Bilbao-Donostia-Bilbao
Hirigintzari buruz mintzatzen garenean gutxitan aipatzen ditugu ordutegiak. Badira, jakina, salbuespenak, igande eta jai egunetan saltokiak zabaltzeko balizko aukeraren harira sortutako eztabaida, horren lekuko. Ez da gutxiagorako: ez ote dira gure ohiturak eta hiri baten eitea eta giroa zizelkatzeko garaian, arkitektura bera bezain garrantzitsuak ordutegiak? Irisgarritasunaren gainean hainbeste hitz egiten den garaiotan, sarri ahazten dugu irisgarritasuna sustatu edo ezeztatzeko lehen modua –eta merkeena– ordutegiak direla. Barka pellokeria, baina, nola sartu eraikin batera, antzoki batera, taberna batera, ordutegiz at heldu garelako hura itxita badago? Nola zapuzten gaituen, antzezlan batera berandu iritsi edo oporretako azken egunean turista bezala gehien maite dugun museora heldutakoan kristalaz bestalde ITXITA txarteltxoa zintzilik topatzeak. Txikitatik ohitzen gaituzte errespetatu beharreko aztura eta usadio batzuetara. Horren jakinaren gainean, batxilergoa ikasten genuen garaiko gure borroka nagusietakoa izan zen ordutegi jarraia aldarrikatzea, arratsaldeak libre izan genitzan. Tabernak goizago ixten hasi ziren gero gure hirietan, goizaldera arte zabalik zeuden lokal bakanak hirigunetik aparte antza jartzearekin batera, auzoen deskantsua aitzakiatzat hartuta. Ordutegiaren diziplinak langileen eta bizilagunen atsedena bermatzen du, baiki, baina aginpidea azpimarratu ere bai, debekua gizarteratzeko modu sotil bezain eraginkorra izateaz gain. Ordutegi bat ezartzea, disimulatutako etxeratze-agindu homeopatikoa ere izan daiteke, autoritas mozorrotu baten egikaritza. Gure bizitza estiloak jasan duen aldaketaren adierazle garbiak dira ordutegiak: gero eta zailagoa da ostatu bat ordu txikietan zabalik topatzea; ordea, badira jada 24 ordutan irekita dauden gimnasioak (ez dut sekula ahaztuko, duela hamabost urte, goizaldeko hiruetan parrandatik erretiratzen nintzela New Yorkeko East Villageko eskaparateetan denon bistara bizikleta estatikoetan jo eta su ziharduten Blade Runner gihartsuen epifania gordina).
Ordutegiak enkarrilatzaileak dira, leku jakin batera ordu jakin batean joatera derrigortzen gaituztelako –administrazioarekin harremanetan, esate baterako, edota aukerak gero eta gehiago murriztu eta estutzen dituzten banketxeetan, bizilagunen komunitateko kuota bat ordaintzerako orduan–. Interesgarria litzateke aztertzea (norbaitek egingo zuen honezkero) zein izan zen XX. mendean zehar Europako hiri ezberdinetako ordutegien bilakaera. Badakigu, adibidez, 1920ko hamarkada zoro eta alaian, afariak, entretenimendua eta orotariko showak eskaintzen zituen Paris erdiguneko Lido ospetsuak gaueko ordubiak arte zabalik izaten zituela bere igerilekuko ateak; eta ez, hain zuzen, olinpiar jokoetarako entrenatzen ari ziren atletengan pentsatuz.
Baina leku gutxitan ikusten da ordutegiek hiri bateko giza-uholdeen maneiurako duten ahalmena garraio publikoetan bezain garbi. Norbere autoa baztertu eta autobus zein trenen aldeko hautua egitera gonbidatzen gaituzte erakundeek etengabe, eta ukaezina den arren gure herrian asko hobetu direla garraiobide publikoak (linea askoren maiztasuna areagotu eta hiri barruko zerbitzu berriak sortuz), hutsuneak handiak dira oraindik. Handiak, eta, erantsiko nuke, baita maleziatsuak ere. Eskandaluzkoa da, kasu, elkarren artean ongi samar komunikatuta dauden Bilbo eta Donostia bezalako bi hiribururen arteko autobus zerbitzu publikoa gaueko hamarretan amaitzea. Autorik ezean, ezin hiri batean afaldu, kontzertu bat entzun edo antzezpen bat ikusi ondoren egun berean etxera bueltatu. Ni naiz ordutegi murritz hori bi hirien arteko senidetzearen kontrako mutilaziotzat hartzen duen bakarra? Kosta egiten zait sinestea. Areago ere ausartuko nintzateke: Bilbo eta Donostia, garraiobide publikoen bidez, gero eta urrunago daude. 90. hamarkadan, autobidea eskasagoa zelarik, ordubetez azpikoa zen autobus bidaiaren batazbesteko iraupena. Ordubete izaten hasi zen gero –ongietorriak Europako normatibak: eragozpenik ez nire aldetik horraino–, ordubete eta bost minutu geroago... Orain ordubete eta hogeita bost minutu dira jada, trafikoa lagun. Duela hogei urterekin alderatuta, beraz, joan-etorria kontutan hartuz, ia ordubete urrunago gaude elkarrengandik, zehazki.
Zergatia? Maquiaveliko samarra izanik, hauxe: AHTak euskal hiriburuak lotzeko uste baino denbora gehiago beharko duela jabetu da norbait, eta autobusaren abiada moteltzea erabaki dute, tren azkarraren onurak nabarmenagoak izan daitezen biharko egunean.
Territorios gehigarrian.