Izotzaren gordelekuetan barrena
Mendiko materialez inguraturik topa dezakezun liburu horietako baten traza du, azalari erreparatuta, Juanra Madariagaren “Espedizioa” liburuak. Engainagarria da, ordea, egileak berak Shisha Pangma irrikatuari ateratako argazkia. Hau literatura da, eta ez nolanahikoa. Izan ere, alpinista izateaz gain, poeta bikaina ere bada Juanra Madariaga. Soslai berezia? Ez hainbeste: asko izan dira espedizioetan liburu kuttunak bidaide izan dituztenak. George Malloryk, Virginia Woolfen “Bidaiaren amaiera” eraman zuen Everestera 1924ko espedizioan; Fritz Luchsingerrek, Rilkeren “Duiniar elegiak” 1983an Shisha Pangmara. Madariagak, Unai Elorriagaren “SPrako tranbia” hautatu zuen mendi berbererako, bai eta gailurrean pasarte bat bozgora irakurri ere. Testuingurua zer den, hitzen pisua eta zentzua aldatu egiten da altueraren arabera. Horra, muturreko –tontorreko- esperimentua: eman ahotsa liburu bateko pertsonaiari, zeure buruari oxigenoa emateko gaitasuna doi-doi daukazunean. Performance hitza behin baino gehiagotan aipatzen du egileak berak: “Halarik ere, jasanezinagoak izan ziren digeritze ganbaratik hori guztia kanporatzeko egin zituen imintzioak, zaratak eta gorputz performanceak. (...) Kasu horietan ahaztu egiten da giza izaera nondik datorkigun, eta larba ornogabearen antz handiagoa izaten dugu”.
Poeta baten tresnekin ehundutako bidaia-kaiera ederra da, honenbestez, “Espedizioa”. Atal laburretan zehatz eta dotore narratua, muga fisikoen deskribapen liriko, zorrotz eta gordina dakar, gorputzaren azken mugetaraino egindako bidaiak eragindako hausnarketa bital eta intelektualekin ehundua. Autodiagnosia urrun dago narzizismotik, jokoan dagoena zure biziraupena bera denean. “Bakardadea kapritxozko entea da. Une dezentetan egoten naiz bakarrik. Horrela, badut astia idazteko, paseatzeko, irakurtzeko, pentsatzeko, baita neure burua suntsitzeko ere”. “Konformatu aditz lotsagarria da”, idatziko du aurrerago. Derrigor zure gorputza ezagutu behar, arnas estuen alarma oharrak euforiatik bereizteko. Eta Häendel ezagutu behar, gailurrean Lascia ch´io pianga ariarekin akordatu ahal izateko. Ezeri uko egin gabe, bizitzari fisikoki eta intelektualki zukua ateratzeko manera honek, mendizale-poetak sentitzen duen sofrikariozko pozarekiko enpatia eta, zergatik ez, bekaitza eragiten digute.
Baina dena ez da, jakina, norbere larba esperientziaren kontaketa: espediziokideei eta haien mamuei, direnei eta izan zirenei ere ematen die ahotsa, intimitate koral eta konpartitu baten bila. Gogoangarria da, adibidez, “Presentziak” atala, mendizaleei gailurreraino laguntzen ei dieten begitazio benetakoak azaltzen dituena. Hirugarren gizakia esaten zaion fenomeno hori autohipnosiak eragindakoa dela uste da. Frank Smythe alpinista, esate baterako, bizkotxo zati bat jateko eseri zen Everesteko gailurrean. Bitan banatu zuen opila, pentsatu gabe. “Bigarren zatia eskuan eraman nuen denbora luzez, eta ia beldurtu nintzen nori eman ez zegoela deskubritu nuenean”.
Naturaren musika ere entzuten da lerro artean –isiltasun mota ezberdinak, beharbada–, eta gorputzak harekin sintonizatzeko egiten duen ahalegin ziztrin bezain heroikoaren taupada ere bai. Erpinetik gertu egon arren, poeta ez da itzali: “Astronautak gara ia. Zaldi zuri baten lepoko zurdari eutsita bezala zamalkatzen dugu ertza”. Desbesarkada hitza asmatzen du narratzaileak, hotzari dardar-berokia deitzen dio eta izotzetan aurkitzen duen arrakalari pitzadura-piraña.
Tontorra bezain garrantzitsua da, ordea, garrantzitsuagoa ez bada, prestaketa. Oraindik ezagutzen ez dugun mendiaren argazkiak eragindako lilura goiztiarra. Ihes doazen uneen intentsitatea harrapatzen asmatzen du Madariagak, ahaztu nahi ez dituen gauzen zerrendak eginez, denboran eta espazioan urrun dituenekiko estimua –edo arroztasuna– nola pizten zaion azaltzeko. “Absentziek, lantzean behin, marmokaren moduko pozoia zabaltzen dute: oharkabean azala baino zerbait gehiago erresumintzen duen eden elektrikoa”.
Desagertzeko moduen eta, beharbada, ezkutatzeko nahikari aitorrezinen konpendioa ere bada “Espedizioa”. “Nola desagertzen da gizakia mendian?”, galdetzen du. Aldiro sotilezia maila ezberdineko makuluak bidelagun hartuz erantzuten du: “Tontorrerantz joan zen eta ez zen bueltatu”. “Hor lotu da”. “Bere pioleta eta eskularrua baino ez ditut topatu malda osoan”. “Azken urratsak punturik gorenean amaitzen direla dirudi, baina beherako arrastorik ez”. Eta guztietan ederrena, agian: “Ez zen inoiz ere jaitsi”.
Aspaldi ez nizkion liburu bati horrenbeste pasarte azpimarratu.
Territorios gehigarrian.