Basquiat
Ni naiz Basquiat:
haur problematikoa,
topera bizi nahi zuen
rasta ileko gazte xalo.
Ni naiz Basquiat
merkatuak irentsia
maitagarria, jasangaitza,
sakona, azalekoa,
naturala, artifiziala...
Zuk nahi duzuna...
jada hilik nagoenez gero.
Ni naiz hori
dirurik ez zeukanean
edo bere gameluak
huts egiten zionean
Washington Square-en
lo egiten zuena...
Bi telebista eta bi gramola
topera jarrita pintatzen zuena,
lapurra, bilaua, aingerua, errege koroatua,
frakasoaren ama eta amama,
arrakastaren semea...
Eta bilo rasta bis biloba
begien hondoan
haur bozatu baten tristura bistakoa zuena
Nola ez...
hogeita zazpi urterekin
gaindosiaz hil zena,
lurpetik besoa atera nahi duena,
hilarriari bere gustuko
azken zertzelada margotu
azken telefono zenbakia apuntatu
eta ezabatzeko ezgauza...
Ni naiz Basquiat.
Brooklyngo hilerri honetan
eta bere koadro bakoitzean
datzana.