Gutun-hizketak

Maiatzak 10, 2015

Poema bat plaza publiko bat den bitartean –ez da garrantzitsua poetaren sentimendua bera, baizik eta plaza horretara hurbiltzen diren irakurleengan piz dezakeena–, gutun bat aldebiko sentimendu eta gogoetei soilik dagokien eremu pribatu kodifikatua da, printzipioz. Printzipioz diogu, idazle askoren gutun pribatuetan nabarmenegia baita idazten ari zirena inoiz argitaratua izango zen aukeraz kontzientegi direla sarri. Euren obraren parte jotzen zituztela gutunak, alegia, eta horrek areagotu egiten zuela interesante plantak egiteko joera, zeharka publiko zabalari ari zaiola badakienaren maskarada. Zilegi da gutun baten kopia gorde edo hura garbira pasatzea, adibidez? Maiteminduta dago benetan maitasun gutun bat txukunera pasatzeko adinako trenpua duena? Kafkak berak garbira pasatu zuen Aitari gutuna bezala ezaguna den kontu-kitatze luzea, egiaz aitak sekula ez baina milioika literaturzalek irakurriko zutena gero. Pribatutasun zalantzazko hau are nabarmenagoa da gutunak argitaratzea erabakitzen den unean. Norenak dira gutunak, igorlearenak ala hartzailearenak? Pentsa liteke gutun fisikoak hartzailearenak direla, baina horrek ez lioke hari argitaratzeko eskubiderik emango, igorlearen baimenik gabe. Ala bai?

  Muga lauso horrek egiten ditu gutunak interesgarri, egunerokotasunari lotutako kontu  praktiko itxuraz axalekoak, hausnarketa, konfesio eta aholkuekin nahasteak; sentimendua eta pentsamendua, mundu intimoa eta soziala. Gutunek badute erosketen zerrendatik zerbait, baina baita saiakeratik ere. Rilkeren Poeta gazte bati gutunak ospetsua, horren lekuko. Ia beti erantzunaren berantaz desenkusatuz hasten ditu Rilkek gutunak, osasun arazoen berri eman eta gero gai sakonagoetan sartzeko. Hor da Rilkeren Lorategi baten inguruko gutunak bilduma epistolarra ere, hil baino aste batzuk lehenago bidalitako sorta. Azken haietako batean, jasotzen dituen mezu guztiei erantzun ezinaz kexu da Rilke: “irakasle batek, adibidez, nire ipuin bat irakurri die itxuraz bere umeei, eta ondoren gutun bana idatziarazi niretzat. (...) Nekazal eremuko haurrek ahots berezia dute: tarteka erregeek bezala idazten dute, eta tarteka hildakoek euren hilartitzetan bezala. Orain gutun txukun bana idatzi beharko dut hemeretzi ume horientzat”. Korrespondentzia kontu serioa zen garai batean, eta mezuei erantzutea, derrigorra.

  2. Mundu Gerra garaian milioika dolar gastatzen ziren posta zerbitzuetan, tropen morala goian mantentzeko, hitz goxoak, paperezko laztanak eta argazki lurrintsuak ailega zitezen lubakietara. Nola gutxietsi gutunen indarra? Pierre Choderlos de Laclosek maisuki adierazi zituen borroka dialektikoa, sedukzio jokoa, hurkoa menpean hartzea eta xantaia sentimentala Harreman arriskutsuak nobela epistolarrean. Asko aldatu dira, ordea, gauzak geroztik; irakur bestela, Daniel Glattauerren Ipar haizearen kontra, e-mail trukez osatutako nobela arrakastatsua. Gutunak zerbait bazuen, eskuzko kaligrafiak behartutako hausnarketa zen, moteltasunaren bertutea, gutuna igorri ostean asteetan erantzunari itxoin beharrak zekarren pazientzia espekulatiboa. Gaur egungo komunikazio azkarrak baditu, abiaduraz gain, bestelako abantailak –desinhibizioa, kasu–, baina, horren truke, hausnarketa kimatu eta keinu erreflexuak hobesten ditu.

  Robert Louis Stevenson gazteak honela deskribatzen zuen gutun-hizketaren jeneroa: “Proba izugarria da pertsona batentzat gutun bat idaztea. Gerta daiteke gutuna heltzerako zure ideiak aldatu edo idazten diozunarekiko zure sentimenduak hoztea. Imajinatu ez dela bere helburura heltzen, itzuli egiten zaizula gutuna, hilabete beranduago, boomerang bat legez. Bat-batean zeure ahotsa kanpotik, rapsodien artean aditzea bezalaxe da. Bere sentimenduak komunikatzeko irrikatzen egon behar du gero jendeak, har dezan bere gain halako laidoaren arriskua”.

  Zer ez ote luke esango Stevensonek whatsapp eta enparauak ezagutu izan balitu? “E-mailak idazteko aukerak berak konmozio izugarri bat eragin digu. E-mailen bidezko tratua mamuekiko tratu bat da; eta ez bakarrik hartzailearen mamuarekin, norberarenarekin baino. Norena izan zen ideia zoro hori, jendea e-mailen bidez komunika zitekeela! E-mailak idaztea mamuen aurrean biluztea da, eta horixe da mamuek irrikatzen dutena. E-mailetako musuak ez dira beren helmugara iristen, bidean mamuek xurgatu egiten dituztelako. Eta guk etengabe idaztean ematen diegun elikagai jori horri esker ari dira ugaritzen hain manera garratzean mamuak. Garbi dago haiek ez direla gosez hilko, baina gu, bai”. Kafkarenak dira azken hitzok. Gutun zioen lekuan e-mail jarri besterik ez dugu guk egin.

Territorios gehigarrian.