Jabier Muguruza
Jada iritsi diren barbaroen zain
“Maisua, aizu…
Zer berri, maisu?
Han zer datorren
ba al dakizu?”
“Susmoa badut
–ez nago ziur–,
ote datozen
sasoiak ilun...
Nik mugarik ez
nuen pasatu:
baina mugak ni
nau zeharkatu”.
“Maisua, aizu…
Zer berri, maisu?
Han zer datorren
ba al dakizu?”
“Jarraitzen dugu,
barbaroen zain:
gertu daudela,
badakit orain.
Hobi zulatzen
ote dabiltza?
Zelaian ihintza,
pistolak mintza”.
“Maisua, aizu…
Zer berri, maisu?
Han zer datorren
ba al dakizu?”
“Hango berririk
deus ez dakigu;
ekiak bista
itsutu digu...
Betikoa da
betiko lege:
horizontean
sinetsi hobe”.
Leiho bat zabalik (Mara Mara diskak, 2017)
Beti ondo daudenen gezurrak
Beti ondo gaudela,
ez nahi adina...
Barruan daukaguna
ez denez arina.
Gezurra ez den arren
ez da egi oso:
esango al diogu
elkarri eroso?
Egia kontu zaila,
erradiaktiboa,
superheroientzako
ez da praktikoa...
Gezurrak esateko
lehenengo baldintza:
memori ona eta
mozorrotu hitza.
“Egia zango luze,
gezurra hanka motz”
hala diote baina,
ni ez nago ados:
gezurti asko dabil
hor barrena airos,
egia bazterrean
odolusten aiztoz.
Hitza arma zuria
zurikerietan,
edota laban fina
bizkar samurretan.
Hitza baino gehiago
maite dut ahotsa,
salatzen ditu dardar,
beldur eta lotsa.
Hitzak sarri ez dira
ezer esateko
baizik eta guztia
ezkutarazteko:
eskura zen egia
basoan gorde da,
eguzkia mendebal
gorrian bezala.
Mutu irauten dugu
ezer esan gabe,
argazki baterako
biok ondo gaude.
Bihar bueltan berriro
“zer moduz?” galdezka:
barrua trumoitsua,
begietan festa.
Tonetti anaiak (Resistencia, 2015)
Liburua ala kafea
Bi bider zenbatuta zortzi diren arren,
patrikan lau sos, besterik ez.
Puzzle txikitu bateko piezak (dirudite),
elkar hartzen ez duen zeru bat.
Txanponok besterik izan ez,
beharrizanak ase beharrez:
liburua ala kafea, zer eros dezaket?
Bigarren eskuko
liburua hartu eskutan
zenbat jendek egin dion
paper leunari laztan,
baina tripatik gertuago
urdailak eta neguko hotzak
kafea nahiago.
Izan ala ez izan, liburu zaharren peskizan:
kafea ala liburua, zerk behar du gaur izan?
Kafearen alderdi onak: euforia labur-laburra,
ezpainetan goxotasuna, sabelean beroa gura.
Liburuaren alderdi onak: bi bider bizitzearenak,
bizitzaz pentsatzea baita literaturaren ardura.
Izan ala ez izan, erabakia hartu dut zirt-zart:
“Urtekoa izanagatik, atera (e)zazu ardo bat”.
Beste hogei (Resistencia, 2013)
Parte-hartzea
Zatoz gurekin esanagatik
bota ninduten korutik,
dantza taldean hasiagatik
ez nuen iraun lar zutik;
sindikatuan nire postura
ordaindu nuen larrutik:
ezkaratzeko bileratara
justu justuan, geroztik.
Beltza, beltza, aukeratu auto beltza...
Edozein kolore aukera ezazu, baldin eta
baldin bada: beltza!
Propagandaren maisu handia
izan zen, ustez, Henry Ford:
“Zuk parte hartu, zuk aukeratu
ez diguzu-eta ezer zor...
Ford-en autoa izatekotan
kolore bat zein beste, bost”.
Erosle asko zapuztu ziren
–ez mapa eta ez altxor–
kotxe guztiak beltzak zirela
ikustean sor eta lor...
Beltza, beltza, aukeratu auto beltza...
Edozein kolore aukera ezazu, baldin eta
baldin bada: beltza!
Alderdi eta elkarteetan
biltzen ginen gu taldean:
saiatu nintzen hatza altxatzen
aportatuz gatz alea,
baina egitura eta sistema
oro zitzaidan balea...
Eta ez naizenez sekula izan
arpoia sartzen trebea,
James Dean gabardinaduna legez
bakarti nabil kalean.
Beltza, beltza, aukeratu auto beltza...
Edozein kolore aukera ezazu, baldin eta
baldin bada: beltza!
Taxirik ez (Resistencia, 2009)
Abenduak 29
Hitzordu bat, adibidez hemen, orri zuri honetan.
Zita baten zain derrigorrezkoak diren hitzetan pentsatuz bakarrik.
Beste ezertan ez, bakarrik hitz horietan pentsatuz.
Jendea pilatzen ari da zubietan, bakarka edateko
binaka edatekoak diren likoreak.
Gabonak dira: laguntza eskatzen dute
trapuzko hartzek eskaparateetako sasietan harrapaturik.
Zaldi karrerak lurpean, zaldi karrerak lurpean...
“Brown baby” xuxurlatzen ari zait, Nina Simone walkmanean...
Bihar belaontzi batek naufragatuko du
giza-galeren galerian, baina guri zer?
Ahoko lurruna, bizarreko lanpernak,
kale hauetan ibiltze hutsa
zoriontsu izatearen pareko dela gogorarazi nahian.
Abenduak 29 (Resistencia, 2005)
Etxera bai, etxera ez
Taxirik ez taxi geltokietan,
umeak, euria katiusketan,
jendea makur antzean dabil
eskuak sakeletan.
Eleonora kabinan dago
Ekuadorrekin hizketan;
estu antxean kiribiltzen du
ile-xerloa hatzetan.
Albiste onak eman nahi ditu
egiaz, erdi gezurretan...
ozeanoa kulunkatzen zaio
telefono adarretan.
Taxirik ez taxi geltokietan,
umeak, euria katiusketan...
Argia inguruko leihoetan
esperantza du sartu dituen
azken hogei xentimoetan:
“ama, jendeak ez du hemen guk bezala dantzatzen,
ez naiz senarrarekin ondo moldatzen,
ez zait bidaltzeko dirudik geratzen,
ama, zahartzen ari naiz baina zu
ez zaitut ikusten zahartzen...”
Taxirik ez taxi geltokietan,
umeak, euria katiusketan...
Eleonorak eseki ditu
telefonoa eta Ekuador, penetan.
Aterkirik gabe “etxera” oinez
doa pauso ttipietan,
eta hala ere ez da helduko
etxera gaur sekuletan.
Taxirik ez da taxi geltokietan,
umeak, euria katiusketan...
Taxirik ez (Resistencia, 2009)
Bikote bat
Bikote bat, gela hutsean:
gizonak pentsatzen du, eskua kokotsean,
eta andreak pentsatzen du, zutik, leiho ondoan.
Gizonak ez duenean nora, eskua darama kokotsera
Andrea, ez duenean nora, oinez doa leihora.
Gizona pentsatzen ari da, nola egin esateko esan ezin dena.
Nola esan, ez egitekoren bat egin duela.
Bikote bat, gela hutsean:
gizonak pentsatzen du, eskua kokotsean,
eta andreak pentsatzen du, zutik, leiho ondoan.
Andrea pentsatzen ari da, nola hasi esaten bukatu dela
Nola bukatu, inoiz erabat hasi ez zena?
Gizonak, eskua kokotsean,
andrea zutik leihoan.
Biak nola esan, zer egin,
pentsatzen.
Bikote bat (Resistencia, 2011)