Ivan de la Nuezek bi-biak kritikatzen ditu, ordea, “Teoría de la retaguardia” saiakera gomendagarrian: multikulturalismoa litzateke “piztia bakoitza bere kaiolan” sartzeko modua, eta globalizazioa berriz, “piztia guztiak kaiola berean sartzekoa, beti ere, piztia hauek aski bezatuta badaude”. Zein kaiola hautatuko dugu munduan egoteko? Kaiolen artekoa da gure hautu librea?
Geometria erabili dut gure egoera azaltzeko, baina agian zoologiak hobeto esplikatuko lituzke zenbait kontu. Hizkuntzek ere borroka egiten dutela, alegia, espazio fisikoagatik zein sinbolikoagatik. Euskarak, zehazki, biziraupenagatik.
El Diario Vasco egunkarian argitaratua