Delirioa Delhin (I)
Zazpi ordu pasatxoko hegaldia baino ez Munichetik. New Yorkera bezalatsu, alegia. Beti uste izan duzu urrunago zegoela New Delhi. Distantziaren erdia mentala den seinale: ez dela gauza bera, alegia, Delhi edo York. Hegazkinean aise susma ditzakezu bidaiatzeko motibazio ezberdinak: enpresa gizonak eta yoga ikastaroetara doazen emakumeak dira bereizten errazenak. Zerbaitegatik sortu zuen Narendra Modik, lehen ministro izendatu berritan, Yogaren Ministerioa deritzona, 2014an. Ministerio honen ardura ei da medikuntza tradizionala, ayurveda (metal astun toxikoak erabiltzen dituen pseudomedikuntza), yoga, eta homeopatia bultzatzea, besteak beste. “Zuek egiten duzuen yoga hori amerikarren eraldaketa desnaturalizatua da, ez zaitezte engaina”. Jakina: iparramerikarrek italiarren pizzarekin egin zuten gauza bera egin omen dute yogarekin ere. Negozioa.
Ez da zure bila etortzekoa zen autoaren arrastorik. Hala ere, banan-banan irakurri dituzu birritan aireportu sarreran pazientzia handiz zain dauden dozenaka gidarien dozenaka kartel, zeure izena berton topatuko zenuelakoan. Koitadua. Gidarizurtz zaude. Telefonoa ez dabil eta ezin wifirik harrapatu... Gehitu horri aireportu barrura itzultzea debekatuta dagoela, behin ateraz gero; borondate irmoko militar fusildun batek galarazten dizu. Negu gorria da Delhin, hotz da giroa. Erregateorako gogorik ez duzunez, prepaid taxi bat hartu eta aldirietara zuzenean. Aireportutik hotelera bidean, gauerdia ongi pasatuxea den arren, konstelazio ketsu bat elikatzen duten zientoka San Juan su ttipi errepide ertzean barreiaturik. Biziraupenaren mikro-ospakizuna? Edozer topatu eta hari su eman, berotzeko eta argitzeko. Trukean: zerua arbel zikin bilakatu eta eguzkia ezkutuan uztea ia urte osoan, behaleku astronomiko itzel aurreratuak eraiki zituzten arbaso indiarren lotsakizunerako.
Giltzurrun bat lapurtuko dizun banda antolatu bateko kideen esku erori ote zaren beldurra zeure mendebaldartasun sentiberaegiaren erantzukizuna da osoki, tabako gorrizta espeziatu antzeko bat mastekatu eta tarteka odolbildua bailitzan leihatilatik tu eginez kanporatzen duen taxi gidariak larregi laguntzen ez duen arren. Semafororik eta zebrabiderik ezean, errepide ertzeko sutxo horiek zurrupatzen dizute arreta. Bizpahiru pertsona daude su bakoitzaren abaroan. Nerabeak eta haurrak, tartean. Su ttipien itsaso bat errepide ertzean. Lanbro hori kutsadura dela esan dizute eta sasi-abarrak erretzeko garaia dela. Estalperik gabeko Belengo estalpe bizidun baten traza du paisajeak, baina ibilgailu motordunek Mad Max filmaren ukitu apokaliptikoa ematen diote. Kearen kiratsa, zerrategian egur-hondarrak erretzean ateratzen dutenaren antzekoa begitantzen zaizu. Karbono dioxidoa omen, %70koa airean, gobernuak jarritako neurgailuen arabera. “Ez hori sinetsi, gehiago da”, ohartaraziko dizute hurrengo egunean. Bitartean, taxian, belarriz gidatzeko modu horretaz jabetu zara: bozina jotze hutsak polo magnetiko bikien efektua egiten du, talka egitear dauden autoak eta tuk-tuk-ak azken unean miragarriro elkarrengatik bereiziz. Mantapean lo egiten duen jendea autobide bazterrean, burua edo oinak –zail da jakiten tapakien azpian– kunetako marra zuritik aski hurbil. Gela bat norberarena: hotelekoa izanagatik, mirari bat begitantzen zaizu izarape propio bat izatea gaur.
Hegazti basatien zarata dirudienak esnatu zaitu ordu txikietan, baina litekeena da goizean goiz autoen sapaiak kolpatzen eta argindar kableetan zintzilik ikusi dituzun tximuen txilio jostariak izatea. Hindi hizkuntzan “gaur” eta “bihar” hitz berbera direla esan dizute. Adarra jotzen ari dira agian, horrek ongi azalduko lukeen arren orain hartu beharko zenukeen trena hogeita sei orduko atzerapenez etortzea. “Halere, bada tren bat ordu erdi barru leku berera doana, horixe har zenezake nahi izatera”. Denboraren maneiua beste bat dela, horretaz ez dago dudarik.
Trenean, bidaiariei banatzen dieten ur mineral botilako etiketa irakurri duzu: labelaren atzeko aldean haurren bat geltokian bakarrik topatuz gero telefono batera deitzeko eskatzen dizute, “arriskuan egon daitekeelakoan, bereziki neska bada”. Tren geltokietan umeak desagerrarazten dituzten mafia antolatuak daudela, alegia: 6.000 ume desagertu urtero Delhiko eskualdean, 90.000 inguru India osoan, datu ofizialen arabera. Crush the Bottle After Use dio botilak beste aldetik. Suntsitzeko, alegia, inork berrerabil ez dezan iturriko ura botilaratuta negozioa egiteko.
Herrialde baten kezkak eta itxurak, garden, ur botila inguratzen duen paper
zatiaren inguruan.
Territorios gehigarrian