Disko bilduma leihotik jaurtitzearen arte ederra
“«Disko bilduma ordenatzea gogorregia zen niretzat», esan zidan behin senarra utzi ez zuen emazte batek. Maitasunaren lehen zirraran, beren diskoak elkartu zituzten, baita errepikatuta zeudenak bota ere. Nola desegin hura guztia? Hortaz, emakumea geratu egin zen; eta bolada baten ondotik, alde egiteko tentazioa pasa zitzaion, eta disko bildumak lasai hartu zuen arnas”. Julian Barnesen Istorio bakarra nobelako pasarte umoretsu honetan argi eta garbi geratzen da zein neurritakoa den belaunaldi batetik aurrerakook zenbait objektuekiko izan dezakegun atxikimendua. Pasarte honek salatzen du, halaber, adin batetik gorako jendeaz ari garela, milenial batentzat erabat arrotza bailitzateke portaera hori, munduko musika guztia hatzen puntan duen jakitun. Duela bi hamarkada Manhattaneko Lower East Siden ikusitako eszena: gizon gazte batek biniloz betetako kutxa bat jaurti du leihotik, haserre bizian. Emakumezko bat atera da segidan eraikineko ataritik; diskoak lurretik jaso eta leihoan dagoen gizonezkoari irainka alde egin du. Soinean generamatzan arropak bezain pertsonala zen disko bilduma. Laido gutxi, binilo sorta leihotik botatzearekin aldera zitekeenik.
Erraz eror gaitezke garai bateko poetika hori faltestearen tranpan. Zenbat arratsalde euritsu, hatz-mamietako aztarnak higatu bitarte disko ehizan, zeren bila genbiltzan oso ongi jakin gabe, safari musikal kitzikagarrian. Zer bilatzen genuen, zehazki? Aspaldi begiz jotako laguna? Ezagutzen ez genuen espeziea? Ezusteko piztia bat, desagertutzat jotzen genuena? Denetik apur bat. Mugatua zen gure harrapakari izaera, egiaz; geure desioen objektua ikusi eta esku artean izatea aski izaten zen sarri, patrikak nahi genuena erosteko ematen ez zuenez gero. Zailtasunaren akuilu hura, eskasiaren xarma... Nola ahaztu, lehen konpaktuak erosten hasi ginenean dendariek prezioaren pegatinarekin atzealdeko abesti zerrenda estaltzeko zuten ohitura gorrotagarria; desio genuen kanta pegatinaren pean ezkutatuta egongo zen ustean erositako disko haiek, eta etxean eranskailua kendutakoan azpian agertzen zen kantaren izenburua irakurtzean sortzen zen zirrara edo dezepzioa...
Norbere disko bilduma edo liburutegiari begira, jakin dezakegu zein hiritan eta noiz erosia den haietako bakoitza, nork oparitu zigun hau edo hura, jada desagertutako zenbat disko- edo liburu-denda zeuden gure bazterretan. Baina norbere disko bilduma –edo berdin urterik urte osatutako liburutegia ere– ez da aztarna biografikoen pilaketa eta autoerretratua soilik, ez eta norbere gustu eta interesek bizitza oso batean barna nozitu izan dituzten aldaketen oroitarazle hutsa ere. Norbere disko bilduma, gaur egun ere bila gabiltzanik jakin gabe bila gabiltzana aurkitzeko modua da askorentzat; mosaiko lasaigarri bat, gure animo egoerarekin elkarrizketan sartzen den zer edo zer ukigarria eta estimulantea.
Konponbide zaileko malenkonia hau ederki azaltzen du Alberto Manguelek Mientras embalo mi biblioteca saiakera laburrean. Nola gehienetan bila goazen liburuaren ondoan dagoena izaten den benetan behar genuena. Ez genekien gure barne gogoaren berri, buruz buru geure disko edo liburuen parean jarri garen arte: lamentazioen murrua horratx, edota gazteluko harresia. Adi entzun besterik ez duzu, harri arteko belarrek zer xuxurlatzen dizuten... Maite ditut mundu digitalak eskaintzen dizkigun tresnak eta erraztasunak, baina aukera askeari dagokionez, nahiago dut aurrez aurre objektuek hitz egin diezadaten; haiek esaten baitidate zer entzun nahi dudan eta zer irakurri, mimoz eta zentzuz sailkatutako disko eta liburu isilek.
Beharbada, disko eta liburu fisikorik gabekoa iragartzen zaigun mundu batean, kantari edo idazle izaten jarraitu nahi duen jende kopurua da miresgarriena. Milan Kunderak aurresan zuen, El libro de la risa y el olvido nobelan: “Politikari, taxista, emagin, maitale, hiltzaile, lapur, prostituta, polizia inspektore, sendagile eta gaixoen artean... Edonon zabaltzen ari da grafomania. Horrek azaltzen du gizaki bakoitzaren baitan, salbuespenik gabe, idazlegai bat dagoela ezkutuan; aise oihu egin lezake kalean gizadi osoak: «Guztiok gara idazle!». Izan ere, denok gara unibertso axolagabe honetan entzunak izan gabe oharkabean pasatuko garen beldur, eta horregatik nahi genuke hitzez osatutako unibertso bihurtu, lehenbailehen. Denon baitan den idazlea esnatzen denean (laster gertatuko da hori), elkar ez ulertzearen eta gorraize orokorraren sasoia helduko da”.
Sare sozialak, diozue? 1978a zen
hori idatzi zuenean.
(Suplemento Territorios)