Katekorratzarena
Katutik duzu asko,
katetik, berriz, gutxi,
ez duzu katearen
fama txarrik merezi.
Katetik askatzeak
egiten zaitu berezi:
ireki eta kliska,
begiaz keinu berriz.
Soltean zoazenez
bakarka zoaz beti,
ez inoren kontrako
baizik alegre, isil.
Katebegiko begi,
zaitut begikoegi,
galtzea komeni ez
den bitxien euskarri,
patrikara lotuta
edo soinekoari.
Besteari lotuta
eta zure gorputzari.
Buruan behar nuke
zure kastako sorta,
gogoratzeko zinez,
zeri hel, zer gorrota...
Ez zara deusen lotsa
paperezko larrosa,
jakako paparrean
eustekotan poza:
ireki edo itxi,
trikuaren zorrotza.
Zabalik, zauritzeko
ezpata zarelako;
itxita, pieza kamuts
laztan eskean plako.
Patrikan zaramatzat
laztantzen zaitut kuttun:
ireki eta itxi,
egun on edo agur...
“Ene katekorratza,
eutsi diezaiogun”.
Ez zara deusen lotsa
paperezko larrosa,
jakako paparrean
eustekotan poza:
ireki edo itxi,
trikuaren zorrotza.
Katutik duzu asko,
katetik, berriz, gutxi,
ez duzu katearen
fama txarrik merezi.
Katetik askatzeak
egiten zaitu berezi.
Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak, 2019)